Hezkuntza ala burokrazia?

Asko hitz egiten da hezkuntzaz. Askok adierazten dute gaiarekiko kezka. Asko dira iritzi propio eta sendoak dituztenak. Baina askok eta askotan, hitz hutsak besterik ez dituzte uzten beren eguneroko jardunean.

Ibai Diaz (hezkuntzako 22 funtzionarioren izenean)

2023-ko abenduak 4

Hezkuntzako langileok zalantzarik ez
dugu gaur egungo ikasleak biharko gizartearen ispilu direla. Horregatik, Nafarroako
Gobernuaren utzikeriak uzten dituen albo-kalteak zuzentzea premiazkoa dela
deritzogu.

Bere burua aurreratu eta ezkertiartzat kokatzen duen edozein politikarirentzat,
hezkuntza kalitateak gutxieneko baldintza izan behar du. Ildo horretan, haur eta
nerabeekin lan egiten dugun profesionalen lan-baldintzen nolakotasunak eragin
zuzena du, ikasleek jasotzen duten hezkuntzaren kalitatean, eskoletako hezkuntza
proiektuetan, eta zer esanik ez gure bizi baldintzetan.

Aipamen berezia behar du eskola publikoan bizi dugun langileen ezegonkortasunak.
Esaterako, asko gara 2016az geroztik, oposizioa gaindituta ere, behin betiko
lanposturik ez dugun langileak. Urtez urte eskolaz aldatu behar izateak eskoletako
hezkuntza proiektuen garapena eta jarraikortasuna errotik mozten du. Hezkuntza
komunitatearen osasuna kaltetuz eta ikasleen garapenerako sakoneko asmo
eraldatzaileak abian jartzea oztopatuz.

Hori gutxi ez, eta urtetik urtera gure lan-baldintzak okertzen doaz. Hezkuntza sailak,
ikasturtero esleitzen dituen plazak, ez dute bermatzen jardun osoko lanpostua
langileentzat. Gainera, jardunaldi osokoak diren lanpostuen artean, gure ezagutza
eremuko saio gutxi eta beste gaietan ordu asko dituzten plaza asko izaten dira, eta
horiek guztiak, aukeratzera derrigortuta gaude. Lanaldi murriztuak eskaintzen
dizkigute ere, nahiz eta gehienak, administrazioaren korapilo burokratikoaren
ondorioz, ezin zaizkigun esleitu. Hori dela eta, askotan, gure eta gure ingurukoen
bizitzen kontzialiazioarengatik, lanera joan etorrietako kotxe ordu luzeengatik …
murrizketadun plazak hartzera behartuta ikusten dugu gure burua, horrek dakarren
galera ekonomikoarekin.

Honen aurrean, Nafarroako Hezkuntza sailak, ez ikusiarena egiteaz gain, ez
entzunarena ere egiten du. Egoera hobetzeko saiakerak egin ditugun arren,
hezkuntza arduradunek ez dute gurekin hitz egitea onartu eta horren ondorioz egin
ditugun proposamenek, ez dute erantzunik jaso. Gauzak horrela, urtez urte arazo
berdinak errepikatzen dira eta urtero, utzikeriaren faktura ordaintzen du nafarroako
hezkuntza komunitateak.

Bada garaia asmoak ekintzetan mamitzeko. Eta burokrazia ezin da aitzakia izan,
hezkuntza eskubidea kaltetzeko. Bakoitzak bere erantzunkizun eta eskumenetatik
eragiteko garaia da. Langileok ikasleekin egiten dugun bidea bezain garrantzitsua
da, administrazioak gure lan beharrak aintzat hartzea.

Hezkuntzak merezi du, ikasleek behar dute, eta langileok ezin bestekoa dugu.
Sinatzaileak: Gorputz Hezkuntzako irakasleak dira. Ibai Diaz, Miren Errea, Jon
Didaka de Unzueta, Ainara Goyeneche, Ainhoa Goikoetxea, Garazi Aranburu, Alain
Pellejero, Ane Nuñez, Itziar Berruete, Ander Goñi, Ion Galbete, Mikel Irigoyen,
Xabier Rayo, Jon Ollo, Laida Zabaleta, Idoia Ortiz, Ibai Bengoetxea, Iban Agerri,
Ainara Urtasun.

Gehiago