Kattalingorri, LGTB jendeari laguntzeko zerbitzua. Gabeziatik baliabideak izatera.

Kattalingorri izan da, azken 15 urteetan, Nafarroako LGTBIQ taldeen (Lesbiana, Gay, Transexual, Bisexual, Intersexual eta Queer) bilgune eta pausaleku oparoa. Aldapa kaleko egoitzako zerbitzuak erabili ditugu LGTBIQ taldeok; bide-erakusle izan dugu gure eskubideen aldeko borrokan eta erasoen salaketan; topaleku aske, autonomo eta suspertzaile sexu orientazioagatik eta genero identitateagatik baztertutako guztiontzat.

Junta de Kattalingorri. Servicio de atención LGTB.

2016-ko otsailak 15

Ezinean zebilen Kattalingorri aspaldian, akiturik. Beraz, zuzendaritza batzordeak ixtea erabaki du, administrazio publikoek ez baitute LGTBIQ politikarik inola ere babestu, ezago diru-laguntzarik eman. Bestalde, neke da egoitzari eustea. Halaxe etorri da Aldapa kaleko egoitza itxi behar izatea.

Boluntario, ekintzaile eta bazkideon lanari esker iraun du zutik proiektuak 15 urtean. Eta antolatutako jardueretan parte hartu dutenei esker. Kattalingorri gidari genuen LGTBIQ borrokan Nafarroan; ehunka pertsona hartu, lagundu eta ahalduntzeaz gain, elkartzeko, bestarako, borrokarako toki izan da kolektibo beti gutxietsi eta arbuiatuarentzat. Azken urteetan zer edo zer aurreratu arren, erdeinua, bazterketa eta bereizkeria indarrean daude LGTBIQ jendearentzat.

Zain eta muin penatzen gaitu topalekua galtzeak. Horma hauen artean gozatu ditugu jarduera, ilusio, borroka, bakarkako arreta, pankarta, besta, gogoeta eta bizipen asko eta asko, eta nahi genuke denon indarrak biltzea guneak bere horretan iraun dezan.

2015. urtean, Kattalingorri eta E-28-J Plataforma elkartu dira alderdi politikoekin, administrazio publikoek politikak, zerbitzuak eta lan lerroak antola ditzaten haien barnean.

Hauteskundeen eta sortutako aldaketen ondorioz, baikor izatera bultzatzen gaituzte ditugun harremanek Nafarroako Gobernuko Berditasun Institutuarekin eta Iruñeko Udaleko Herritarren Parte Hartzea, Berdintasuna eta Ahalduntze Sozialeko Zinegotzigoarekin. Lehen aldiz Komunitate honetan, badirudi LGTBIQ jendeari laguntzeko bulego bat izanen dugula, langilez eta baliabide materialez hornitua. Espero dugu horretan ematea gure Komunitateak behar dituen zerbitzuak.

Nahi dugu jendeak jakin dezan hau guztia, Kattalingorriko egoitza itxi dela, eta nolatan dagoen LGTBIQ mugimendua.

Eta aditzera ematen du, behin betiko egoitza izan arte, San Gregorio kaleko 28an, behean, elkartuko garela, Iruñeko Udalaren Elkarteen gunean. Asteazkenetan egiten ditugu bilerak, 19:00-21:00 ordutegian. Telefonoa: 948 22 91 49.

Espero dugu urteetan egindako lanak, gizartearen gehiengoaren babesak eta gobernu talde berrien onginahiak bulego bat sorraraztea, bikain hornitua, gizarteak bai baitu zor handia LGTBIQ taldeekin oraindik ere.

Gehiago