Nafarroako Osasun Zerbitzuak babesik gabe utzi gaitu

Aurreko asteburuan, Nafarroako Osasun Zerbitzuak guardiako mediku gabe utzi zituen Urdazubi eta Zugarramurdiko herritarrak, honek suposatzen duen guztiarekin. Larrialdi kasua izan zezakeen edozein herritar Elizondoko kontsultoriora bideratua izan zen, edota kasu larrienetan, Elizondoko medikuak herri hauetara joateko betebeharra zuen, bertako kontsultorioko larrialdiak artatzeko langilerik gabe utziz.

BAZTANGO ALKATEAK

2021-ko irailak 1

Hau honela izanik, ezin dugu ahaztu ez dela Urdazubi eta Zugarramurdiko herritarren arazoa soilik, Elizondoko kontsultorioari ere bete betean eragiten baitio. Domino fitxen gisara, Urdazubi eta Zugarramurdiko guardiako medikua kentzeak Erratzu, Arizkun, Azpilkueta, Amaiur, Elizondo eta Elbeteko herritarrak ere gutxi gora behera 3-4 orduz mediku gabe uztea dakar. Domino fitxekin jarraituz, herri hauetako batera mediku bat etorri beharko balitz, Oronozko kontsultorioko medikua mugitu beharko litzateke, Gartzain, Lekaroz, Irurita, Ziga, Aniz, Berroeta, Almandoz, Arraioz eta Oronozko herritarrak ere 3-4 orduz medikurik gabe utziz.

Domino joko honen lehen fitxa mugitzeak, Urdazubi eta Zugarramurdiko medikua kentzeak, 17 herrietan biltzen garen 8.000 biztanle baino gehiagoren osasuna jokoan jartzea dakar. Medikuen jubilazio eta bajak ordezkatzen ez diren momentutik, gure herritarren biziak jokoan daude eta horren erantzulea Nafarroako Gobernua da.

Gure herri eta bailarako alkateok, herritarron osasuna, bizitza eta eskubideak defendatzen ditugunez, Nafarroako Osasun Zerbitzuari falta diren medikuak lehen unetik ordezkatzea eskatzen diogu.
Herritarrik ez, mediku zerbitzurik gabe!

Sinatzaileak:
Almandozko alkatea (Pello Sarratea Sanzberro) – Amaiurko alkatea (Isabel Aleman Irungarai) – Anizko alkatea (Kristina Fernandez Perez) – Arizkungo alkatea (Imanol Etxeberria Antxorena) – Arraiozko alkatea (Jose Luis Retegi Iturbide) – Azpilkuetako alkatea (Aitor Iturralde Elizalde) – Baztan udaleko alkatea (Joseba Otondo Bikondoa) – Berroetako alkatea (Carlos Garaikoetxea Elso) – Elbeteko alkatea (Imanol Juanicotena Taberna) – Elizondoko alkatea (Aitor Bazterrika Zelaieta) – Erratzuko alkatea (Kaiet Itoitz Ibarra) – Gartzaingo alkatea (Fernando Arraztoa Larregui) – Iruritako alkatea (Pello Mirena Iriarte Zelaieta) – Lekarozko alkatea (Ernesto Prat Urzainki) – Oronozko alkatea (Jorge Oteiza Ugarte) – Zigako alkatea (Jose Antonio Echeverria Osacar)

Gehiago