Lege berria, poztu gaitezen

Euskaldunok naturalizatu egin dugu hizkuntza zapalkuntza egoera, baina hori ez da naturala. Hainbesterako da barneratzea, ezen poztu egiten baikara gure etxean euskaraz egiten digutenean ere, arrunta behar lukeenean.

Zigor Etxeburua Urbizu

2017-ko urriak 20

Pozten gara, kide bat topatzen dugulako parean,
baina batez ere, aitortuak sentitzen garelako pozten gara. Lehena, gutxiengo izaera duen
komunitatearen ezaugarria litzateke, ordea, bigarrena, gutxiagotutako jendartearena. 

Nafarroan bi ezaugarrietatik gogorrena gutxiagotzearena da. Ez diogu onartzen PSNko Chiviteri
esatea euskaldunok gutxiago merezi dugula, gutxiago garelako. PSNk ez die ukatzen
mendekotasunen bat duten pertsonei artatuak izateko eskubidea, proportzioan gehiengoa ez
izan arren. Funtsean, PSNk ez digu aitortzen euskaldunoi pertsona izaera ere, supremazismoa
erakutsiz. 

Baina PSNk hori esateko heldulekua du, euskaldunonganako bereizkeria inposatzen duen
Euskararen Legea indarrean baita, oraindik. Gobernuak dio Lege horrekin ere berma
daitezkeela euskaldunon hizkuntza eskubideak. Gezurra dio, eta badaki. Legearen garapen
diren dekretuek baimena dute aukera bakartzat, ez bermea edo betekizuna. Gaztelaniaz
bizitzeko eskubidea osoa da, Nafarroa osoan. Euskaraz bizitzeko eskubidea, izatekotan,
partziala da, herritarrak ez baitu euskaraz artatua izateko ziurtasunik. Egoera hori eskubideen
bermetzat har daiteke?

Euskaldunok izan nahi dugu betebeharrez adina eskubidez gaitutako subjektuak, pertsona
adinez nagusiak. Legezko bereizkeria bertan behera uzteko ardura dute “aldaketaren”
indarrek. Ez dute balio oposizio zireneko argudioek, agintean daude. Nafar guztientzat duina
izango den euskararen Lege berria egiteak Errejimenaren aldekoen artean izan dezakeen
eraginari erreparatzen diote, eta ez jendartean eragingo duen uhin positiboari. Euskararen
Lege berri duina onartuz, berdintasun aitortza jasoko dugu euskaldunok, eta horrek izugarri
poztuko gaitu. Irudika ezazue une hori… baietz?

Gehiago