Nafarroako Parlamentuan Maravillas Gaztetxeari buruz emandako eztabaiden inguruan
Hurrengo hitzen bitartez pasaden astelehenean, abenduaren 18an, nafar parlamentuan Nafar Gobernuak eta zenbait alderdi politikok zabaldu zituzten deklarazioen inguruko balorazioa luzatu nahiko genuke:
Maravillas Gaztetxea
2018-ko abenduak 31
Lehenik eta behin, gertakarien errelatoa egiterakoan, Gobernuko zenbait kideen zinismo eta harrokeria salatu nahiko genuke, hauen ibilbidea faltsutuz, hustutze egunean eman ziren egitate gehienak ezeztatuz eta Maravillas Gaztetxearen proiektua karikaturizatuz aritu baitziren.
Rozalejo Markesaren jauregian sartu bezain pronto auzi penal bat ireki zen 5 pertsonen kontra. Hauen eta Nafar Gobernuaren artean bitartekaritza prozesu bat eman zen 2018ko apirila eta maiatza artean adostutako konponbide bat bilatzeko asmoarekin, honela, jaiotzen ari zen proiektua jasan zezaken errepresioaren ondorioz hil ez zedin. Hala ere, Geroa Baik adostutako konponbide bat ezinezkoa izan zela baieztatzen du inongo lotsarik gabe. Ez da izango ba egindako bilera guztietan luzatu ziren proposamen gutxiengatik. Soilik eraikinetik ateratzen baginen eta eragindako ustezko kalteak ordaintzen bagenituen gurekin hitz eginen zutela aitzakitzat jarriz proposamen guzti-guztiak errefusatuak izan ziren. Espazio bat birgaitu eta hau herriaren erabilpenerako atontzea kalteak sortzea izango balitz bezala. Estatuaren errepresio eta biolentziaren mehatxupean akordio bat lortzea posible izango balitz bezala. Konponbidearen bilaketan tematu ginen hala ere, Gobernuak elkarrizketa prozesua itxi zuen arte.
Honekin asetu ez, eta Uxue Barkos eta Maria Solanak abuztuaren 15eko asteazkenean proposatutako bilera bati uko egitea leporatzen zaigu. Arrazoi hau baliatuz saiatu egiten dira bi egun geroago estatuaren indar errepresiboak burutu zuten hustutze bortitza zuritzen. Ez ginen inongo momentuan elkarrizketara itxi, hori izan zen gure borondatea lehen momentutik eta hala helarazi genuen aurreko hilabetetan zehar. Data eta ordu aldaketa bat proposatu zitzaien, ez kapritxoagatik, bilerarako proposatu zen egunean Maravillas Lambertoren omenaldia, gure proiektuari izena ematen dion pertsonaren omenaldia burutzen genuelako baizik. Gutxi balitz Gaztetxeak denbora behar zuen bere posizioa zein izango zen adosteko. Gobernuak abuztuaren 17an bilera ospatzearen proposamenari entzungor egin zion eta egun horretan bertan hustutzea agindu egin zuen. Kointzidentzia bitxia…
Esan bezala abuztuaren 17an Maravillas Gaztetxea indarrez eta bortizki hustu egin zuten, egun, gertaera horiengatik 22 pertsona auziperatuta egonik, posible izanda ere hauei 5 adingabeko gehitzea (osotara 27 errepresaliatu). Gainera, hustutzea ematen ari zen momentuan atxilotze irregular bat eman zen poliziaren partetik. Atxilotutako pertsona ez zuten sikiera komisaldegira eraman eta gaur egun kartzelan sartzeko arriskuan egon daiteke lesioak, atentatua, erresistentzia eta desobedientzia eskatzen baitiote. Gobernuak ordea pasaden abuztuaren 17an eman zen hustutzea lasaia, proportzionala eta baketsua izan zela mantentzen jarraitzen du. Kalean eman ziren kargen zaurituak, ospitaleratutako bi pertsona eta bizitako beldur eta ikara momentuak kontrakoa diote. Honen froga dira zabaldutako hamaika argazki eta bideo eta gure eskuan ditugun mediku parteak. Nafar Gobernuaren bertsioa ez da mantentzen, ez
zen baketsua, ez lasaia, ez ordenatua izan. Kapitalaren instituzioek agindutako eta armen eta bortizkeriaren bitartez inposatutako hustutzea izan zen.
Egoeraren larritasunarengatik ez balitz, barrezka egonen ginateke UPNk Nafar Gobernuaren partetik hustutzearen “txibatazoa” jaso genuela esaten duenean. Gainera gure aurpegian barre egiten dute galdetuz ea ormigoizko bidoi batean loturik lo egitea gogoko dugun. Inori ez zaio errepresioaren zapore garratza dastatzea gustatzen, are gehiago erresistentzia pasiboa burutuz inmobilizaturik egonda, kolpatuak eta irainduak izan gaitezkeela jakinda. Dena den eta abesti ezagun batek dioen moduan, zerbaitengatik negar egitera ikasten denean hau defendatzera ere ikasi egiten da. Hau ez da inoiz Nafar burgesiaren usteldutako bihotzetara iritsiko.
Jakina den moduan Gaztetxearen hustutzea gure buru gainean genuen eraikin bat herriaren eskuetara itzultzeko okupazioa erabili genuen momentutik. Askotan errepikatu genuen bezala erabaki honek espazioaren defentsaren beharra zekarren berarekin. Ez dugu ezer izkutatzen, espazioa berriz ere defendatuko dugu eskura ditugun tresna guztiekin.
Zenbaitetan gure belarrietara iritsi da eraikinetik kanporatuak izandakoan, orduan, auzoaren beharretan errealki eragingo duen espazio bat eraikitzen hasteko aukera egonen zela. Ez al da auzoaren erdigunean pertsona orok parte hartu ahal duen espazio bat eskutan izatea auzoaren beharretan eragitea? Gela ugari dituen eta bertan, burokrazia instituzionalaren menpe egon gabe, hamaika ekimen burutzeko aukera izatea ez al da auzoaren beharretan eragitea? Auzo dinamika guztietan parte hartzea ( Jai Batzorde, Plazara, AZ Ekimena, Bizitzeko Alde Zaharra, …) ez al da auzoaren beharretan eragitea? Ez al dute, diruak eta gutiziak itsututa dituen horiek, auzoan eragitea mozkinak irabaztearekin nahasten?
Ez da amarru guzti hauek jasotzen ditugun lehen aldia. Zalantzarik gabe hauetariko asko gure proiektua infantilizatzera bideratuak daude, Maria Solanak Maravillas Gaztetxeak proiekturik duen galdetzen duenean adibidez. 500 ekimenetik gora burutzea (hitzaldiak, antzerkiak, kontzertuak, umeentzako jarduerak, jardunaldi kulturalak, …) antza denez proiektua ez izatea da. 20 urtez hutsik egon den eraikin gris bat bizitzaz betetzea proiekturik ez izatea da. Eraikinaren birgaitzea eta honekin memoria historikoari egin zaizkion keinuak proiekturik ez izatea da. Langileen arteko elkartasun dinamiken artikulazioak edota gazteriaren autoantolaketaren indartzea proiekturik ez izatea da. Geroa Bairentzat, bere zinegotzi batek tristeki adieraztera eman zuen bezala, hau guztia “Kalimotxoaren iraultza” omen da. Bai, Geroa Baiko jaun-andreok, proiektua dugu eta inoiz baino bizirik dago. (Elikagai bankua, jantoki soziala, Herri Palestra, Ikasgelak, zirku tailerra, zinea, serigrafa, taberna, …). Susmoa dugu, ala ere, proiekturik ez dugula salatzen duzuenean, benetan esan nahi duzuena Maravillas Gaztetxean artikulatzen den proiektua zuen interesen kontrakoa dela. Hala da, Maravillas Gaztetxea murgilduta ikusi nahi gaituzuen salgaien, esplotazioaren eta indibidualismoaren erreinuaren kontrakoa da. Natura birrintzen dituen eta zuek eraikitzen ari zareten makroproiektuen kontrakoa da, zuen planteamendu ekonomikoak oinarritzen diren langile esplotazioaren kontrakoa da, gure auzoa itotzen
ari zareten negozioen inbasioaren kontrakoa da, Unzu makro hostelaren inposaketaren kontrakoa da, …
Ezer ez aldatu nahi dutenen pentsaera meharretan, parlamentuaren eta legeen bitarteko ekintza balio du soilik. Ekimenek legeak gainditzen ez dituzten bitartean ez da inongo arazorik emanen. Baina arazoa legea bera da. Zilegiak ez diren eta bidegabeak diren legeak dira, hauek, borrokatzen ditugun gutxieneko esplotatzaile batzuen etekin eta interesak babesteko pentsatuak baitira. Horregatik, proiektua bermatzeko eta honekin gure auzo eta bertako langileen interesak defendatzeko helburuarekin desobedientziaren bidea hartu zuen Gaztetxeak.
Gaur, inoiz baino ozenago, Maravillas herriarena da, Maravillas Alde Zaharrean bizi da eta Maravillas eutsiko du.