Baztango Eskola Ttikietako Haurren ahotsa
Baztango Eskola Ttikietako 4.,5. eta 6. mailako haurrek urteak daramatzate Iruritan tailerrak egiten. Bertan, herri guztietako adin bereko haurrak elkartzen dira eskola ikasgaiak lantzeko: musika, ingelesa, gorputz heziketa etab. Bere biziko garrantzia dute tailer hauek gure seme-alaben ongizate psiko-sozialerako, baztango errealitate geografiko eta demografikoa kontuan harturik.
Amaiurko, Azpilkuetako Eskolako Gurasoak eta Erratzuko Ertzuin, Iruritako Urdazubi eta Zugarramurdiko Guraso Elkarteak
2021-ko ekainak 23
Izan ere, herrietako eskola ttikietan maila bakoitzean ikasle bakarra dago, maiz. Beraz, Iruritako saioak dira beren adineko jendea ezagutzeko bidea; euren behar psikologiko, sozial eta emozionalak aseko dituzten harremanak eraikitzeko abiapuntua; Baztanen gizarte kohesioa lortzeko tresna (biztanle gutti gara kilometro anitzetan hedatuak); eta Bigarren Hezkuntzarako autonomia emanen diena, talde babesa sortu eta bullyingak ekiditeko tresna.
Horiek guztiak horrela izanik, ez dugu bidezkoa ikusten Hezkuntza Departamentuak tailer hauek bertan behera uztea 2021/2022 ikasturterako.
Departamentuari eskatu genion erabakia berrikusi zezala Baztango Guraso Elkarte ezberdinetatik eskutitzak bidaliz, bilera zuzenak eskatuz eta herritarren firma bilketa eginez. Erantzuna: ez da eskola ezberdinetako haurrak nahasten dituen jarduerarik eginen. Bertze aukerarik eskaini gabe; nahiz eta segurtasun neurriak beteko lituzkeen irtenbideak proposatu herrietako gurasoengandik.
Gure seme-alabek protokoloak zorrotz bete dituzte eta eskola kutsaketak sahiestu dira. Udalekuak eta eskolaz kanpoko ekintzak abian dira (herri ezberdinetako haurren parte hartzearekin). Gainera, irailerako biztanleriaren %70 eta irakasleriaren %100 txertatuta egonen da.
Hortaz, zergatik ez dituzte haurrentzat hain garrantzitsuak diren tailer hauek berriz indarrean paratzen? Aurreikuspenak hain baikorrak direnean, nolatan erabaki zuen Hezkuntza Departamentuak martxoan tailerrak bertan behera uztea?
Gure haurren ahotsa goratzen lagundu nahi dugu gurasook; guk ez dugu deus irabazten, baina gure umeek aunitz dute jokoan.
Aurten, ezarri zaizkien murrizketa gogorrak jasan behar izan dituzte: musukoak, eskola patio debekuak, jolas parkeak itxita etab.
Baztango Eskola Ttikietako haurrek merezi dute eta behar dute datorren urtean Iruritako tailerrak martxan hastea, neurriak betez, doike.
Hezkuntza Departamentua, aditu gure ahotsa!