“Matxismoaren aurkako ideia kaleetan zabaltzea eta horri aurre egingo dion proposamen politikoa indartzea dugu helburu”
Nadia Perez Itaiako ordezkariari elkarrizketa Martxoak 8 testuinguruan.
Nadia Perez
Itaia
2025-ko martxoak 4

- Martxoak 8 gainean dugu, zein da Itaiak kaleratu nahi duen mezua?
Matxismoaren aurkako borroka kalean dagoela erakusteko borroka eguna izan behar da Martxoaren 8a. Azken urteetan ideia erreakzionarioak eta faxistak asko zabaldu dira instituzioetan, kalean, zein komunikabideetan, diskurtso matxistak normalizatuz. Horregatik, matxismoaren eta faxismoaren kontrako ideia eta antolakuntza kalean erakutsi nahi dugu M8 honetan.
Era berean, matxismoarekin amaitzeko bideorrian jarri nahi dugu indarra. Azken urteetan feminismoak instituzioetarako norabidea hartu du, kaleko borroka dinamika lausotuz. Instituzioek ordea, argi erakutsi dute emakumeon zapalkuntzarekin amaitzeko egiturazko ezintasuna dagoela. Eta ezkerreko zein eskuineko alderdi politikoek argi utzi dituzte beraien lehentasun ekonomikoak eta partidistak: M8a aurpegi zuriketarako egun bilakatu dute, diskurtso hutsalen eta keinu sinbolikoen bitartez. Horregatik M8a instituzioetatik kanpoko antolakuntza sustatzeko borroka eguna izan behar da, emakume langileon insteresak erdigunean izango dituena.
- Kezkaz ikusten duzue azken urteetan emakumeen askatasunen aurka zabaltzen ari diren mezu atzerakoi eta erreakzionarioak?
Ideia erreakzionarioak eta matxistak, esan bezala, esparru guztietan zabaldu dira eta oso erritmo bizkorrean gainera. Batetik, emakumeon eskubideen aurkako ideiak zabaldu dira, indarkeria matxistaren legearen kontra, esaterako. Bestetik, emakumeok objektu otzan eta sexualizatu gisa aurkezten gaituzten dikurtsoak.
Ezker politikek azken urteetan politika identitarioei eman die garrantzia eta horrek ez du aldaketa esanguratsurik eragin langileongan. Era berean gainera, langile klasearen aurkako politikak indartu dituzte eta horrek desatxikimendu handia eragin du. Testuinguru horretan eskuinak egindako esku hartze kulturala izugarria izan da eta gizarteko sektore baten pentsaera eskuinerantz bideratzea lortu du. Oso kezkagarria iruditzen zaigu egoera. Horregatik, M8 honek garrantzi berezia duela uste dugu, matxismoari ateak itxiko dizkion alternatiba badagoela argi erakutsi nahi dugu.
- Zuen ustez, zer forma berri hartzen ari da emakumeen aurkako indarkeria? Eta nola egin behar zaie aurre?
Matxismoak aurpegi asko ditu eta sistema kapitalistak etengabe moldatzen du emakume langileon aurkako zapalkuntza bere beharretara. Batetik, krisi ekonomikoaren testuinguruan emakume askok lan baldintza oso txarrak onartu behar dituzte: denboraldi baterako lanak, lan partzialak, kontraturik gabe askotan… beste askok sexu-industriara kondenatuta daude. Baldintza horiek bizi eredu proletarizatura kondenatzen dute emakumeen ehuneko handi bat. Bestetik, ideia erreakzionarioen gorakadarekin, emakumeen eskubideen kontrako diskurtsoak normalizatu dira, emakumeon irudi zerbitzaria edota sexualizatua bultzatuz.
Oldarraldi erreakzionario horri ezin zaio politika instituzionaletik erantzun, ezker instituzionalaren porrotak ahalbideratu baitu gorakada hori. Beraz, alde batetik, lehentasunezkoa iruditzen zaigu arku instituzionaletik kanpo matxismoaren aurkako kontzientzia eta antolakuntza indartsua eraikitzea. Bestetik, matxismoaren aurrean erantzun irmo eta argiak ematen jarraitu behar dugu. Eraso horien erantzunek balio behar dute, erasotzaileek, esplotatzen gaituzten enpresariek… argi izan dezaten ez dutela lekurik gure kaleetan eta herrietan. Eta horren bidez, emakume langileontzako erreferentzia izango diren antolakundeak indartu behar ditugu.
- Martxoaren 8an Euskal Herriko Mugimendu Feministak deialdi bateratuak egin ditu. Zergatik Itaiak ez du bat egiten deialdi hauekin?
Matxismoaren aurkako ideia kaleetan zabaltzea eta horri aurre egingo dion proposamen politikoa indartzea dugu helburu. Matxismoari eta faxismoari aurre egingo dion erreferente iraultzaile bat sortzea, hain zuzen. Horretarako arku parlamentariotik kanpo kokatzen diren langile klaseko kolektiboen arteko lankidetza lehentasunezko lana da guretzat, langileon kontrolpeko estatu sozialistaren norabidean borroka egingo duena.
Feminismoaren baitako sektore batzuk instituzioei aldarrikapenak eta exijentziak egitera mugatzen dira, kale mailako mugimendua instituzionalizatuz. Hau da, instituzioetan ikusten du zapalkuntzarekin amaitzeko aukera. Eta horrek klase ertaineko emakumeentzako politikak sustatzen ditu, baina ez dio aterabide bat proposatzen emakume proletarizatuenaren gehiengoari: horren adibidea da, esaterako, Espainiako gobernuak onartu zuen etxeko langileen legea, zeinak eskubide horietatik kanpo uzten zituen gizarte segurantzan alta eman gabe zeuden langileak. Eta jakina da etxeko langileen gehiengoa paperik gabeko emakume etorkinak direla.
Argi dugu faxismoaren aurkako alternatiba ez dela ezker instituzionala. Horregatik, apustua egiten dugu militantzian oinarritutako mugimendu politikoa eraikitzeko, matxismoaren aurkako jarrera irmoa erakutsiko duena eta emakume langileok aktibo politiko bihurtzeko tresnak garatuko dituena.
- Bukatzeko, gogoratuko dituzu Nafarroan eginen dituzuen mobilizazioak?
- Iruñea 18.30 San Frantzisko plaza
- Gares 19.00 Mena Plaza
- Lizarra 20.00 Baja Navarra
- Lakuntza 12.00 Lakuntzako plazan