GAZA: GEZUR-NEGAR GEHIAGORIK EZ!

Sabino Cuadra Lasarte

2023-ko azaroak 11

Sionismoaren eta bere gobernu profeten arabera, Tora eta Talmud erlijio judutarraren liburu sakratuetan, bada Jabetza Erregistro bat non lur palestinarrak herri juduaren izenean erregistratutik dauden. Hau da, haren partaide ez direnak okupatzaile ez legezkoak dira, lurralde horretaz jabetu eta bertan bizitzeko legitimitaterik gabekoak. Horregatik, 1948an Israelgo Estatua sortu zenez geroztik, lur horiek behinola okupatzen zuen populazio palestinarraren ezinbesteko utzaraztea manu jainkotiarrak legeztaturik dago. Yahvek dio. Egin bedi bere borondatea!

    Egunotan, mundu osoko ehunka karrika eta plazatan, hamika milioi pertsonak oihukatu dute: “Ez da gerra bat, genozidio bat baizik”. Nazioarteko zuzenbideak horrela definitzen du genozidioa: nazio, etnia, arraza edo erlijiozko talde bat, erabat edo partzialki suntsitzea xede duen delitua. Ezin garbiago ez zezakeen erran Netanyahuk, gaurko erasoa manu biblikoarekin parekatu baitzuen publikoki. Yahvek erran zuen: “Eraso egizu amaleziten kontra eta suntsitu ezazu berea duten guztia; ez barkatu. Hil itzazu gizonak zein emakumeak, umeak eta bularreko haurrak, idiak eta ardiak, gameluak eta astoak”.

    2014an, Israelek Gazako lurraldeari eraso zion 50 egunez. Amnistia Internazionalak gerra krimentzat jo zuen hura. 1.500dik goiti zibil hil ziren, haietarik 539 haur zirela. Zio horren harira, Eduardo Galeano idazleak Gaza izeneko artikulua idatzi zuen. Bertan Israelek jotako gerrak aipatzen zituen. Horrela zioen: “Ez da defentsa-gerra dela ez dioen eraso-gerrarik. Defentsa-gerra horietako bakoitzean Israelek Palestinako bertze puska bat irentsi du… eta hamarretakoek segitzen dute”. Baina, gaurkoa, hamarretakoa baino orrits pantagruelikoa da.

    Urrian, Ukrainiako gerraren hasieratik (2022ko otsaila) 20 hilabetera, biktimen kopurua 70.000 ingurukoa zen, horietarik 9.000 zibil. Gazan, aldiz, eraso israeldarra hasi eta hilabete batera, biktimak 11.000 baino gehiago dira, %40 haurrak direlarik. Hau da, lurralde bakoitzeko populazioa kontuan harturik (Ukrainia 37 milioi; Gaza 2,2 milioi), Gazan 100.000 biztanleko biktima kopurua 500 pertsonakoa da, Ukrainian 190ekoa den bitartean. Laburbilduz, Gazan 20 aldiz laburrago den denboran, 2,5ez biderkatu da hildakoen kopurua. Jomugak, gainera, ospitaleak, eskolak, meskitak, anbulantziak, errefuxiatuen eremuak, etxebizitzak… dira. Ez da gerra bat, genozidio bat baizik, eta genozidek izen propioa badute: Biden (AEB, demokrata), Scholz (Alemania, sozialdemokrata), Sunak (Bretainia Handia, kontserbadorea), Makron (Frantzia, zentrista), Úrsula von der Leyen (EB, eskuinekoa)…

    Ukrainiako inbasioari erantzuna emanez, AEB eta EBk, agudo, mota guztietako zehapenak hartu zituzten Errusiaren aurka: inportazio eta esportazioen ingurukoak, bisak, finantza eta enpresa zerbitzuak, energia, garraioa… Orobat, Vladimir Putin, haren ministroak eta goi mailako hierarkia militar errusiarra kriminaltzat jo zituzten. Bere aldetik, Nazioarteko Zigor Gorteak, genozidio, gerra eta gizateriaren aurkako krimenak gauzatzeagatik akusaturik dauden pertsonak epaitzea xede duenak, Putin bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua eman du.

    Alta, Israeli dagokionez, ez da neurri horietako bakar bat ere hartu, NBEk estatu hori, ezarri ondoko 75 urteotan, etengabe zigortu duen arren: lurraldeen okupazioa, populazio palestinarraren kanporatzea, itzulerako eskubideari uko egitea, murruaren eraikitzea, Gazaren blokatzea… Aitzitik, AEB eta EBk (Estatu espainiarra barne, jakina) harreman komertzialak eta lehentasunezko lankidetza esparruak mantentzen dituzte Israelekin . Eta horri gehitu behar zaio Israeli emandako babes politiko, sozial, kultural eta kiroletakoa, herritar europarren aitzinean haren irudi kriminala garbitzea helburu.

    F.D. Rooseveltek, 1933tik 1945era bitarte AEBetako presidente izan zenak, bere aliatuak kategoriez sailkatzen zituen. Horietako batean paratu zituen orduko diktadore hegoamerikarrak. Zehazkiago, Tacho Somozaz, Nikaraguan 42 urte, 1979a arte, iraun zuen diktaduraren sortzaileaz, honela mintzatu zen: “Bai, putakume bat da, baina gure putakumea da”. Bada, horrelako zerbait gertatzen da gaur AEB eta EBrekin Israeli dagokionez. Bertako gobernuaren izaera kriminalaz jakitun dira baina, Rooseveltek bezala, adierazten dute “gure putakumea dela”, ezinbertzeko aliatu-jendarmea Golkoaren zonalde estrategikoan. Horregatik, oso noizean behin estatu sionistarendako, bere abusuak direla eta, zuriak eta beltzak erraten badituzte ere, azkenean hipokresia ariketa bat baino ez dira izaten.

    Bukatzeko. Hamasen erasoa eta erreakzio israeldarra ari dira nahasten nazioarteko eszenatokia gaur. Ez dakigu nola bukatuko den, baina uste dugu 75 urtez mantentzen ari den gatazka honen irtenbide bakarra, berehalakoan, pasatu behar dela Israelek Gazaren aurka gauzatutako erasoa eta blokeoa erabat gelditzetik. Hortik aitzina, gobernu israeldarrek lurrak lapurtzeko eta nahitaezko kolonizaziorako hartu dituzten neurri oro lehengoratzea modu mailakatuan.

    75 urteko esperientziak erakusten du atzera eramate hori ez dela, bertze gabe, lortuko, erakundeen goiko akordioen bitartez, eta, gutxiago ere, benetako konpromisorik ez duten adierazpen negartien bitartez. Funtsezkoa izan behar du gaurko indar korrelazioa aldatzea ildo politikoak irekiz, herri palestinarra hartzen ari den nazioarteko elkartasun itzela bilduko dutenak. Hitz batez, ekimen zehatzak gauzatzea, Israelek gaur egun hartzen duen lehentasunezko tratu komertzial, kultural, kiroleko, instituzional eta militarra atzera eramatea ekarriko dutenak, kontrakoa bihurtuz: zehapen zehatzak atzo eta gaur, inpunitate osoz, giza eskubideen aurka gauzatzen ari diren etengabeko urraketetarako. Ez baita gerra bat, genozidio bat baizik. Gezur-negarrak soberan daude.

Gehiago