Ez gara bigarren mailako herritarrak, pediatra orain!
Auritzeko familiak
2025-ko apirilak 15

Auritzeko osasun etxean arreta jasotzen duten haurrak, Nafarroako gainontzekoak bezala, gaixotzen dira eta pediatra behar dute. Orain arte, Auritzeko Osasun Etxean, astean bi egunez, artatzen zituzten gure 188 seme-alabak. Bertako pediatrak baja hartu ostean, ez da zerbitzua ordezkatu. Hala ere, erdibideko konponbide gisa, Agoitzera hurbiltzeko aukera izan dugu ostegun arratsaldeetan. Neurri hori ez da nahikoa izan, txikiak ez baitira soilik ostegunetan gaixotzen. Gainera, azken mugimenduek egoera larriagotu besterik ez dute egin, Agoitzen zerbitzua ematen zuen pediatra joan delako eta ez da ordezkatua izanen; beraz, pediatra zerbitzurik gabe geratuko dira, berriro ere, gure herrietako haur guztiak.
Nahiz eta eskualde despopulatu batean bizi, gure txikiak ere gaixotzen dira eta kalitatezko zerbitzu bat jasotzeko eskubidea dute. Are gehiago, despopulazioari aurre egiteko neurriak aztertzen ari badira, lehen lerroan jarri beharko genuke osasun arreta duina jasotzeko eskubidea. Jakin badakigu, eremu zaharkitua eta despopulatua dela geurea; horregatik, gure txikiak etorkizuna direlako, zain ditzagun, merezi bezala.
Auritzeko Osasun Etxeko langileek arreta berrantolatzeko saiakera egin dute eta hori eskertu beharra dugu haiek jaso dituztelako gure txikiak gaixotu direnean. Hauek izan dira ere behin-behineko neurriak proposatu dituztenak. Hala nola haurren lehen mailako arreta Iruñera bideratzea, eta ondorengo jarraipena erizainak edota ekipoko kide batek egitea, egun jakin batzuetan. Bestalde, txikia gaixotuko balitz, bere bizitokiko familiako medikuak egingo lioke arreta eta, zalantzak izanez gero, Iruñeko San Martin zentroko pediatrarekin kontaktuan jarri beharko lukete.
Hartutako neurriok ez dira nahikoak, gure haurrak aztertzeko, pediatra bat beharrezkoa da, ez familiako medikua. Lore bat zaintzeko basozain bat ez da egokiena, lorezaina behar da. Bada, gure haurrak behatzeko, helduen medikuak, borondate ona izan arren, ez dira aproposenak. Hortaz, horrela ezin dugu jarraitu, egoerari ganorazko konponbidea eman behar zaio.
Horrenbestez, Osasunbideari zein Nafar Gobernuari hots egiten diegu arazoa ahal bezain pronto konpontzeko beharrezko neurriak har ditzaten. Izan ere, gure txikiak ez dira bigarren mailako herritarrak; alta, kalitatezko zerbitzua jasotzeko eskubidea dute.