Arartekoaren gomendioa: Euskara, atzerriko hizkuntzen gainetik

Enplegu publikoko deialdi gehienak oposizioak dira, eta horietan euskara ez da baloratzen, ezta baloratuko ere, euskarari buruzko foru dekretu berriarekin.

AET Administrazioan Euskaraz Taldea

2017-ko irailak 24

Hala ere, deialdi gutxi batzuk oposizio-lehiaketa dira (oro har, Osasunbidekoak
izaten dira), eta horietan, atzerriko hizkuntzak gehiago baloratu ohi dira euskara baino.
Nafarroako hegoaldean, atzerriko hizkuntzak puntuatu egiten dira eta euskara ez.
Gauza bera gertatzen da lekualdatze lehiaketetan. 

Horren aurrean, UPNko Gobernuari emandako gomendio berbera eman dio
Nafarroako Arartekoak oraingo Gobernuari, 2017ko ekainaren 23an eta uda honetan:
Oposizio-lehiaketetan eta lekualdatze lehiaketetan atzerriko hizkuntzak ez daitezela
euskara baino gehiago baloratu. 

Euskararen Legeak euskarari ematen dion estatusa eta atzerriko hizkuntzek
dutena ez da berbera. Hain zuzen ere, euskararena horien gainetik dago, Legeak
euskarari ematen dion aitorpena dela bide. 

Nafarroako Gobernuaren erantzuna izan da euskararen erabileraren inguruko
dekretu berria laster onartuko duela, eta arazo horiek horren bidez konponduko direla.
Ikusteko dago ea egia den. 

Bi urte baino gehiago darama lanean Nafarroako Gobernu berriak eta oraindik
ez da gai izan UPNren Gobernuak euskararen inguruan eraikitako arkitektura juridikoa
aldatzeko. Legeen mailan Parlamentuak du erabakia, baina dekretuak Gobernuaren
ardura dira. 

Dekretuak aldatu bitartean, atzerriko hizkuntzak euskara baino gehiago
puntuatuko ditu Nafarroako Gobernuak, Arartekoaren iritziaren aurka. 

Behingoz disfuntzio hauek konpontzeko eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari.
Hala ere, hori baino gehiago behar da, Nafarroako Administrazioetan euskaldunon
hizkuntz eskubideak babestuko badira.

Gehiago