Ahobiko ezkutua

Andoni Burgete

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatua

2025-ko urtarrilak 28

Heldu den urtarrilaren 30an, familia bat etxegabetuko dute Burlatan: hiru adingabe bere kargupean dituen ama bat, genero indarkeriaren biktima ere badena. Nahiz eta urteak daramatzan alokairua ordaintzen, etxejabeak etxetik bota nahi du pisua saldu nahi baitu –etxejabea emakumearen senar ohiaren senidea da, hau da, erasotzailearen senidea–. Zuetako batzuek zeuen buruari galdetuko diozue ea hori nola den posible; izan ere, pasa den urteko abenduan Espainiako Gobernuak eta bere adiskideek 2025aren amaierara arte luzatu zuten etxegabetzeen moratoria zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonentzat. Erantzuna sinplea bezain tristea da: kasu honetan, emakumeari ez zaio moratoria aplikatzen.

9/2024 Errege Dekretuaren 1 bis artikuluagatik da hori, hark arautzen baititu, besteak beste, “prekarioko etxegabetzeak”. Artikulu horren arabera, kasu honetan bezala, errentamendu-harreman legezko bat dagoela frogatu ezin den kasuetan, hots, etxean bizi den hura ez dagoenean ofizialki maizter gisa aitortua, moratoria aplikatzeko baldintza askoz ere zorrotzagoak dira, adibidez hauek: muturreko premiazko egoera frogatzea, etxejabea jabe handia izatea (gutxienez 10 etxebizitza izatea) eta etxebizitzarako sarrera-data moratoria neurria martxan jarri baino lehenagokoa izan beharra.

Legearen arrakala horren eraginez, ustezko ezkutu sozial bat ahobiko arma bihurtzen da nahiko aise, hau da, neurri baztertzaile bihurtzen da, etxejabeen inpunitatea babesten duena, eta, hala, unean uneko epailearen irizpide subjektiboaren arabera buka dezake negu betean familia batek kale gorrian. Ezkutu sozial hori, bestalde, berriki erortzen ikusi dugu –behin behinekoz, pentsatu beharko dugu–, omnibus dekretuaren harira egin diren karanbola parlamentarioren eraginez. Horrelakoxeak dira gure bizi-baldintzei eusteko ezartzen dituzten oinarriak: ahulak eta ezegonkorrak.

Baina karanbolez eta legearen letra hotzaz harago, kasu honek eredu bat jartzen du mahai gainean, pertsonak babesten ez dituena eta haien beharrei erantzuten ez diena, eta, kontrara, jabeen eta espekulatzaileen interes pribatuak lehenesten dituena. Izan ere, genero-indarkeriaren biktima batentzat –horixe da hizpide dugun kasua–, etxegabetzea ez da etxea galtzea bakarrik: senar ohiak, hau da, erasotzaileak egiten duen kontrola, xantaia eta sufrimenduak luzaraztea da. Eta, hori guztia gertatzen den bitartean, instituzioek pasibo erantzuten dute, gizarte zerbitzuek ez dute ez alternatiba egonkor eta ez kalitatezkorik ematen, eta, hala, ezjakintasunaren eta neguko hotzaren mende uzten dituzte familiak.

Egoera honen aurrean, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuko kideok ez dugu zalantzarik: antolakuntza da injustizia horiei aurre egin eta jabeen aurrean dugun babesgabetasun orokorrari aurre egiteko modu bakarra. Hori dela eta, dei egiten diegu Burlatako auzokideei: erakuts dezagula gai garela, guztiok elkarrekin, etxegabetze hau geldiarazteko. Ez baitugu etxebizitza bat bakarrik defendatzen: etxebizitzarako sarbide unibertsaletik kanporatzen gaituen eta ama bat eta haren seme-alabak kale gorrian utzi nahi dituen sistema oso bati egin nahi diogu aurre. Ostegunean ikusiko dugu elkar.

Gehiago