Herri zatitua, lurralde zapaldua eta egutegi inposatua
Ane Apezetxea Gorrotxategi eta Itxaso Piquer Insausti
STEILAS
2026-ko azaroak 28
Abenduaren 3an Nafarroa Garaiko egutegian San Frantzisko Xabierkoaren eguna ospatzen da. Baina egun horretan Euskararen Nazioarteko Eguna ere bada. Bi ospakizunak egun berean izateak badu bere zentzua; Frantzisko Xabierkoa 1552ko abenduaren 3an hil zen, eta, kondairaren arabera, euskaraz egin zituen azken otoitzak. Haren heriotzaren eguna aukeratu zuen Eusko Ikaskuntzak, 1930ean, Euskararen Eguna ospatzeko.
Euskararen Eguna, ordea, ez zen ospakizun huts gisa sortu. Euskararen galeraren aurrean kezkatuta zeuden euskaldunen ekimenez sortu zen, gure hizkuntzari eusteko eta haren biziraupena aldarrikatzeko. Gaur egun ere, ia mende bat geroago, aldarrikapen horrek inoiz baino indar handiagoa behar du.
Izan ere, Euskal Herriak lurralde zatiketa eta hizkuntza zapalkuntza pairatzen jarraitzen du. Gure herriaren erabakitzeko gaitasuna mugatua dago, gure lurraldea administrazio eta estatu desberdinetan zatitua dago, eta euskarak ez du oraindik Euskal Herri osoan aitortza eta babes bera. Euskaraz ikasteko eskubidea ukatzen zaigu, euskararen normalizazioa oztopatzen da eta gure herriaren nortasuna bigarren mailan kokatzen da behin eta berriro.
Testuinguru horretan, STEILASek ez du Euskal Herriko lan egutegia estatu espainiarraren menpe egotea onartzen. Urriaren 12a edo abenduaren 6a bezalako jai inposatuak ez dira gureak, eta horiei uko egiteak, gure jai egunak aldarrikatzea dakar.
Horregatik, abenduaren 3an egoitzak itxiko ditugu. Euskal Herriko errealitateari erantzungo dion lan egutegi propioa aldarrikatzen dugu, gure herriaren historia, hizkuntza eta kultura erdigunean jarriko dituena. Burujabetzaren bidean, gure lan egutegia erabakitzeko eskubidea ere aldarrikatzen dugu, egutegia ez delako denbora antolatzeko erraminta hutsa, lurraldearen nortasuna eta errealitatea islatzen dituen tresna politikoa ere bada.
Euskararen aldeko konpromisoa eguneroko borrokan erakusteaz gain, gure hizkuntzari dagokion aitortza eta lekua eman nahi dizkiogu.
Euskal Herriko lan egutegi propio baten alde!
Gehiago
