Euskarak ezdeus bihurtzen zaitu erdaraz irakasteko?

Plantillak aldatzeko agindu diete euskarazko eta gaztelaniazko hizkuntza ereduak dituzten hainbat ikastetxeri: euskarazko ala gaztelaniazko orduekin bakarrik osatuko dira lanpostuak. Horrek kanpoko jatorriko ikasleen integrazioa oztopatuko du eta irakasle asko prekarizatuko (lanaldi osoak galduko dituzte); ordezkapenak zailduko dira, eta ikasle euskaldunen hizkuntza eskubideak urratuko.

Miren Ustarroz Goñi, Raul Lopez Ekai

STEILAS Sindikatua

2026-ko ekainak 10

1991n, UPNk inposatu zuen hizkuntzen arteko bereizkuntza Nafarroa Garaiko hezkuntza publikoan, 80etan kontratazio-zerrenda integratuek baitzuten indarra, hau da, euskara eta gaztelania ez ziren bereizten. Administrazio publikoetako gainerako sektoreetan oposizio bakarra egiten da eta, gero, euskaldunek jardun dezakete profil euskalduneko lanpostuetan edo bestelakoetan. Era berean, oposizioetako segregazioa Nafarroa Garaiko hezkuntza publikoan baizik ez da gertatzen, estatu espainiarreko beste autonomia erkidegoetan oposizio eta kontratazio-zerrenda bakarrak egoten baitira espezialitate bakoitzeko.

Apartheid horrekin bukatzeko, 2017an, Maria Solana kontseilaria zela, Hezkuntza Departamentua saiatu zen hizkuntza bereizketa gainditzen, oposizioak deitzen espezialitateen arabera, hizkuntzetan banandu gabe. Esate baterako, Matematikako oposizio bakarra, eta aukera egonen zen probak euskaraz ala gaztelaniaz egiteko. Berdin jokatuko zen kontratazio-zerrendekin, eta sistema integratua sortuko zen.

Aurreko sistema abian jarri baino lehen, PSNk dena zapuztu zuen Irakaskuntzako Funtzio Publikorako sarbidea arautzen duen foru legearen bidez. Lege horrek ezartzen du lanpostuen irakas-hizkuntzaren arabera egin behar direla oposizioetako hautaproba guztiak. Ustez, oposiziogileak erakutsi behar zuen ongi moldatzen zela bere irakas-hizkuntzan, baina egiazko helburua zen kontratazio-zerrenda integratua ezinezko bilakatzea. Asmo zital hori arras garbi ikusi zen PAIren Legearekin, ingelesezko lanpostuetarako hautaproba guztiak, hizkuntza horretan egin beharrean, gaztelaniaz egin zirelako. 2017ko legearen alde bozkatu zutenak: UPN, PSN, PP eta I-E (Ezker Batua eta Batzarre).

PAIren Legeak atzerriko hizkuntzen kontratazio-zerrendak biderkatu zituen, eta egoerak txarrera egin du. Gainera, are gehiago aldrebestu zen PAIren 2024ko foru aginduekin ingelesez emandako arloak aldatu zirenean, PAI-D eredua okertuta eta ikastetxeetan sekulako nahasmena sortuta. Hainbestekoa izan da, non UPNk berak, hizkuntza apartheidaren asmatzaileak, integratzea eskatu baitu Lehen Hezkuntzako Heziketa Fisikoaren ingeleseko eta bestelako kontratazio-zerrendak.

Dena dela, PAIn eta bestelako programa elebidunetan, lanpostu asko betetzen dira ingelesezko eta gaztelaniazko orduekin, baina kasu horietan ez omen dago inongo eragozpenik lanpostu osoak ateratzeko eta hizkuntzak ez bereizteko. Euskaldunei ezartzen zaie lanpostuen murrizketa. Ingelesak ez du gaztelaniaz jarduteko gaitasuna kaltetzen; euskarak, aldiz, bai.

Eta horra bereizkuntza horretarako trikimailua: euskaraz lan egiteko gaitasuna eta nahia adierazten dutenak kutsatutzat hartzen dira gaztelaniaz jarduteko. Horregatik erabaki behar dute: euskaldun izan eta indiarren erreserbari adjudikatutako lanpostuetan baizik ez aritzea, edo espainieraren armairu barrenean egon eta gaztelaniazko lanpostuetan irakasteko aukera izatea.

Eskuineko sindikatu espainolistek, UPN, PSN, PP eta VOX alderdiekin batera, hizkuntza supremazismoa bultzatzen dute. Hala ere, Nafarroako Gobernuari eusten dion gehiengoak, ustez, bestelako planteamendua dauka. Eremu honetan, ordea, erabatekoa da Nafarroako Gobernua babesten duten indar politikoen satelizazioa PSOErekiko, nahiz eta, noizik behin, desadostasunak antzeztu. Itxuraz, indar horiek gai dira Nafarroako eta Espainiako gobernuak baldintzatzeko; ezin dituzte deusetan aldatu PSNren politika euskarafobikoak?

Gehiago