Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren kriminalizazioaren aurrean

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren kontrako erasoak, jazarpena eta kriminalizazioa bere jaiotzaren une beretik gertatu dira. Eraso hauek forma ezberdinak hartu dituzte, baina amankomunean izan dute hauek burutzeko orduan sistemaren komunikabideek, alderdi politiko instituzional guztiek, poliziek eta epaileek elkarlanerako erakutsi duten prestutasuna.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua

2018-ko maiatzak 6

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua 2014ko apirilean jaio zen
amnistiaren aldarrikapena berreskuratzeko eta bere aldeko borroka berpizteko, eta horrela
adierazi egin du lehenengo unetik. Gure lana desitxuratzeko asmoz eta planteatzen dugun
eztabaida politikoa saihesteko saiakeran, ordea, lehen aipatutako eragileek borroka armatuaren
eztabaidan nahastu nahi izan gaituzte, mugimendu hau borroka armatua praktikatzeko ez zela
jaio hainbatetan esan dugun arren. Noski, inongo borroka molderik gaitzesteko ere ez zela jaio,
ezta borroka armatua ere ez. 

Borroka armatuaren amaieraz daukagun iritzia galdetu diguten bakoitzean azaldu behar
izan dugu borroka molde hau hainbaten artean beste bat dela eta horren inguruan erabakitzea
borroka armatua praktikatzen duenari dagokiola, eta ez beste inori. Era berean azaldu izan dugu
borroka armatuaren amaiera eta bakea ez direla gauza bera, eta bakearen definizio hori onartzen
duena zapalkuntzari zilegitasuna ematen eta zapaltzailearen aurrean altxatzen dena
kriminalizatzen ariko dela, disidentzia politikoaren aurkako errepresioari erraztasunak emanez. 

Esan bezala, ez da lehenengo aldia gure mugimendua, bere militantzia eta berarekiko
begirunea publikoki adierazi duten preso politikoak errepresioaren jo puntuan jarri gaituztela,
poliziaren jarraipenak eta kolaborazio eskaerak, Audientzia Nazional espainolak gurekiko egiten
dituen informeak eta politikari eta kazetari txakurrek gure errepresiorako giroa prestatzea berria
ez den bezala. 

Hala ere, jokaera horiek gogortu egin dira azken egunotan eta horregatik publikoki
adieraztera gatoz horrelako mehatxuekin ez gaituztela kikilduko eta gure lana orain arte bezala
burutzen jarraituko dugula. Isildu nahi gaituzte, kartzelan nahi gaituzte eta horretarako
baldintza mediatikoak prestatzen ari dira. Estatu kapitalistek berezkoa dute errepresioa, ez dute
biolentzia iraultzailearen aitzakiaren beharrik egurra ematen jarraitzeko, bilatzen dutena ez
delako bakea, baizik eta sumisioa. Militanteak atxilotzen eta kartzelatzen jarraituko dute
askatasunaren aldeko azken hazia desagerrarazten duten arte… ala egoerari buelta eman eta
borrokaren bitartez garaipena eskuratzen dugun arte. 

Amnistia eskatzen jarraituko dugu, gudariak direlako, harrotasunez aldarrikatu nahi
dugulako errepresaliatu politikoek burututako borrokaren zilegitasuna eta askatasunaren aldeko
borrokan jarraitzeko hartu dugun konpromisoa, ez dugulako onartuko historiaren
manipulaziorik eta ‘Meliton Manzanas’ edo ‘Carrero Blanco’ ugari izan direla azalduko dugulako.
Amnistiaren aldeko oihua zabaltzen jarraituko dugu ez dugulako onartzen espainiar eta frantziar
Estatuek askatasun nazional eta soziala lapurtzen jarraitzea. Amnistia aldarrikatzen jarraituko

dugu badakigulako askatasuna lortzeko egiten dugun ezer ezin dela etsaiek gu zanpatuta
mantentzeko egiten dutena baino okerragoa izan. Jo ta ke irabazi arte!

Gehiago