NATOk Euskal Herritik alde egingo duela iragarri du “Donald Trumpek” Iruñean
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak elkarretaratzea egin du Iruñean "Gerrari Ez. Bizitza Duinak Guztiontzat ". Ekintza Gobernu Militarraren aurrean izan da, eta gezurrezko Donald Trump batek iragarri du Europako leku guztietako erakunde inperialistak alde egingo duela, Bardeakoak bereziki.
2026-ko ekainak 1
Joera belizista eta militaristaren aurrean, kolektibo hauek beste gizarte eredu bat aldarrikatu dute eta administrazioei gerraren aurkako konpromiso zehatzak eskatu dizkiete. Ildo horretan, lau aldarrikapen nagusi egin dituzte:
1. Euskal Herria lurralde baketsu eta desmilitarizatua izatea. Ez gerra-azpiegiturei eta armak bidaltzeari. Gastu militarra murriztea eta NATO desegiteko urratsak; horretarako, neutraltasun-estatutuak onartu ziren EAEko eta Nafarroako parlamentuetan.
2. Gerraren negozioari ez. Patronalei eta enpresei industria militarraren aldeko apusturik ez egiteko eskatzen diegu, eta Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari industria militarra zuzenean edo zeharka indartuko duen inbertsiorik ez egiteko. Baliabide horiek trantsizio ekosozialerako eta industriaren birmoldaketarako erabiltzea, langileen klasea erdigunean jarriko duena eta sektore jasangarrietara bideratuko duena.
3. Bizitza duinak bermatzeko baliabide publikoak: ez gastu militarrari. Eskubide sozialen, pentsioen edo zerbitzu publikoen murrizketarik ez; hezkuntza, osasuna, zaintza eta etxebizitza. Elikadura osasungarria izateko eskubidea eta benetako neurriak krisi klimatikoari aurre egiteko. Harrera duina bermatzeko eta era guztietako harresiak eta migrazio-politika arrazistak ezabatzeko baliabideak.
4. Ez autoritarismoari eta gorakada erreakzionarioari. Balio militaristen, matxisten, arrazisten, indibidualisten eta klasisten hedapenaren aurrean, eta kontrol soziala areagotzearen aurrean, gardentasuna, eztabaida demokratikoa eta herritarren erabakitzeko gaitasuna eskatzen ditugu.
