Nafarroako banku publikoaren alde

ATTAC Nafarroa

2017-ko urriak 30

Espainiako Konstituzioaren 128. artikuluak honako hau dio: 

1. Herriaren aberastasun guztia, horren formak eta titulartasuna
edozein motatakoak izanik, interes orokorraren menpe dago. 

2. Jarduera ekonomikoan, ekimen publikoa aitortzen da. Legearen
bitartez sektore publikoari oinarrizko baliabide edo zerbitzuak
erreserba dakizkioke, batez ere, monopolio-kasuetan; era berean,
enpresen gaineko esku-hartzea erabaki daiteke, interes orokorraren
arabera hori beharrezkoa denean.

Espainiako Konstituzioaren artikulu horretan oinarriturik, eta azken
urteetako egoera ekonomikoa eta finantzarioa kontuan harturik (bankuen
sektore pribatua diru publikoarekin erreskatatzea 40.000 milioi euro
kosta zaie herritarrei, eta ez dute zenbateko hori berreskuratuko) ATTAC –
Nafarroak adierazpen hau ateratzen du jendaurrera: 

MANIFESTUA 

1- Espainiako Konstituzioak ekimen publikoa aitortzen du oinarrizko
zerbitzuak emateko. 

2- Zalantzarik gabe, finantza zerbitzuak oinarrizko zerbitzuak dira
ekonomia ongi ibil dadin eta estatu garatuen bizitza soziala
garatzeko. 

3- Finantza erakunde pribatuek ederki erakutsi dute ez direla gai
bermatzeko ez haien eraginkortasun ekonomikoa, ez utzi zaizkien
aurrezkien segurtasuna. Bestalde, maiz ikusi ditugu erakunde horien
kudeaketa txarra eta, bereziki, jardunbide desegokiak, gehiegikeriak
ugalduz herritarren eta finantza zerbitzuen erabiltzaileen eskubideei
buruz. 

4- Finantza erakunde pribatuek, akziodunentzat errentabilitate
handiena lehenesten baitute, baztertzen dute jende asko eta askori

oinarrizko zerbitzuak ematea (bereziki, kredituak eta/edo
ordaintzeko tresnak ukatuz). 

5- Nafarroako Foru Komunitatean, bost finantza erakunde pribatuk
biltzen dute bankuen negozioaren % 89. Beraz, garbi dago
oligopoliorako joera; gainera, batek bakarrak ditu Nafarroan
erabakiguneak eta egoitza (ondorio fiskaletarako). 

6- Nafarroako Kutxa Banku Fundazioak, Foru Komunitatearen
patronatukoa baita, 200 milioi dauzka akzioetan entitate pribatu
batean (Caixabank SA). 

7- Horregatik, ATTAC NAFARROAk ESKATZEN DIO Nafarroako
Gobernuari, sor dezala Nafarroako Banku Publikoa, ondoko
ezaugarriak izanen dituena: 

  • a. Zerbitzu publikoa emateko beharkizuna eta irabazi-asmorik
    eza. 
  • b. Kontu korronte bat eta ordaintzeko tresnak izateko bermea,
    horrelakorik eskatzen duen Nafarroako herritar guztientzat. 
  • c. Aurreztaile eta inbertsiogileen gordailuei kaudimen berme
    handiagoa erantsiko diena, banku pribatuek azken urteetan
    izan dutena baino. 
  • d. Gizarte aurreratu baten funtsezko eragiketei bide emanen
    diena: helbideratzeak, zordunketa-txartelak eta kutxazainen
    zerbitzuetarako sarbidea. Hori dena merke edo doan. 
  • e. Nafarroako erakunde publikoen operatiba kudeatzeko
    erreferentziazko finantza erakundea izanen dena (diru-bilketa,
    arlo publikoko langileen soldaten ordainketa, eremu
    publikoaren gordailuak eta finantzaketa, eta abar). 
  • f. Kudeaketa demokratikoa, gardena eta etikoa izan dezala. 
  • g. Irabaziak jarduera sozialetan sartzea edo haren kapitalizazioan
    eta kaudimena segurtatzean. 
  • h. Errentabilitate ekonomikoa baino, jardueren errentabilitate
    soziala bilatzea. Horrek ez du esan nahi banku honek banku
    pribatuek baztertzen dituzten proiektuak nahitaez onartu
    behar dituenik, ezta galerak aurreikusten diren finantzazio
    proiektuak onetsi behar dituenik ere. 
  • i. Administrazio publikoen finantzaketa erraztea, arlo
    pribatuarenak baino baldintza hobeetan, pribatuak
    akziodunen errentabilitatea baitu xede. 
  • j. Bertako langileen duintasuna bermatuko duen soldaten
    gaineko politika bat izatea, bai goi mailakoak, bai behe
    mailakoak eta, bereziki, bien arteko ratio egokia ezartzea. 
  • k. Foru Parlamentuak proposaturik, Nafarroako Gobernuak
    izendatutako administrazio kontseilu bat izatea. Finantza
    arloan izen ona eta jardun profesional luzea duten bederatzi
    pertsonak izan beharko dute. 
  • l. Gaitasun, merezimendu eta berdintasun printzipioetan
    oinarritutako kontrazio politika bat ezartzea, soldata duinekin,
    lehiakorrak baina muga bat dutenak. 
  • m. Beste banku publiko batzuekin lankidetza hitzarmenak
    sinatzea, bezeroei beste erkidego eta herrialdeetan zerbitzuak
    emateko, eta tamainarekin lotutako sinergiak egoki
    erabiltzeko, hala nola bulego sarea, informatikako sistemak,
    eta abar. 
  • n. Banku elektronikoaren tresna guztiak erabiltzea kostuak
    optimizatzeko, baita banku pribatu ohikoek izan ohi dituzten
    antolamenduaren eta eraikinen egitura astunei eusteko
    behartua ez egoteko ere.

    8- Nafarroako Banku Publikoa eratzeko kapital ekarpena Caixabankeko
    azkioak berreskuratzetik etor daiteke, eta Nafarroako
    aurrekontuetatik urtero ekarpenak eginez. 

9- Nafarroako Banku Publikoa izateak erraztu behar du herritarrek
berenganatzea finantza jardunbide egokiak eta, bide horri jarraikiz,
Nafarroan diharduten finantza erakunde pribatuei ere berdin
jokatzeko eskatzea.

Gehiago