Kartzelak eta salbuespen egoera

Idazki hau sinatzen dugunok espainiar eta frantziar kartzeletan preso dauden hainbat euskal militante politikoren senideak gara. Kartzeletako errealitatea beti gordina den arren, Covid- 19aren pandemiaren zein harrezkero ezarritako salbuespen egoeraren ondorioz eratorritako egoerak are eta gogorragoa bihurtzen du dena.

Hainbat preso politikoren senideak

2020-ko maiatzak 4

Itxurakeriaren garaiotan, garrantzi handia hartzen du begi bistan dagoen guztia behar bezala
apaintzeak. Antzerkiak jarrai dezan ezinbestekoa da. Horregatik txaloak balkoietan, eta
horregatik batasun desklasatu faltsu baten sustapena, itxuraz aseptikoa, baina edukian
ezberdintasun sozialak agerian uzten dituen ebidentzia eta ardura politiko oro diluitzea bilatzen
duena. 

Hain zuzen ere, kartzela da ezberdintasun sozial, ekonomiko eta politikoak hobekien islatzen
dituen lekua. Kartzela, sistemaren zaborrontzi gisa sortu zuten eta, egun, funtzio berbera
betetzen jarraitzen du. Preso gehienak pobreak dira edota eritasun mentalak pairatzen dituzte,
edo gure senideen kasuan bezala, injustizien aurka eta askatasun sozio-politiko eta nazionalen
alde matxinatutako militante politikoak dira. 

Harresien beste aldean ez dira formak gorde behar, barruan gertatzen dena ez dagoelako antzoki
honetako publikoaren kontsumorako produzituta. Agertokiaren atzealdean gertatzen denak ez
du zirku elektorala baldintzatzen. Baina gu ez gaude gure senideak zabor moduan trata ditzaten
onartzeko prest. Hasteko, kartzeletan osasun-irizpideak zigor-irizpideen aurretik jartzea
exijitzen dugu. Eta honekin batera preso erien, adinduen, prebentiboen eta 3/4ak beteta
dituztenen berehalako askatasuna exijitzen dugu. 

Bestetik, 16 senide erail dituen sakabanaketa politikak presoen isolamenduan sakontzea dakar.
30 urte daramatza euskal langileriak dispertsioaren aurkako borrokan, eta 30 urte daramatzate
Frantziako eta Espainiako Estatuek aldarrikapen honi muzin eginez. Azken hamarkadetan egin
dugun bezala, oraingoan ere helduko diogu “Euskal Presoak Euskal Herrira” leloari
sakabanaketaren amaiera exijitzeko. 

Eta hau gauzatzen den bitartean, bihar bertan presoen isolamendua arintzeko har daitezkeen
beste neurri batzuk daude. Horregatik kartzeletan bisitak egin ahal izateko baldintzak jartzea eta
kartzeletaraino lekualdatzeko oztopo gehiagorik ez jartzea exijitzen dugu, Euskal Herria zatitzen
duen muga artifiziala zeharkatzea tokatzen zaigunean ere bai. Neurri hauek guztiak, berehala
hartu daitezkeenak, lehentasunezko tarteko urratsak dira, “ezinbestekoak”, eta guretzat eta gure
senideentzat “esentzialak”. 

Edonola ere, neurri hauek gauzatu eta gero, askatasun nazionala, soziala eta politikoa
barnebiltzen dituen amnistiaren aldeko borrokan jarraituko dugu, horixe baita kartzelak
militante politikoz berriro ez betetzeko berme bakarra.

Gehiago