Altsasuko Oinarrizko Osasun Zonaldean okerretik okerrera

Azken urteetan behin eta berriro errepikatu izan dugu gure Oinarrizko Osasun Zonadearen egoera jasanezina dela. Arazo horren inguruan bilera bat baino gehiago izan ditugu Osasunbideako arduradunekin. Bilera horietan konponbidea bilatzeaz gain, kalera ere atera gara, Altsasun bertan, Iruñan....

Javi Paz, Altsasuko zinegotzia Joseba Vizueta, Olaztiko alkatea Olatz Irizar, Ziordiko alkatea

2022-ko maiatzak 10

Eta honen aurrean Nafarroako Gobernuko arduradun politikoek promesak egiten dizkigute: lasai udaberrirako konponduko da zioten iaz (2021/02/12 Altsasuko Udaletxean Osasunbideako arduradunekin egindako bileran), lasai berehala 3 mediku etorriko dira esan digute aurten (2022/04/04 Irurtzungo Kultur Etxean Maria Chivite Lehendakariak). Baina ez, egoera ez da hobetzen, okerretik okerrera goaz eta promesa bat bera ere ez da bete.

Aspertuta eta haserre gaude gure biztanlegoari zuzenean eragiten dion zerbitzu publiko honen kalitate eskasarekin. Mediku onak ditugu eta lan handia egiten ari dira, baina medikurik hoberenak ere ezin ditu atenditu hain baliabide eskasekin zonaldean ditugun beharrak.

Gaur gaurkoz hau da egoera:Altsasun 3 mediku daude, 6 egon behar zirenean.

Olaztin batek kontsulta pasa beharko luke egunero, baina astean hiru aldiz baino ez da pasatzen kontsulta. Eta beste bi egunetan larrialdiak egonez gero, Altsasutik joan behar dira.

Eta Ziordin ez dago medikurik.

Mediku falta horiek eguneko ordezkepenekin betetzen dira eta batzuetan ez da inor etortzen. Behin baino gehiagotan urgentziak baino ez dituztela atendituko jartzen duen papera jartzera behartuak egon dira.

Egoera horren aurrean, berriro diogu, gure biztanleen osasuna eta gure herrien etorkizuna jokoan dago. Sinplea eta larria.

Nafarroako Gobernuko ordezkariek behin eta berriro aipatzen dute kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko apustua egiten dutela, herri txikien despopulazioari aurre egiteko lanean ari direla….

Ba, zoritxarrez, gaur gaurkoz Altsasun, Olaztin eta Ziordin ez dugu horrelakorik ikusten. Arazo larri honi konponbidea aspaldi eman behar zitzaion, eta ez da egiten.

Eta hori da eskatzen duguna prensa ohar honen bidez, gure Oinarrizko Osasun Zonaldean dugun arazo larria serio hartu dezaten eta behingoz konpondu dezaten. Hitzetatik ekintzetara pasa daitezen. Urgentea da.

Gehiago