Aurrerantz (1)
Ezker abertzalearen militanteok gara, gazteok eta nagusiok, betiere Euskal Herria sozialista eta independente, euskaldun, feminista eta ekologistaren alde borrokatu garenok. Gure militantzia iraultzailea Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren hainbat erakunde eta kolektibotan eraman dugu aurrera, norberak egokitzat jo duen erakundean, hain zuzen ere.
Aurrerantz
2016-ko ekainak 7
Euskal Herriak eta Ezker Abertzaleak gaur egun bizi duten egoera
ikusita, bildu egin gara geure bizipenak, azterketak eta ikuspegiak
elkarri azaltzeko. Gure lan, indar, gogoeta eta esperientzia Euskal
Herriaren askapen nazional eta sozialaren zerbitzuan jarri nahi ditugu.
Berrogeita hamar urtez baino gehiagoz gogor borrokatu ondoren, lortu
dugu Euskal Herriak existitzen jarraitzea, euskarak bizirik irautea,
klaseko kontzientzia nazionala euskal herriarengan errotzea; lortu dugu
Ama Lurraren suntsipena eragoztea, feminismoak aurrera egitea, eta beste
borroka askok Estatu zapaltzaileen eta kapitalismoaren aurka jo ta ke
jarraitzea; nolanahi ere, zapalketa nazionalak, klasekoak eta
patriarkalak hor diraute indarrean.
Espainiak eta Frantziak proiektu sozialista eta independentista oro
garatzea eragozten diote euskal nazioari. Euskal Herriak pairatzen duen
zapalketa estatu horietako burgesien interesek gidatua da; izan ere,
europar proiektuaren baitan, interes horiek inposatu egiten dituzte
beren onerako eta herri-klaseen kontra, batez ere emakumeen eta gazteen
kontra. Inposatu nahi diguten etorkizuna XIX. mendeko bizi-baldintzen
antzekoa da: langabezia, miseria, bazterketa, derrigorrezko emigrazioa,
terrore patriarkala, alienazioa, nagusien boterea, planetaren agorpena,
nazio zapalduen genozidio kultural eta linguistikoa… Hori da
demokrazia burgesa.
Duela zazpi urtetik hona –gutxi gorabehera-, ezker abertzaleak Euskal
Herriak pairatzen duen egoera horren aurka borrokatzeko eraman duen
estrategia ofiziala porrot galanta izan da, agerian geratu den bezala.
Borroka instituzionala herri-borrokaren gainetik lehenestea, langile-
eta herri-mugimendua ahulduz, “efikazia” politiko burokratikoa
praktikatzea, alderdiaren forma hartuta, oportunismora eta taktizismora
lerratuz; aldebatekotasuna erabiltzea, inposatutako legeak onartuz eta
betez, eta abar. Estrategia horrek erabateko porrotera eramaten gaitu
zuzenean. Horregatik, uste dugu beharrezkoa dela lan egitea eta
borrokatzea politika hori aldatzeko; beharrezkotzat jotzen dugu,
halaber, Zutik Euskal Herriaren aurretik ezker abertzalearen oinarrian
egon diren ildo estrategikoak berreskuratzea, oraingo baldintzetara
egokituz. Ezin da estrategiarik planteatu kapitalismoaren oraingo
baldintzak kontuan hartu gabe. Ez da egon eta ez dago “ongizate”
Estaturik, eta horren promesa egiten duen proiektu sozialdemokrata oro
herria engainatzen ari da.
Estrategia sozialdemokrata hori krisian sartu da, eta militante
abertzale eta sozialisten itxaropenak betetzen ez dituenez,
berregokitze-prozesu bat jarri da martxan: Abian eztabaida.
Abian eztabaidaren hasierak itxaropen handiak piztu zituen; horregatik,
Ezker Abertzaletik edo beraren ingurunetik urrundutako hainbat militante
berriz ere elkartu ziren, eztabaidan parte hartzeko. Pertsona askok
beren kritikak aurkezteko aukera ikusi zuten, Zutik Euskal Herria
eztabaidaren unean ez bezala, garai hartan ezin izan baitzuten horrelako
kritikarik egin. Bestalde, Zutik Euskal Herriarekin eta Sorturekin ados
egon ziren beste pertsona batzuek, alderdi horren deriba erreformista
ikusita, eztabaida ireki bat egin nahi zuten, gai guztiez hitz egin ahal
izateko eta Ezker Abertzalearen benetako funtsa osatzen duten ikuspegi
guztiak planteatzeko. Pertsona askok pentsatu zuten Abian eztabaidatik
eragina izan zezaketela Ezker Abertzaleak behar dituen ildo politikoan
eta antolatze-forman; beste batzuek, aldiz, mesfidantzaz ikusten zuten
bide hori.
Lehenengo eztabaidan, 9.000 pertsonak parte hartu zuten modu aktiboan,
eta Sorturen ildo politikoan ikusten zituzten arazo ugari plazaratu
zituzten eta 800 ekarpenetan islatu. Bigarren fasean, Sorturen kopuru
ofizialen arabera, 4.782 pertsonak parte hartu zuten. Eta eztabaidaren
azken fasean, datu ofizialen arabera, 3.059 pertsonak parte hartu zuten.
Parte-hartzearen beherakada hori ikusita, pentsatzen dugu eztabaidarako
planteatu zen metodologia tesi ofizialetarako soilik zela erabilgarria;
izan ere, benetako autokritika baztertuta, kritikatzen omen zuten
politika indartu egiten zuten.
Errealitatean, txosten ofizialak jasotako % 80ko sostengua datu faltsu
bat da, zeren ez baita ezker abertzalearen % 80, baizik eta Abian
eztabaida amaierara arte jarraitu duen gutxiengoarena, hau da, oso
ehuneko txikia.
Abian eztabaida mesfidantzaz ikustera bultzatzen gaituen azkeneko
arrazoia da “eztabaida” egiten zen bitartean oinarriekin adostuta ez
zeuden akordio estrategikoak egin direla. Adibide deigarrienetako
batzuk, baina ez bakarrak, honako hauek dira: Segurako auziaren inguruan
Estatuarekin egindako akordioa; EAEko Etxebizitzaren Legea PSE-EE eta
UPDrekin onartu izana; Udalbiltza indarrik gabe utzi izana, EAJrekin
Eudelen adostutakoaren bidez; eta Udal Legea EAJrekin onartu izana.
Beste akordio batzuk ere aipatu genitzake, hala nola Arabako Aldundiaren
2016ko Aurrekontuen onarpena, eta Gasteizko Udalekoak, EAJ-PSErekin.
Horiek eta beste akordio batzuek nabarmen murrizten dituzte
independentzia eta sozialismorantz aurrera egiteko aukerak.
Abian eztabaidaren edukiari eta egindako ekarpenei dagokienez, lau izan
dira ildo nagusiak:
-
Desobedientzia – erreboltarako eskubidea.
Preso politikoen amnistiaren aldeko herri-mugimendua.- Zuzendaritza kolektiboa, mugimendu eredua.
- Herri-mugimendua indartzea eta garatzea, euskal Estatua eraikitzeko
prozesu sozialista eta independentistaren oinarri gisa.
Puntu horien inguruan ez da zuzenketa bat bera ere onartu, eta hori
atzerapauso nabaria da Ezker Abertzaleak iraganean izan dituen ildo
estrategikoen eta konstanteen ikuspuntutik.
Lehenengo puntuaren gaia, DESOBEDIENTZIA, funtsezkoa da
borroka-prozesuetan, eta zehazki euskal herriaren borrokan.
Desobedientzia aktiboaz hitz egiten dugu, horren ondorio guztiekin.
Desobedientzia horrek ez du inolako zerikusirik pazifismoarekin, zeren
azken batean zapaltzaileei aurre egitera eramaten baitu; desobedientzia
erreboltarako eskubide gisa erabilita, etsaiari aurre egiteko une
bakoitzean egokitzat jotzen diren borroka-metodoak erabiliz. Tesi
ofizialek gehienez onartu dutena izan da desobedientzia zibilaz hitz
egitea, baina hitz egin baino ez dute egin, praxira ezer ere eraman
gabe.
Bigarrena ere ez da onartu: PRESO POLITIKOEN AMNISTIAREN ALDEKO
HERRI-MUGIMENDU BAT ERATZEA Sortutik kanpo. Euskal preso politikoen
amnistiaren aldeko borrokaren zabaltasuna eta aberastasuna bakarrik jaso
daitezke baldin eta borroka hori bideratzen duen erakundea alderditik
kanpo antolatutako herri-mugimendu zabal bat bada, azkeneko helburu
berberekin baina funtzionamendu independentearekin. Mugimendu hori are
beharrezkoagoa da espainiar eta frantziar Estatuak neurri errepresiboak
inposatu eta biderkatzen ari direlako. Norabide horretan lan egin nahi
ez izatea amnistiaren aldeko borroka itotzea da.
Hirugarrena, ZUZENDARITZA KOLEKTIBOA, MUGIMENDU EREDUA.
Langile-klasearen borrokaren historiak erakutsi duenez, guztia
zentralizatu nahi denean ez dago herri-mugimendu aberatsik, baizik eta
alderdiaren transmisio-kateak, azkenean herri-erakundeak itotzen
dituztenak. V. Asanbladatik atera ditzakegun irakaspenak, eta euskal
herriaren azken berrogeita hamar urteetako borrokaren esperientziak
erakutsi duena da mugimendu moduko erakunde bat dela beharrezkoa,
herri-borroken aberastasuna jasotzeko; bertan, bada batasuna
estrategiaren ikuspuntutik, baina aldi berean herri-mugimendu bakoitzak
badu independentzia bere borrokan.
Azken puntuari dagokionez: HERRI-MUGIMENDU BAT INDARTZEA ETA GARATZEA
euskal Estatua eraikitzeko prozesu sozialista eta independentistaren
oinarri gisa, funtsezko puntu bat da herri-borroken antolaketarako.
Guztia alderdi batetik edo Sortu, LAB eta Ernai biltzen dituen erakunde
batetik pasatu nahi izatea herri-mugimenduak dituen aukera guztiak
mugatzea eta itotzea da.
Abian eztabaidaren emaitza horren aurrean, uste dugu V. Asanbladaren
esperientziak jaso behar ditugula, hortxe baitago ENAM izan denaren
ibileraren hasiera; ibilera hori borrokaz josita egon da, batzuk
arrakastatsuak eta beste batzuk ez, baina lezioak ateratzeko aukera
eskaini digute, beste une eta egoera batzuetan aplikatzeko, eta uste
dugu baliagarriak izango zaizkigula orain ere aurrera egiteko.
V. Asanbladatik funtsezko nozioak atera ditugu, alegia, gure herriaren
borrokari jauzi kualitatibo bat ekarri zioten nozioak: zapalketa
nazional ezin adiskidetuzko kontraesan bat da; beste nozio bat
esplotazio kapitalista da; emakumeek zapalketa hirukoitza pairatzen
dute: nazionala, klasekoa eta patriarkala; erreboltarako eskubidea,
horren zentzu guztietan; prestakuntza, eztabaida, praxi, kritika eta
autokritikaren beharra; Euskal Herria klase-borrokaren esparru autonomo
gisa; euskal herri langilea subjektu iraultzaile gisa;
klase-kontzientzia nazionala eta nazionalismo iraultzailea. Euskal herri
langilearen borroka ez da iraultza demokratiko bat egiteko, iraultza
sozialista bat egiteko baizik. Iraultza horren subjektu aktiboa Euskal
Herri Langilea da, eta haren antolaketa ez da alderdi klasiko bat;
aitzitik, mugimendua da behar duen forma.
Une honetan, gure ustez, ezerezean gera daiteke azken berrogeita hamar
urteotako borroka; edo, aldiz, berretsi egin daiteke, Ezker Abertzalea
berrantolatuz eta Euskal Errepublika Sozialistarantz aurrera eginez.
Ezker Abertzalearen oraingo zuzendaritzaren erreformismoa eta oraingo
ahulezia ideologikoa direla medio, orain dela urte batzuk argi zeuden
zenbait kontzeptu bazterrean edo ezkutuan utzi dira, eta horien ordez
kontzeptu lausoak eta pentsaera ahulekoak sartzen dizkigute mordoxka,
ideologia moduan, langile-klasearen edukirik gabe, baizik eta guztiz
kontrakoarekin: hiritartasuna, demokrazia –demokrazia norentzat den
ondo jakin gabe-, Estatua neutrala den zerbait bezala aurkeztu,
prestakuntza alde batera utzi… gizartea erreforma hutsez eta
zapalketei etekina ateratzen dietenen oniritziarekin eraldatu daitekeela
“pentsatzea”. Kontua da galdera honi erantzutea: norena da Euskal
Herria, euskal herri langilearena ala kapitalarena?
Horregatik guztiagatik, testu hau hedatzera eta eztabaidatzera deitzen
dugu, berriki argitaratu diren beste testu batzuekin batera, bizi dugun
egoera historiko zaila bistatik galdu gabe; izan ere, egoera historiko
honek masa zapalduak berpiztera eraman gaitzake eta gure antzeko
kolektiboekin kontaktatzera, elkartzen gaituzten puntuak bilatzeko eta
horien inguruan batzeko. Egia da lan hori oztopa dezakeen garai batean
sartzen ari garela, hots, hauteskunde-garaian: espainiar hauteskundeak
(ekaina), EAEko hauteskunde estatutarioak (urria); hala eta guztiz ere,
aurkitu ditzakegun zailtasunak gorabehera, gure planteamendua da
koiuntura honetatik koordinatuta irtetea eta aurrera egitea Askapen
Nazionaleko Euskal Erakunde Sozialista Iraultzailearen eraikuntzan.
2016ko ekainaren 6an