Etorkizunera bidaia

Ospakizun urtea dugu Eusko Alkartasunaren baitan, gure proiektuak hiru hamarkada betetzen dituelako aurten. Eta zorioneko gara, bai, Nafarroara aldaketa ekartzeko gure ahaleginak eta lanak emaitzak eman dituelako. Eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ere, elkarlan eta adostasun zabaletarako aukerak ireki direlako.

Miren Aranoa, Nafarroako Eusko Alkartasunako koordinatzailea.

2016-ko urriak 1

Ez genuen opari

ederragorik jasoko. Atzera begiratuz gero, oroitzapen ugari etortzen zaizkigu, gozoak

eta garratzak, zailak eta oparoak, baina den-denetan errepikatzen dira familia honetan

barneratuta ditugun balore zenbait: herriaren ongizatea, herritarren eskubide eta

askatasunak lehenestea; aniztasuna eta elkarlana bultzatu eta goraipatzea, eta

testuinguru guztietan, bakea eta elkarbizitza defendatzea. Ibilbidea mugitua izan da

baina gure funtsak tinko mantendu dira. Une zailetan, apustua egin genuen hiru balio

horien alde, sinetsiz, herri aske eta demokratiko baterako zutoinak zirela. Denborak,

zutoin horiek haritzondo hostotsu bilakatu ditu. Noski, urteak urte, bidelagunak

aldatuz joan dira eta bide horretan, benetako lagun minak egin ditugula ezin uka. 

Edozein erlazioren hasieran errepikatzen dira bi zalantza: elkar ulertzea lortuko al

dugun eta harremanak iraungo ote duen. Esperientzia ugari izan ditugu zentzu

horretan, batzuk ernatu dira, giltzarri izan dira, besteetatik jakintzak eta heldutasuna

atera ditugu. Borondatea, erabakia eta ausardia behintzat ez zaizkigu falta izan.

Askorentzat espedizio arriskatua izan da, eta izaten jarraitzen du. Ez al da hori bada

edozein bidaiak duen xarma? Nahiak eta gogoak mugarik gabe, oztopoen gainetik,

aurkako ingurumarian ere, jarraitzea? 

Maddalen Iriarte EH Bilduko hautagaiari berriki entzundako hitzak etortzen zaizkigu

gogora… «Hau ez da abentura bat, gauzatu daitekeen proiektu ilusionante eta irekia

baizik. Abentura izatekotan, askatasunaren abentura da…». Askatasunaren abentura.

Kontzeptu ederra. Eta zergatik ez, lorgarria. Guk, zalantzarik gabe, bidaia horretan

parte hartu nahi dugu. Eta gurekin batera nahi zaituztegu ametsak dituzuen emakume

eta gizonak, gizarte aurreratu eta justuago bat lortzeko ideiak eta proiektuak dituzuen

gizon-emakumeak. Anbizioz eta ilusioz, etorkizunera bidaia egiteko prest zaudetenak. 

Beti sinetsi izan dugu Eusko Alkartasunako kideok herri honek baduela nahikoa

gaitasun eta baliabide Estatu propio bat eraikitzeko eta bertako herritar guztiei

oparotasuna eskaintzeko. Eta bertute horiek indartzen jarraitu behar dugu,

egunerokoan. Gure politika, amets eta helburuek ez diezaiotela Estatu Espainiarrari

begiratu, ez gaitezela konformatu gu baino okerrago dauden herri eta komunitateekin

alderatuz. Eraiki dezagun gure herria, zentzurik zabalenean, ikuspegi sozialetik,

ikuspegi kulturaletik, ikuspegi ekonomikotik. Baketik, elkarbizitzatik, berdintasunetik,

errespetutik, tolerantziatik. 

Herri erakargarria eraikitzea dugu erronka non bertako herritarrak harro egonen diren,

ez muga batzuetaz, ez izen batez, baizik eta herri horrek eskaintzen dizkien aukera,

zerbitzu eta etorkizunaz. Non, bereziki, emakume eta gazteek aukeraz eta

berdintasunez beteriko bizitzaz gozatuko duten. Gure zerga sistema propioak, gure

hezkuntza propioak, gure baliabide ekonomikoek, gure azpiegiturek, gure ongizate

sistemak, gure lan baldintzek, gure zerbitzu publikoek, gure justizia sozialak, gure

kultura aniztasunak. Horrek erakarriko ditu gehiengoak, horrek egingo gaitu herri,

horrek eginen aske. 

Herri izaera hori, bertutez eta eskubidez hornituriko herritar izaera lantzen dugun

bitartean iritsiko da unea erabakiko duguna zein erlazio izan nahi dugun Espainiako

lagunekin, Katalunia independente bateko lagunekin, mugaz besteko lagunekin, nahiz

eta Europarekin eta nazioarteko herriekin. Munduan barrena bizi garen eta mundura

zabaldu nahi duen herria garelako. Eta horretarako ez dugu baimenik behar,

borondatea eta adostasuna besterik. Horretan saiatuko gara. Zerbait bagara, tematiak

garelako; mugituak, grinez beteak, konprometituak, geldigaitzak. 

Bada Ken 7 taldearen abesti bat dioena «ez gara izan onenak, beharbada, baina gure

bizitza izan da». Ziur gara ez dugula beti asmatu izanen, nahiz eta asmo onez jokatu.

Askotan gizartearen aurretik joan gara, eta beste hainbatetan atzean gelditu. Egia da

halaber herri gisa heldutasun demokratiko handiagoaren beharra dugula oraindik ere,

kultura eta esperientzia desberdinetatik edan behar dugula. Zorteko gu, horretarako

aukerak ireki zaizkigulako. Garai berriak dira eta gutako bakoitza, norbere erritmoan,

egokitzen ari gara. Azala aldatzen. Konplexuak alboratzen. Begi eta belarriak zabaltzen.

Emozio, belaunaldi, desira, pentsamolde eta bizipoza berrietara ohitzen. Gauza bat

ordea argi dugu: akatsekin edo abileziekin, gurea da bizitza eta gurea etorkizuna. 

Esan ohi da garai guztiek omen dutela bere xarma, historikoak dira bakoitza bere

neurrian, gutxitan ordea aurkitu gara gure gizartean aldaketa kultural zoragarria izan

daitekeena lortzetik hain gertu. Hain baldintza honetan, politika ekonomiko eta sozial

eraldatzaile, aurrerakoi eta aitzindariak garatzeko. Eusko Alkartasunatik aukerari

heltzera goaz eta ziur gara gizarteak ere helduko diola aldaketan sakontzeari. Jarrera

eraikitzaile eta sortzailearekin. Ezberdinez osaturiko Nafarroa eta Euskal Herri

desberdin bat eraikitzeko kolore guztiek egon behar dugulako presente, eta inoiz baino

modu aktiboagoan eragin, bakoitzak bere alea jarriz, loraldia anitza izan dadin. 

Etorkizuneko bidaiaren lehen pausoak emanak dira eta bideak aurrera darrai. Eskerrik

beroenak eta izan bitez zorionez beteriko beste hainbat hamarkada!

Gehiago