Mansplaining

Orain dela aste batzuk sorginaren irudiaren inguruko hitzaldi bat eman nuen, emakume idealaren eredutik aldentzeagatik jazarritako zigor eta marginazioari buruz. Hitzaldi amaieran gizon batek hartu zuen hitza. Beti horrela izaten da, nahiz eta gizonezkoak publikoan gutxiengoa izan, ia beti hitza hartzen duen lehenengoa gizona da.

Amaia Nausia Pimoulier

2016-ko abuztuak 17

Orduan, oso doinu jator batekin, niretzat nahiko paternalista egia esateko, azaldu zidan oso oker nengoela. Berak behin bere herriko sorgin baten kontrako auzi bat irakurri zuelako eta nik esaten nuena ez zelako 100%ean betetzen. Mansplaining bat markatu zen momento horretan. Ingelesetik hartutako neologismo bat da: man (‘gizona’) eta explain (‘azaldu’). Honela definitu daiteke: “zerbait norbaiti azaldu, normalean gizonak emakumeari, besteak ezer ez baleki bezala edota azalpena entzuten duenak azalpenak ematen duenak baino gehiago dakiela kontutan hartu gabe”.

Nik azaldu nahi izan nion kasu bakar batek ezin duela orokortasuna azaldu eta fenómeno bat ulertzeko auzi guztiak aztertu behar ditugula eta orduan ondorioztatu. Hau da, historialari batek egiten duen lana. Ez nion azaldu, Historian doktorea naizela eta gaian aditua. Adin erdiko gizona banintz ziur nago horrelako azalpenak ez nituela eman beharko, nire hitzek legitimitatea izanen luketelako.
Ba hauxe bera sentitzen dut hauteskunde kanpaina honetan hautagaiek, gizonezkoak ia 100%ean, berdintasunari buruz hitz egiten dutenean.

Egia esateko ez dut hau askotan sentitzen, horrek esan nahiko lukeelako berdintasunaren gaiak kanpainan protagonismoa duela. Minutu bat eta berrogeita hamar segundu hain zuzen ere aste honetako Espainiako lau alderdi nagusien eztabaidan, besterik gabe. Abantaila bakar bat ikusten diot honi, mansplaining gutxi jasan behar ditugula.

Gehiago