Jardunaldi jarraia-etena

Egunak daramatzagu eskolaldi jarraiaren aurkako ahotsak entzunez, eta, zinez, gure jomuga zein izan beharko lukeen ahaztu zaigulako amorraturik gaude. Min ematen digute interes jakin batzuengatik goiz eta arratsaldeko jardunaldiaren alde etorri zaizkigun albiste eta lerroburuek.

Hainbat gurasoak

2021-ko ekainak 30

Besterik eskatu beharrean, gure txikiek pandemia aurreko eskola jardunaldia berreskuratzea garrantzitsuena dela ahotan darabiltenen kezka nagusia hori dela pentsatzen duenik ere badela konturatuta.

Urte gogorra bizi izan dugu aurten eta, zinez, badakigu ez dela erraza izan ikasturtea kudeatzea. Baina askok uste dutenaren aurka, inoiz baino ikasturte samurragoa iruditu zaigunik ere bagara. Eskolaldi jarraiak, eskola eta familia bizitza uztartzea erraztu baitigu, eta, ikasturte batez, gutxienez, askoz lasaiago bizi izan baikara.

Oraingo derrigorrezko jardunaldia dela eta, hautsak harrotzen dabiltzanei, orain artean ezagutu dugun eskola ordutegi etenak gure bizitzak askoz gehiago baldintzatu izan dizkigula esan nahi genieke. Haurrak eskolan, gure lanorduen pare edo gehiago betetzera derrigortzen baititugu.

Ez gara ari gauzak ongi egin direla esaten, baizik eta derrigortasun hori aipatzen dutenei, aurreko jardunaldiak eskolaren esklabo bihurtzen gaituela oroitarazi nahi genieke, eta hori ere derrigorrez ezartzen zaigula. Guztiok hala nahi izan gabe.

Jardunaldi etena orain artean ezagutzen dugun eskolaratzeko modu bakarra izan delako soilik berrezarri nahi izan da. Eskola emaitzei zein geletako giroari hobekien egokitzen zaion modua zein den kontuan hartu gabe.

Gure iparra non jarri beharko genukeen mahai gainean jarri nahiko genuke, ordutegi bat edo beste eskatu beharrean, gure eskola bizitza samurtuko duten erabakiei leku egite aldera: eskola eta lana uztartzeko kontziliazio neurriak eskaintzea, familiei bakoitzaren behar eta egoeren arabera eskola ordutegiak erabakitzeko erraztasunak jartzea, eskolaz kanpoko jarduerak egin ahal izatea (bai eskolatik dohainik eskaintzen direnak baita Guraso Elkarteek eskaintzen dituztenak ere), ratioen jaitsiera betiko bermatzea, Hezkuntzatik beharrezkoak diren giza baliabideak bermatzea, irteerak egin ahal izateko irizpideak bateratzea eta eskolaz kanpoko espazioen erabilpenari eustea, hezkuntza emozionala zaintzea… beharrezkoa iruditzen zaigu.

Hitz batean, osasun egoera edozein izanda ere, ikasleen baitan antolatuko den kalitatezko hezkuntza sistema baten alde egin nahi dugu.

Nafarroan, gainera, ikasturte hasieran aukera polit bat suertatu zen familia, sindikatu eta eskolekin elkarlanean Hezkuntzako protokoloan jasotako neurriak arintzeko edo malgutzeko foro bat sortuz; baina bide motza izan zuen. Pena. Bide polita izan zitekeen, eta izan daiteke.

Oraindik garaiz gaudela uste dugu, eta, gauzak hobeki egite aldera, Hezkuntza Komunitatea osatzen dugunoi, inork gure izenean hitz egin beharrean, zein iritzi dugun galdetu beharko liguketela deritzogu. Eztabaidaren erdigunean, norberaren interesez gain, haurren etorkizun samurrago bati nola helduko diogun erdigunean jarrita. Interes guztien gainetik, benetako protagonistak (haurrak) nortzuk diren ahaztu gabe.

Izan gaitezen zintzoak. Egin dezagun bidea!

Sinatzaileak: Mikel Ripodas Hermoso de Mendoza ,Nerea Etxegarai Garaikoetxea, Ion Zeberio Morrás, Oihana Garmendia Peña, Amaia Hualde Unanua, Laura Goikoetxea Calvo, Pablo García González, Patricia Remiro Virto, Ilargi González Ochoa, Elixabete Ansa Otermin.

Gehiago