Enplegu publikoa eta euskararen meritua

Azaroaren 30ean Navarra Televisión katearen II. sari banaketa ospatu zen. Hartan, monologista batek esan zuen: "Orain, oposizioetan, euskaraz jakitea puntuatzen da. Baita Erriberan ere, non ez baitugu sekula hitz egin".

AET Administrazioan Euskaraz Taldea

2018-ko urtarrilak 8

Baina ez zen
egia. Erriberan, ordura arte behintzat, enplegu publikorako ez zen sekula puntuatu
euskaraz jakitea, ez UPNrekin, ez Gobernu berriarekin. Postu batzuetarako alemanez,
ingelesez eta frantsesez jakitea baloratzen zen, baina ez euskaraz jakitea. Azaroaren
30ean bertan, Euskarari buruzko 103/2017 Foru Dekretu berria onetsi zen. Zer ondorio
ekarriko ditu euskara meritu gisa puntuatzeko? 

Euskara meritu gisa: Kasik aldaketarik ez. 

Zaila da mila aldiz errepikatutako gezurrei aurre egitea, baina argi esan behar
da: Foru dekretu berriak, oro har, ez du aldaketarik ekarriko alde horretatik. Nafarroako
Gobernuaren lan deialdi gehienak oposizioak dira, (azterketa egiten da, baina merituak
ez dira kontatzen) eta horietan (oro har) ez dira hizkuntzak puntuatzen. Beraz, orain
arteko lan deialdietan euskararen puntuazioa (oro har) ZERO zen, eta hemendik
aurrera ere ZERO izanen da. 

Oposizio-lehiaketen kasua. 

Lan deialdi gutxi batzuk oposizio-lehiaketak dira (azterketa egiten da eta
merituak kontatzen dira). Batez ere Osasunbideko deialdiak izaten dira, eta horietan
bai, hizkuntzak puntuatzen dira. Osasunbidean zertxobait igo eginen da euskararen
puntuazioa meritu moduan. Lehen, baremoko puntu guztien % 3 zen eremu mistoan,
eta % 6 eremu euskaldunean. “Eremu ez-euskaldunean” ez zen euskaraz jakitea
puntuatzen, eta bai alemanez, ingelesez eta frantsesez jakitea. Orain, berriz,
baremoko puntu guztiak batuko dira, salbu euskararenak, eta horren batuketako % 7
dagokio euskarari eremu mistoan eta % 11 eremu euskaldunean. “Eremu ez-
euskaldunean” euskara baloratzeko aukera izanen da bakarrik, baina beti baloratuko
dira alemana, ingelesa eta frantsesa. 

Baremoko portzentajea vs deialdiko portzentajea. 

Aipatzekoa da portzentaje horiek ez dagozkiola oposizio-lehiaketa guztiari,
baizik eta baremoaren zatiari. Hau da: Osasunbidean adibidez, gehienetan 60 puntu
dagozkio azterketari, eta merituei 40. Ba euskararen portzentajeak 40 puntu horiei
bakarrik aplikatuko zaizkie. Beraz, praktikan, euskararen egiazko puntuazioa lan
deialdi osoaren % 2,8 baino gutxixeago izanen da eremu mistoan, eta % 4,4 baino
gutxixeago eremu euskaldunean. “Eremu ez-euskaldunean”, euskaraz jakitea
baloratzen bada, % 2,8 baino gutxixeago, eta baloratzen ez bada, horixe: Zero puntu
(alemanak, ingelesak eta frantsesak, % 2 bakoitzak). 

Ingelesa puntuen % 10 zenekoa.

Goian esan dugu oposizioetan ez direla hizkuntzak baloratzen, baina badira
salbuespenak: UPNk, 2009-2015 aldian, ingelesa jakitea baloratu zuen A eta B
mailako oposizioetan. Eta, horietan, lan deialdi osoaren % 10 arteko balioa izan zuen.
Badago aldea, ezta? 

Udal asko, Gobernua baino aise hobeki. 

Merituen puntuazioan Nafarroako Gobernuaren jokabideak ez du zerikusirik
eremu mistoko hainbat udalen jokaerarekin. Burlatan, euskara puntu guztien % 5ekin
puntuatzen da, eta jendearekiko harremana dutenetan, % 10ekin. Antsoainen, berdin.
Lizarran, euskara puntu guztien % 6rekin puntuatzen da. Eguesibarren, puntu guztien
% 3rekin, eta jendaurreko lanpostuetan % 6rekin. Dekretuak dio udalek erreferentzia
moduan har ditzaketela Nafarroako Gobernuak ezarritako puntuazioak. Eskerrak ez
dituen behartzen.

Gehiago