A30 Greba Feminista. Denon bizitzak erdigunera. Zaintzak irauli dena aldatzeko

Heldu den azaroaren 30ean Euskal Herria geldiaraziko dugu, egungo zaintza-sistema eztabaidaren erdigunean kokatu eta publiko eta komunitarioa izanen den bat aldarrikatzeko.

Errotxapeako A30eko greba lan-taldea

2023-ko urriak 17

Errotxapean hainbat hilabete daramatzagu greba hau prestatzen. Aliantza eta sareak eraikitzen saiatzen ari gara, auzoko errealitateari lotutako aldarrikapenak landu eta ikustarazteko. Uste dugu auzo honek arrazoi asko dituela grebara batzeko eta guztiontzako bidezkoagoa izanen den sistema baterantz pausuak emateko: izan ere, nahi duguna denok duintasunez zainduko eta zainduak izanen garen auzo bat da.

Azken 20 urteotan, instituzioek zaintza-zerbitzuak sistematikoki pribatizatu dituzte, enpresa pribatuen esku utzirik. Enpresa hauek milioika euroko etekinak lortu dituzte langileon kontura. Eta ez dezagun ahaztu: “komunitatea” bezalako hitzak erabili arren, zaintza lanak emakumeon esku geratzen dira, askotan emakume migratu eta arrazializatuonean.

Errotxapea zaintza-sektorearen pribatizazioaren isla argia da. Ezinezkoa litzateke pribatizatutako zaintza-zerbitzu guztiak zerrendatzea, baina hona horietako batzuk: zaharren egoitzak, buruko gaixotasunak dituzten pertsonentzako egoitzak, aniztasun funtzionala… Arlo guzti hauek enpresa pribatuek kudeatzen dituzte. Adibide argi bat: Iwe Matesa eraikineko zati bat 130 pertsonendako zaharren egoitza bilakatuko da, eta proiektua Healthcare Activos plataforma espainiarrak kudeatuko du: hamarnaka hospitale, klinika eta egoitzaren jabe den plataformak.

Gainera, zerbitzu publikoen prekarizazioaren ondorioz kalitatezko zerbitzua ezinezko bilakatzen ari da: osasun etxea, oinarrizko gizarte zerbitzuak, SMAM/EUAZ (Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzua), haurreskolak, ikastetxeak…

Urgentziazko aldarrikapenen artean, hauek proposatzen ditugu: zaintza duinen unibertsalizazioa eta eskubide gisa aitortzea, pribatizazioarekin amaitzea eta sistema publikoa indartzea, Atzerritar Legea indargabetzea eta zaintza-sektoreko langile guztiak erregularizatzea, soldata eta lan-baldintza duinak bermatzea, zaintzaileentzako laguntza-sareak sortzea eta zaintzen denborak bermatzea, agroekologia bultzatzea eta etxebizitza-eskubidea bermatzea merkatuan esku-hartuz, besteren artean.

Erantzunkizuna eta konpromezua exigitzen dizkiegu arduradun politikoei, egoera hau jasangaitza delako eta errudunek izen-abizenak dituztelako.

A30eko greba bide baten hasiera baino ez da, helburu zaintza-sistema publiko-komunitario bat duena. Helburu honek aldaketa kultural handia eskatzen du, uneoro transbertsalki landu beharrekoa. Horregatik, Errotxapeako lantaldetik gurekin batera lan egitera gonbidatzen zaituztegu: izan ere, aldarrikapen guztiak ezinbestekoak dira zaintza bizitza osoan zehar dugun behar eta eskubide kolektibotzat hartuko duen gizartea erdiesteko.

A30ean greba eginen dugu Euskal Herrian. Herriz herri, auzoz auzo, asanbladaz asanblada ari gara antolatzen, zaintza sistema publikoa definituz eta gure bizitzak politizatuz. Hau guztion bizitzak erdigunean jartzeko prozesu bat da.

Zaintzarako eskubide kolektiboaren alde
Greba orokor feminista AZAROAREN 30an!

Gehiago