Immigrazioaren auzia, Mendebaldetik ikusita
Iñaki Orradre Muñoz
Jardun koodinadorako kidea
2025-ko apirilak 10
Bada gai bat azken hilabeteetan Euskal Herriko testuinguru politikoan bolo-bolo dabilena. Kontu koiunturala izatetik haratago, badirudi luze joko duen eztabaida pizten ari dela, eta horren aurrean, hainbat argipen egitea komeni da. Antolakunde politikook zintzotasun eta erantzukizun osoz heldu beharreko afera dugu immigrazioarena. Zentzu horretan, tamainako erronka baten aurrean militante politikooi sortzen zaizkigun eginbeharrak zehazten laguntzeko helburua dute lerro hauek.
Immigrazioaren afera testuinguruan kokatzeko, ekoizpen modu kapitalistaren bilakaerari begiratu behar zaio halabeharrez. Ezin da immigrazioaz hitz egin, immigrazioa sortzen duen munduaren banaketa inperialistaz mintzatu gabe. Gure bizi-baldintzak, zentro inperialistako langile gisa, herri periferikoen gainesplotazioan oinarritzen dira. Mendebaldeko herrialdeen garapena Hegoalde Globalaren azpigarapenaren kontura lortu da. Garapen desorekatu horrek zentro eta periferia inperialistako langileen bizi-baldintzen polarizazioa eragin du. Gauzak horrela, periferian miseria existentzial bat sortu da, neurri handi batean zentro inperialistako herrialdeetara migratzera bultzarazten dituena.
Horren aurrean, afera honi heltzeko hainbat planteamendu garatzen ari dira Euskal Herri mailan, posizio politiko ezberdinetatik abiatzen direnak eta, hortaz, irtenbide politiko kontrajarriak mahaigaineratzen dituztenak. Gizarteko sektore eta tendentzia politiko oso ezberdinetatik, sarritan, auzia “immigrazioak sortzen dituen arazoetan” kokatzen da. Baina zentro inperialistatik ez da batere zintzoa afera horrela planteatzea.
Lehenik eta behin, arrazoi etiko batengatik. Hainbatetan aipatzen diren arazo horiek (biolentzia, delinkuentzia, etab.), esajeratuak izateaz gain, ez ditu immigrazioak sortzen, bizi-baldintza miserable batzuek baizik, eta, hortaz, jatorriaz gaindi, etorkinek zein bertakoek burutu ditzakete. Gainera, hipokritena da gu, Mendebaldeko langileok, munduaren banaketa inperialistari esker langile etorkinek beren jatorrizko herrialdeetan pairatzen dituzten baldintza horietatik, zeharka bada ere, etekina ateratzen dugula, asumitu nahi ala ez. Orain arte ezikusiarena egin dugun arren, miseria hori eta bertatik eratorritako gatazka sozialak baziren eta badira egunerokoan periferian. Hemen, ordea, miseria horren zati txiki bat ikustean asaldatzen gara. Izan ere, orain arte ez zen gure arazoa, antza.
Bigarrenik, arrazoi politiko batengatik. Immigrazioak sortzen dituen arazoez hitz egiteak arazoa migratzaileengan kokatzea eragiten du, klase zapaltzailea periferiako herrien miseriaren eta, beraz, migrazio prozesuen eta langile-klase osoaren bizi-baldintzen kaskartzearen erantzule gisa kokatu beharrean. Immigrazioak sortzen dituen arazoei buruz hitz egitea biolentzia gure begi bistatik kentzen eta ezkutatzen saiatzeko ahalegin makurra izan daiteke. Izan ere, jakina da, ikusiko ez genukeen arren, biolentzia horrek periferian existitzen jarraituko lukeela. Hau da, ez dio aferaren erroari heltzen eta, horrenbestez, jarrera erreakzionarioak bultza ditzake. Immigrazioa “gure bakearen eta ongizatearen” aurkako eraso gisa planteatzea eragin dezake. Baina bake eta ongizate hori, ezerezetik sortzetik urrun, kapitalismoaren bilakaera historikotik abiatzen da, eta, nahitaez, txanponaren beste aldean sortzen den miseriari esker eraikia da, nahiz eta sarritan beste aldera begiratzen tematzen garen.
Bestalde, bada deriba larri bat, itxuraz postura abertzaleetatik planteatuta, zinez txobinista eta erreakzionarioa dena. Balizko posizio abertzaleetatik, etorkinak jotzen dira Euskal Herriaren asimilazio nazionalean sakontzearen erruduntzat eta, horrela, estatuen gainegiturazko aparatuen indartzea aldarrikatzen da migrazio-legeak gogortzeko proposamenekin, mugen blindajearekin eta abarrekin. Hala ere, Euskal Herrian bizitzeko euskara beharrezkoa ez den bitartean, espainola eta frantsesa derrigor ezagutu behar izatea ez da etorkinen errua. Langileon kontzientzia nazionalak beherakada itzela jasan izana ez da etorkinen errua. Euskararen eta kontzientzia nazionalaren galeraren erantzukizuna etorkinei leporatzea etsaiaz nahastea da. Euskal Herriaren asimilazio nazionalaren, euskararen kontrako zapalkuntzaren eta honek bizi duen diglosia-egoeraren errudun bakarrak espainiar eta frantziar estatuak dira, euskal burgesiaren kolaborazio eta konplizitatearekin. Estatu zapaltzaileek migrazio prozesuak beren estrategiaren mesedetan bultzatu nahi izateak ezin gaitu, inondik inora, etorkinak ezeren erantzuletzat jotzera eraman. Joera honekin, azken finean, borroka iraultzailea berpizteko potentzialtasuna duen langileriaren zati bat seinalatu eta benetako etsaiaren botere mekanismoak indartzen dira.
Horrez gain, planteatu beharra dago zer nolako gailentasun moral eta zintzotasun internazionalistarekin esango diogun pertsona migratzaile bati bere etorrera eragozteko oztopo gehiago sortzea defendatzen ari garela, gure burgesia denean migratzera behartu duen miseria sortu duena. Hori egitea etorkina guztiz salduta uztea da, erantzukizunik ez duenari ondorioak pairaraztea. Hau internazionalismo proletarioaren antipodetan kokatzea litzateke. Migratzeko prozesua ihes egitera bultzatzen dituzten miseria baldintzak sortu ondoren gertatzen da. Beraz, egoera horretan, ez da migratzailea gelditu behar, gerra inperialista baizik. Horrek ez digu inolako kontraesanik sortu behar, nahiz eta jakin kapitalak migratzaileak inportatzeko interesak izan badituela. Azken finean, periferiako herrialdeetan triskantza eraginda dagoenean, ezin dugu beste alde batera begiratu. Gainera, ez dagokigu langile klaseari estatu kapitalista eta zapaltzaileak kudeatzea, are gutxiago hauek indartzea, aurkakoa baizik.
Era berean, beste muturrean, postura progresistetatik abiatzen diren planteamendu idealistak kokatzen dira. Hauetan immigrazioa normalizatzen da, ausazko zerbait izango balitz bezala. Hori dela eta, fenomeno honen kausei heldu ordez, soilik ondorioei erreparatzen zaie. Hegoalde Globaleko herrialdeen kontrako eraso inperialisten aurrean isilik gelditzen dira, edo kasu okerrenetan, inperialismoaren propaganda birproduzitzen dute. Horrela, immigrazio prozesuak idealizatzen dituzte, beren jatorriaz hitz egin gabe. Dena den, migrazio prozesuak ez dira naturalak, etorkinek ez baitute beren sorterria ausaz eta oro har gogo onez uzten. Prozesu hauen atzean dagoen egiturazko biolentzia inperialista guztia ezkutatzen dute, eta ez dute egoera iraultzeko inolako planteamendurik mahaigaineratzen. Azalean geratuta eta bakarrik ondorioei erreparatzean, egoera betikotzea sustatzen dute zeharka.
Horren aurrean, kontrara, auziaren kausara jo eta migratzaileek eta, beraz, langile-klase osoak pairatzen dituen arazoez mintzatu behar gara. Kapitalak munduko zentro-periferia banaketa inperialista mantentzeko duen interesaz mintzatu behar gara, eskulan etorkina lortzen jarraitzea bermatzen diona. Migrazioak eta mugak periferiako herrialdeetako eskulana diziplinatu, biolentatu eta debaluatzeko betetzen duten funtzioaz mintzatu behar gara. Langile migratzaileak langile klase osoaren soldatak merketzeko presio mekanismo gisa erabiliak direla salatu beharra dago, klase barneko arrakalak sortzeko helburuarekin. Hau da, klase etsaia da seinalatu behar dena, ez kidea.
Zentzu horretan, eta Mendebaldeko langile gisa, argi izan behar dugu bertako eta langile migratzaileen batasuna lortzeko gainditu beharreko oztoporik handiena munduaren banaketa inperialistak sortzen duen zatiketa dela, zentro eta periferiako langileak posizio kualitatibo desberdinetan mantentzen dituena.
Hortaz, immigrazioaren afera soilik Mendebaldeko herrialdeei nola eragiten digun aztertu beharrean, langile klase osoari nola eragiten dion aztertu behar dugu, batez ere periferiako herriei eta langile etorkinei, horiek baitira gehien pairatzen dutenak. Zentra gaitezen klase menderatzaileak langileen artean zatiketak sortzeko abian jartzen dituen mekanismoei aurre egiten.
Mundua koordenada multipolarretara aldatzen ari da, eta, horrekin batera, Mendebaldeko herrialdeen metaketarako oinarri materiala murrizten ari da. Hori zentro inperialistako zenbait klase-estraturen bizimoduaren berehalako okertzea ekartzen ari da, eta, halaber, joera erreakzionarioen gorakada gero eta nabarmenagoa da. Beraz militante politikoon erantzukizunak erabatekoa izan behar du afera honetan. Planteamendu kriminalizatzaile, idealista eta erreakzionarioek parez pare izan behar gaituzte. Mendebaldea banaketa inperialistaren erantzule eta onuradun den bitartean, immigrazioa sorrarazten duten kausak dira seinalatu beharrekoak.
Horren guztiaren aurrean, gure eginbeharrak zehaztea ezinbestekoa da. Epe laburrean, alde batetik, plano ideologikoan gure postura findu eta garatuz, erreakzioa elika dezaketen marko diskurtsiboak erosi gabe. Bestalde, arrazakeriaren aurkako borroka indartuz, ideologizazioaren zein masa lanketen bidez eta areagotzen ari diren joera erreakzionarioak konfrontatuz. Betiere epe luzera argi izanda, zentro inperialistako herrietatik immigrazioaren auziari egin diezaiokegun ekarpenik handiena gure herrialdeetako klase menderatzailearen eta honek sustatutako gerra inperialisten aurka borrokatzen jarraitzea dela, periferiako herriekiko dugun betebehar historiko gisa.
Klase zapaltzaileak zatiturik nahi gaitu, batasunetik erantzun diezaiogun!