Ile de Re espetxetik KALERA KALERA!
Agur bero bat Usurbilen biltzen ari zareten lagun guztioi, doakizue besarkada beroena St. Martin de Re espetxe honetan gauden euskal preso politikoen partetik. Biba zuek!
Jakes Esnal, Zigor Merodio, Ander Mujika, Fermin Martinez de Bergara, Jon Rubenach eta Aletxu Zobaran
2017-ko urtarrilak 4
KALERA, KALERA dinamika honen bidez eman diguzuen aukera hau profitatu nahi genuke, lehenik eta behin, zuei, urte askotan zehar kartzeletako patioetan gurekin egon zareten lagun eta kide “ohiei”, gure agurrik sentikorrena helarazteko. Ez dakizue ze ondo ikusten zaituztegun, kalean eta borrokan!! Zuetaz harro gaudela esatea ez duzue maite izango, badakigu, baina esan beharrean gaude. Eta bide batez eskerrak eman nahi dizkizuegu. Ez soilik gure askatasunaren alde euskal jendarteari KALERA ateratzeko deia egiteagatik, baizik eta azken urte hauetan egin duzuen lan bikainagatik.
Egia da, azken urteetan “presoen gaiak” kokapen zaila izan du. Ezker Abertzalea norabide zehatzik gabe ibili izan da eta urte zailak bizi izan ditugu, bai kalean eta baita kartzeletan ere. Ez dugu etsi ordea eta zutitzeko beste ariketa bate egin ahal dugu, gure mugimenduaren historian enegarrena. Eztabaidari ekin eta abian jarri dugu Ezker Abertzalean. Iheslari eta presoen egoerari dagokionez, preso ohien ekarpena oso garrantzitsua izan da, eta izango da aurrerantzean ere.
Euskal preso politikoak inoiz baino gehiago Estatuen bahituak garela ozen esaten dugu, gu atxikiz herri hau kateatua mantentzeko asmoa dutelako. Horregatik gure benetako bataila kalean dagoela argi daukagu eta Estatuek inposatutako blokeoa gainditzeko gakoa gu preso egin gintuzten ideiengatik borrokatzea dela esaten dugu. Hau da, Euskal Errepublika Sozialista gaur gaurkoz eraikitzea.
Zentzu horretan, presoen aldeko borrokak herriaren askatasunaren aldeko borrokaren sinonimoa izan behar du, eta borroka hori esparru oso anitz eta ezberdinetan egiten da. Beraz, eraman dezagun Euskal Herria beste eszenatoki batera, jar dezagun guztion artean independentziaren bidean. Berreskura dezagun borrokarako grina eta ilusioa.
Guri dagokigunez, eztabaidatzea tokatzen zaigu ere eta Kolektiboa ahalik eta sendo eta indartsuen jartzeko borondatearekin ekingo diogu.
Independentziarako bide horretan gure ekarpena ahalik eta eraginkorren bilakatzeko. Etsaien eskuetan egonda, eztabaidatzea ez da erreza izango. Mota guztietako oztopoak jarriko dizkigute eta zuen laguntza , euskal jendarte osoarena, behar izango dugu.
Animo, animo eta Aurrera! Eta zaindu, asko zaindu zaitezte. Zuekin gaude.
Hasta la victoria siempre! Jo Ta Ke
Ile de Re espetxetik, 2016ko abenduan.