Etorkizuneko haur eskolen alde

Iruñeko Udaleko Haur Eskoletako langileok kezkatuta gaude gure eskolen etorkizun hurbilarekin. Badirudi egungo egoerak okerrera egin dezakeela, egungo ratioak handitu daitezkeela. Ratioak handitzeak esan nahi du gela berean bizi behar duten haurren kopurua handitzea.

Printzearen Harresi Haur Eskolako langile taldea

2023-ko urtarrilak 11

Adin horietan dituzten beharrak kontuan hartuta, haurrek hezitzaileen arreta gutxiago izango dute. Gure ustez, ratioak handituz gero, denok galduko dugu eta ondorioz, etorkizunak ere galduko du. Argi dago ratioak handitzen badira, haur eta familia bakoitzari eman diezaiokegun arreta eta erantzuna ezin izango dela berdina izan.

Iruñeko Haur Eskolen proiektua, eta Printzearen Harresirena, zehazki, finkatua, sendoa, hausnartua eta urteekin hobetzen doan proiektua da. Nortasun propioa du, ezagutzeko modukoa eta gure hiritik kanpo aitortza berezia izan duena azken urteetan. Prebenitzen duen proiektua da, baina sendatzen duena ere bai. 0-3 zikloa haurren nortasun osasuntsua, errespetatua eta errespetuzkoa eratzeko oinarria da. Prozesu honetan, haurrak eta familiak laguntzen ditugu, azken batean, hezkuntza-komunitate oso bati ematen diogu laguntza heziketaren bidean. Horretarako, kalitate handiko talde profesional bat dugu, kalitatea eta berotasuna eskaintzen dituena: hezitzaileak, laguntzaileak, sukaldariak, tailerren koordinatzailea, gizarte-langileak, psikologoak, administrazioko langileak, erizainak… ditugu. Harreman-sare bat da, topaketen engranaje bat, non espazio seguruak sortzea bilatzen den, afektu-espazioak, zeinetan pertsona guzti-guztiok GARRANTZITSUAK garen, hala garelako!

Gizartean bizi dugun ziurgabetasun handiko une honetan, proiektu honek ziurtasun handia du, urteek ematen duten ziurtasuna eta gure ibilbide guztian egindako lanak ematen duena. Izan ere, hori eredugarria izan da eta oraindik bada gertuko eskolentzat zein beste komunitateetako eskola askorentzat ere.

Zergatik eta zertarako? Gure eguneroko lanean gure bizitzak partekatzen ditugulako kulturartekotasunetik abiatuta, haurren beharrak babestuz eta horiei erantzunez. Egoera horiei arreta ematea, batez ere gaur egun bizi dugun garai honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da arreta eta konponbidea ematea. Pertsona bakoitzaren, familia bakoitzaren lasaitasunetik eta indibidualtasunetik artatzea. GURE HAURTZAROAREKIN PREBENITZEN EZ BADUGU, ZER GERATZEN ZAIGU? Azken bi urteetan arrazoi pertsonal, sozial, migratzaile, ekonomiko eta pandemikoengatik familien profilak aldatu egin dira, sortu diren zailtasun eta arazoei erantzuna ematen eta sendotzen jarrai dadin lan egin nahi dugu.

Proiektuak ez dira teilatutik hasten. Legeak normalean teilatutik diseinatzen dira, eskolen errealitatea eta egunerokotasuna aintzat hartu eta ulertu gabe. Haurrek behar duten banakako arreta kontuan hartu gabe diseinatuta daude. Gure proiektua, aldiz, zimendu sendoetan eraikita dago. Oinarri on hori, eskolen arkitekturaz gain, bat dator gure proiektu pedagogikoarekin, eta indartu egiten dugu eskola guztietako langileen profesionaltasunarekin eta lan egokiarekin. Denok bat eginda gaude ehunka langileren lanak sortutako proiektu zoragarri honetan ez galtzeko, ezta atzerapausorik emateko ere.

Etorkizuna ereiten jarraitu nahi dugu, tantaz tanta, neurriz, baina indarrez. Guztion indarra. Egunero eraikitzen eta bizitzen dugu eskola haur bakoitzaren esentziatik, eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu urte hauetan guztietan.

Gehiago