“Gerra inperialistari gerra”

Kai Karasatorre Martinez

ASKE

2025-ko apirilak 30

Badira aste batzuk Europar Batasuneko presidentea den Ursula von der Leyenek zortziehun mila milioi euroko gastu militarraren beharraren berri eman zuela. Gastu hori Europak jasaten duen mehatxu militar bati aurre egiteko omen da, eta mehatxu horri batasunez erantzun beharra dagoela baieztatu dute. Beraien esanetan, mehatxu hori Errusia da. Errealitateak, ordea, beste gauza bat diosku. Europaren militarizazioranzko joera burgesiak bere mozkinei ezin eutsi eta merkatu kapitalistan lehiakortasuna galtzearen ondorio zuzena da. Izan ere, kapitalismoa kapital metaketarako bide edo aukerarik gabe geratu da, eta horrek aurreikusten zen krisi kapitalistaren mehatxua handitu egin du. Hori horrela, ez dira gutxi aipatutako krisiaren berehalakotasuna adierazten duten zantzuak: soldata errealaren jaitsiera, enpresa ezberdinen itxiera, ongizate estatuaren gainbehera…

Irudikatu nahi dutenaren kontrara, gerra ez da bat-batean edo kasualitatez sortzen den egoera bat. Gerra ordena kapitalista eta kapital metaketa ahalbidetu duen egiturazko biolentzia sistematikoa da. Horrela, kapitalak forma ez kapitalista ororen kontrako anikilazio gerra bat eraman du aurrera, ekoizpen modu kapitalista mundu mailan hedatzeko helburuarekin. Halaber, burgesiak “bakea” erabili izan du, gerraren ausentzia izendatzeko edo gerra egiteko justifikazio gisa. Burgesentzat, ordea, “bakea”k ez du gatazka eza suposatzen, biolentziaren eta armen bitarteko hegemoniaren inposizioa baizik. Hau da, kapitalismoan “bakea”k beste tresna batzuen bitarteko gerraren jarraipena esan nahi du, gizarte kapitalistaren ordena mantentzea suposatzen duelarik.

Beraz, historiako momentu ezberdinetan egin bezala, burgesiak armagintza eta, horren ondorioz, gerra erabili nahi du azkartzen ari den krisi kapitalistari aurre egiteko. Hori gutxi balitz, burgesiak, egunerokotasunean egiten duen moduan bere irabaziei eutsi ahal izateko, langileon odola isuriko du, hauek gerrara bidaliz.

Oraingo honetan, Europar Batasunaren defentsaren izenpean eraman nahi gaituzte gerrara. Prozesu honi, hasiera batean, “berrarmatze plana” deitu diote, inolako lotsarik gabe. “Segurtasuna” izateko edo “disuasio funtzioa” egiteko beharrezkoa dela sinetsarazi nahi izan dute, kulturalki mehatxu bat dagoela irensteko eta gerraren beharrezkotasuna defendatzeko helburuarekin.

Estrategia horren baitan, Euskal Herria nazionalki eta sozialki zapalduta mantentzen dituzten espainiar eta frantziar estatuak zein euskal burgesia ez dira atzean geratu. Espainiar estatuaren kasuan, inoizko gobernu progresistena omen denak, kongresuan bozkatu gabe, defentsara 10.471 milioi euro gehiago bideratuko dituela jakinarazi du, azken hau EBk eta NATOk eskatutako % 2ko BPGren gastura iristeko. Aipatzekoa da, kontrako ahotsak altxatu arren, gobernu hori eratzea ahalbidetu duten alderdi politiko guztiek erabaki horrekiko erantzukizun politikoa dutela.

Horretaz gain, frantziar estatuak bere programa nuklearra handitzeko eta Europa mailara hedatzeko helburua dauka, gizartean militarizazioa begi onez ikusarazten eta biziraupenerako material teorikoa lantzen ari den bitartean.

Bestalde, euskal burgesia armagintzaren trenera igotzen ari da, eta hamaika enpresa hasi dira merkatu horretan murgiltzeko bideak aztertzen edo zuzenean ekoizten. Horiei aurretiaz armagintzan diharduten beste hamaika enpresa gehitu behar zaizkie. Eta hori guztia gutxi balitz, euskal burgesiaren eta honen lobbyen bitartez, armen ekoizpena (gerra) merkatuan lehiatzeko aukera baten moduan aurkezten ari dira, egoera normalizatuz.

Ataka honen aurrean aurkitzen dugu geure burua Euskal Herriko langileok. Nahiz eta duela 39 urte Euskal Herriak NATOri ezezkoa eman, oraindik ere bere erabaki politikoen ondorioak jasaten ari gara. Egoera horren aurrean, argi eduki behar dugu gerra honek ez duela inolaz ere Euskal Herriko langileon interesak ordezkatzen. Izatekotan, gu geu izango gara lubakietan gorputzak jarriko ditugunak eta gerra zelaiak odolez beteko ditugunak, egunerokotasunean zapaltzen gaituzten horiek beraien poltsikoak betetzen jarraitzen duten bitartean.

Beraz, Euskal Herritik gerra inperialista egiteko armagintzaren kontrako borroka hauspotzea dagokigu eta, era berean, gerra honek interes inperialistei erantzuten dietela salatzea. Horrez gain, egoera honek sortzen dituen kontraesan eta ezinegonak baliatu behar ditugu, Euskal Herriko askapen nazional eta sozialaren aldeko proiektu politikoa indartzeko. Izan ere, soilik Euskal Herriko Langileok geure kabuz egina den eta geure interesetara dagoen askapen borroka da burutu behar duguna. Gerra inperialistari amaiera jarriko dion borroka. Euskal Herria nazionalki eta sozialki zapaltzen dutenei aurre egingo dien borroka. Etorkizuneko Euskal estatu independente eta sozialistaren aldeko borroka, etorkizuneko zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri askea eraikitzea ahalbidetu behar diguna.

Gehiago