Euskararen Dekretu berria: argiak eta ilunak
103/2007 Foru Dekretua jadanik indarrean dago, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzeko. Nafarroako Gobernuan hizkuntz profilak ezartzeko urtebeteko epea ezartzen duenez, euskara meritu moduan baloratzeko modua da bere ekarpenik garrantzitsuena.
AET Administrazioan Euskaraz Taldea
2018-ko otsailak 9
Zoritxarrez, arlo hori nahiko eskasa du.
Dena den, aztertzeko arlo gehiago du Dekretu honek eta arautzen duen guztia ez da
aurreko Dekretua hobetzeko.
LEHENENGOA.- Dekretuak dioenez, langile euskaldunen zerrendak agortuz
gero, hizkuntz profilik gabeko pertsonek bete ditzakete horrelako postuak, betetzeko
zailak diren lanpostuetan. Gure ustez, erantsi beharko luke: “Halakoetan, euskarazko
zerrendak berritu eginen dira berehalakoan eta lanpostu horiek ahalik eta arinen langile
euskaldunekin beteko dira”.
BIGARRENA.- Nafarroako hainbat udal UEMAn daude, eta euskara hutsez
funtzionatu behar dute, UEMAren ezaugarria horixe baita, eta euskarak, hizkuntza
gutxitua izanik, arnasguneak behar baititu. Dekretu honekin, udal horiek trabak izan
ditzakete euskara hutsean funtzionatzeko.
HIRUGARRENA.- Eremu mistoan euskaraz egindako eskaerei erantzun
elebiduna emanen zaie. Eremu mistoko Euskararen Ordenantza gehienetan,
aurreikusia dago euskarazko erantzuna. Beraz, problema ez zegoen tokian, problema
sortu du Dekretu honek.
LAUGARRENA.- Dekretuaren arabera, eremu ez euskaldunean
administrazioek elebitasuna erabil dezakete, lan deialdietan euskara eska dezakete eta
euskara puntua dezakete. Gure ustez, aukera hauek idatzita geratzea ondo dago.
Dena den, lehen ere ez zegoen debekaturik.
BOSGARRENA.- Elebiko euskarrietan, eskuinean edo goian jarriko da euskara.
Ongi ikusten dugu hori. Eremu ez euskaldunean, ordea, alderantziz arautua dago.
SEIGARRENA.- Nafarroako Gobernuaren zerbitzu zentraletan elebitasuna
ezarri du errotulazioetan eta herritar guztiei zuzendutako informazioetan. Hauxe da
benetan Dekretuak ekarri duen aurrerapausorik nabarmenena.
ZAZPIGARRENA.- Zein da balorazio orokorra? Lan deialdi gehien-gehienetan,
orain arte bezala, euskara ez da puntuatuko, eta Osasunbidean beste merituek ia
estaliko dute. UEMAko Udaletan euskarazko funtzionamendua ez da bermatu. Kasu
batzuetan, arazo berriak ekarriko ditu Dekretu honek. Errotulazio eta komunikazioetan
izanen da aurrerapausorik handiena. Oro har, laburbilduz, Nafarroako
Administrazioetan euskara errotzeko aukera galdua da Foru Dekretu hau.