“Haur Eskolak Euskaraz”, Iruñeko haurren eskubideen aldeko gurasoen borrokaren lekukotasuna

Iruñean, gaur egun dauden 16 haur eskola publikoetatik, soilik batek eskainiko du datorren ikasturtean euskarazko murgiltze eredua. Honek uzten du sistema publikotik kanpo euskarazko murgiltze ereduan matrikulatu nahi dituzten haurren familia asko. "Haur Eskolak Euskaraz" erreportaje labur berezi honetan Iruñeko haur eskola euskaldunen aldeko borrokan murgilduta dauden hainbat eragile eta pertsonen iritziak jaso ditu Ahotsa.info-k.

2021-ko urtarrilak 22

Gaur Iruñean egindako erreportajearen aurkezpenean HE Gurasoak plataformak osatu duen proposamen berri bat aurkeztu du. Alderdiekin eduki dituzten bileretan, grafikoki egoera zein den azaldu diete, deitutako “Iruñeko euskararen basamortua” argi erakusteko.

Bileretako “borondate eta akordio faltaren aurrean” zerbait egin beharra zegoela ikusi zuten eta alternatiba bat aurkeztea erabaki zute. “Proposamena, gutxieneko proposamen bat da. Ez da guk nahiko genukeena”, onartu dute. Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu, Izquierda-Ezkerra eta EH Bilduri eskatzen diete euren proposamena babestea PSNk eta Hezkuntza Departamentuak onar dezaten. Gogoratu dutenez, Gimeno Hezkuntza Kontselariak da Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Gobernuko haur eskoletan azken hitza duena.

Gutxieneko proposamenak honako dio: Iruñeko zonalde bakoitzean euskarazko murgiltze eredua bermatzea. “Gure auzoan ez bada, ondoko auzoan ezin digute aukera ukatu. Proposamenak, familiek eskatzen duten gertutasun printzipioa eta oreka geografikoa kontuan hartzen ditu. Horretaz gain, murgiltze eredua defendatzen du euskara ikasteko tresna pedagogiko bakarra bezala, eredu mistoaren euskararen disoluzioaren aurrean. Gaztelerazko murgiltze eredua existitzen den bezala, euskarazko murgiltze eredua exijitzen dugu”.

Nafarroako haurren hizkuntza eskubideak behar bezala bermatzen dituen murgiltze ereduaren zabaltzea dute helburu. Baina aurkezten duten proposamena egungo egoera desblokeatzeko konpromiso minimoa baino ez dela azpimarratzen dute. Beraz, arduradun publikoei “zerbitzuaren kalitatearekiko erabakiak hartu eta Nafarroako herritarren berdintasuna eta justizia sozialaren alde” egin dezaten eskatzen diete.

Gehiago