Asimilazio haziak
Euskarazko murgiltze eredu bakarra dago Gobernuak eta Udalak kudeatzen dituzten Iruñeko 16 haur eskolen artean. Euskarazko beste aukera urriak eredu mistoetara ari dira mugatzen.
Iñigo Otxoa Fernandez Aita eta euskaltzalea
2022-ko urtarrilak 20
Eredu mistoek euskal eta erdal adarrak nahasten dituzte, orain ingelera ere sartuta, eta horrela, murgiltzea eta euskararen transmisioa oztopatuz. Eredu mistoen sustatzea Gobernua sustengatzen duten indarren 2019-2023ko Programa Akordioan azaltzen da (3.1 Apartatua, 32. Puntua). Akordioan, Lehen Hezkuntzara eta Nafarroa osora zabaltzeko intentzioa dutela ere adierazten da.
Eredu mistoen ideologoek ez dute hizkuntza proiekturik garatu ere, edo hobeto esanda, proiektua badago baina ez dago jasota, eta beraz, hegemonikoa den hizkuntzari gailentzen uzten zaio eta gutxitua baztertu. Arkitektonikoki, eraikinek ez dute zertan adar bakoitzaren autonomia bermatu, eta familien harreran, barne funtzionamenduan eta abarretan erdara euskarari gailentzen zaio nabarmen. Horri gehitu behar zaio, gehienetan, bogan dauden mugimendu libre, Pitkler eta abarreko pedagogiek lehentasuna dutela. Umeari bere kabuz egiten utzi behar zaio, eta gehiegitan, pedagogia hauek euskarari gain hartzen diote, bien arteko integrazioa bilatu beharrean.
Errealitate gordin honen atzean, pintza-estrategia berritu bat dago “nacionalismo lingüístico” espainarrak diseinatua, ezaguna den eskuin hegalak, eta bere burua “ez-identitariotzat” duen hegal ezkertiar eta progresistak sustatua. Zein da komunean duten argudiategia? “bi hizkuntzen eskaintza-eskaria doitzea” alde batetik, lege hori, euren interesaren arabera erabiliz eta Iruñea erdia eskaintzarik gabe utziz eta euskara aukeratzeko eskubidea ukatuz. Eta bestetik, “eredu mistoa = “bizikidetza” eufemismoaren sustapena.
Sektore batzuk, haratago doaz, inoiz baino oldarkorrago, euskara hizkuntza “burgesa” eta “pribilegiatua” denaren kontua zabalduz. Kapital handiak, nonbait, euskara erabiltzen omen du erdararen ordez… Edo etorkinak (klase baxuenak) ez ditugula onartzen ere leporatzen digute. Egia omen da euskaldungoa klase ertainetan kokatzen dela gehien bat. Eta egia da etorkinek, ailegatu bezain pronto, hizkuntza hegemonikoa ikastera jotzen dutela lan eta behar materialengatik. Sekula ezker hegal honen hizkuntza-politikak euskara ezagutarazi eta sustatu du sektore hauen artean? Honetan ez dute ekitatea bilatuko, ez. Zein da hizkuntza pribilegiatua orduan?
Larriena da indar euskaltzaleek behar bezala ez egitea aurre asimilazio estrategia honi. Uxue Barkosek Aingeru Epaltzari erantzun berri dio: “Oker zaude, ez dugu euskararekin etsi, lanean jarraitzen dugu”. Beno, aspaldian, bere adierazpenetan aukeratutako gaiek eta ekintzek argi uzten dute euskara ez dela lehentasuna izan. Bakartxo Ruizek berriz, “UPN-PSN-ren arteko arrakala sakonduz doa” goraipatzen du, PSN-ren hizkuntza politikarekin “desadostasunak” dituztela adierazteko segituan. Agian, alderdi euskaltzaleek euskararen kontrako oldarraldi honen zergatiaren zati handi bat beraien utzikerian bilatu beharko lukete.
Indar euskaltzaleek euskalduntasunaren muina ez badute zaintzen, nekez egingo dugu aurrera. Ume euskal hiztunak euskarari eusteko politikak ez baditugu ezartzen, eta euskal hiztunak ez diren ume eta familiak laguntzeko tresnak ez baditugu baliatzen, ezagutzak handitzen segituko du, bai, baina erabilpen gaitasunak txikitzen segituko du, eta ondorioz, erabilpenak ere bai. Eta hori, jada ez da “taliban” honen iritzia, jo inkesta soziolinguistiko eta diagnostiko ezberdinak ikustera, edo okerragoa dena, itxaron pandemia ondorengoak.
Eta zein da orduan gure egitekoa? Oinarrira bueltatzea, ez dut besterik ikusten. Guraso elkarte eta eragile euskaltzaleetatik bultza egitea, ez bakarrik murgiltzearen alde mobilizatuta, baizik eta normalizazio planak sustatuz, pedagogia eginez, aisian eraginez, norberaren eredugarritasunetik jakina, edo besterik gabe, euskaraz gozatuz. Horretan diharduten pertsonak dira “bizikidetza” hitzaren atzean dagoen asimilazioaren haziak ez loratzeko itxaropena.