“Guk proposatzen duguna da bankuak, funts putreak eta etxejabe handiak desjabetzea, eta ez diru publikoarekin erreskatatzea”

Oihana Idoate Errea

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea

2026-ko azaroak 4

Azaroaren 11 hurbiltzen ari da, etxebizitzarako eskubidearen aldeko greba orokorra egiteko aukeratutako eguna. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Saretik babesa eman diozue deialdi honi. Lanuzteak arrakasta izateko baldintzak daudela uste duzue?

Zalantzarik gabe etxebizitzaren arazoa Euskal Herrian okerrera egin du azken urteotan. Okertze honek ere langile klasearen bizi baldintzen okertze orokortu batekin dator. Etxebizitzari dagokionez azken hamarkadan jauzi kualitatibo handia egon da etxebizitzaren merkantilizazioan. Etxebizitza kapitala metatzeko eta etekinak ateratzeko eremu errentagarrienetako bat bihurtu baita.

Gero eta gehiago dira alokairua eta hipoteka ordaintzeko gorriak ikusten ditugun langileok. Gero eta langile gehiago lan-baldintza onartezinetan lanean, alokairua ordaindu ahal izateko. Gero eta jende gehiago etxejabeen gehiegikeriak eta erasoak onartzen ezin direlako etxebizitza galtzeko arriskua dugu. Gero eta gehiago gara haien etxeak, auzoak eta herriak utzi behar ditugunak, prezioaren igoerari aurre egin ezin diogulako. Eta gero eta gehiago dira inolako alternatibarik gabe ematen diren etxegabetzeak.

Egun Euskal Herrian langileok gure soldaten erdia baino gehiago baliatzen dugu alokairua edo hipoteka ordaintzeko. Azken urteetan gure soldata nominalek gora egin badute ere, langile klasea gero eta pobreagoa da, eta horren gakoetako bat da etxebizitzaren prezio itogarriena. Etxebizitzaren aldeko borroka soldata berreskuratzeko borroka ekonomiko bezala ere ulertzen dugu, eta horregatik, soldata hobetzeko borrokak derrigorrez barne hartu behar du etxebizitza unibertsalaren aldeko aldarria. Horregatik da hain garrantzitsua azaroaren 11n dugun zita, patronalaren eta errentarien katea hausteko bidean.

Zentzu horretan azaroaren 11ean lantokiak usteko eta kaleak betetzeko baldintzak daudela uste dugu.

“Etxebizitzaren aldeko borroka soldata berreskuratzeko borroka ekonomiko bezala ere ulertzen dugu, eta horregatik, soldata hobetzeko borrokak derrigorrez barne hartu behar du etxebizitza unibertsalaren aldeko aldarria“

Mari Carmenen etxegabetzearen ondorengo mobilizazio sozialak ere bere eragina izan zuen Euskal Herriko kaleetan. Kasu honek kontzientziak piztu izan dituela uste duzue?

Kasu konkretu horren ondorioz Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Euskal Herriko etxebizitza sindikatuok aste horretan bertan egin genituen mobilizazioetan ikusi genuen kontzientziazio maila eta borrokarako baldintzak gero eta handiagoak direla.

Baldintza hauek etxebizitza sindikalgintzan borrokan daramagun sindikatuon lanari esker etorria da, tokian tokiko lanari esker borroka hau erdigunean jarri delako. Mari Carmenen kasua kasu paradigmatikoa bihurtu izan den arren egunerokotasunean etxebizitzaren auziak dakartzan arazo konkretu askori kolektiboki erantzuten daramagu urte luzez eta horrek ere kontzientziazio maila piztea ere ekarri dugu urte hauetan zehar. Horregatik, greba orokor honek ere etxebizitzaren borroka indartzeko palanka izan beharra dela uste dugu.

Horrekin batera, greba Euskal Herrira ekartzeko beharra ere ikusten dugu. Horregatik, deialdi eta eskaintza bateratu bat egitearen beharra ikusi dugu, hemengo alderdi eta instituzoak seinalatuz eta Euskal Herriko markoa bermatuz.

“Greba orokor honek ere etxebizitzaren borroka indartzeko palanka izan beharra dela uste dugu”

Etxegabetze bakoitzaren atzean drama pertsonal edo familiar bat dago… Baina puntu horretara iritsi baino lehen, oinaze eta min handia sortzen da. Zer bizi edo ezagutu duzue zuen ekintza sindikalean eta laguntza lanean? Zer behar dute pertsona horiek hain une zailetan?

Etxegabetzeak etxebizitzaren auzian ematen diren arazo gordinena dira. Baina argi daukagu ere, langile klasearen baitan ez digula denori berdin eragiten. Eta batzuei modu are gordinagoan eta basatiagoan eragiten die, adibidez emakume langileei, sexu-genero disidenteei eta pertsona migratu eta arrazializatuei. Beraz, eta honekin lotuta, argi daukagu etxebizitzaren aldeko borroka klase borroka dela, baina baita ere borroka feminista eta antirrazista.

Etxegabetze prozesu batek forma ezberdinetan eragiten dio etxegabetuak izan behar diren pertsonei. Beldur, ziurgabetasun eta minez beteriko prozesuak dira eta hortaz, beharrak ere askotarikoak dira. Etxebizitza sindikatuetatik ditugun baliabide guztiak jartzen ditugu mahaigainean: baliabide judizialak, egunerokotasunean presentzia eta gertutasuna adierazi, mobilizazio eta salaketa publikoa eskaini,…Baina, batez ere, ustez arazo indibidual hori kolektiboa dela eta borrokatzeko bermea dagoela ikusteak ematen digu tresnarik onena egoera zaila eta askotariko horiei aurre egiteko.

Hezkuntza arloan grebari begira STEILAS sindikatuarekin egin dugun programazioa norabide horretan doa, hain zuzen, etxebizitzaren auziak estrukturalak diren hainbat arazo ukitzen dituen heinean, gure bizitzaren esparru asko ere kolpatzen ditu eta hortaz, kontzientziazioa eta borroka beste eremuetara ere zabaldu beharra dugu.

“Batez ere, ustez arazo indibidual hori kolektiboa dela eta borrokatzeko bermea dagoela ikusteak ematen digu tresnarik onena egoera zaila eta askotariko horiei aurre egiteko”

Nafarroan ikusten ari gara putre-funtsen diru-goseak egoera zailean jartzen dituela ehunka pertsona. Zuok salatu berri duzue Fiteron dozenaka etxebizitza daudela arriskuan…

Etxebizitza negozioa izaten jarraitzen duen bitartean ez da inoiz eskubide bermatu bat izanen. Funts putreak horren adierazlea dira, baina espekulazioa jarri behar dugu jomugan, etxebizitzaren arazoaren kausa bezala. Putre funtsak bai, baina langileon kontura aberastu nahi duten horien negozioak ere seinalatu behar dira.

Hau esanda, Fiteron negoziazio prozesu batean gaude jabeekin, Grupo Añon eta Global Planetariarekin, etxebizitza horiek bizilagunen esku baldintza egokietan geratu daitezen eta etxegabetzeak behin betikoz eteteko. Nafarroako Gobernuarekin ere elkarrizketetan gaude, baina momentuz ez du erabaki sakonik hartu egoera honekin. Harituren Etxebizitza Sindikatutik bizilagunekin antolatzen eta borrokatzen jarraitzen dugu, baliabide juridiko, negoziazio kolektiboa eta mobilizazioak erdigunean jarriz. Aldi berean ere, eragile lokalekin elkarlanean borroka hau indartzeko apustua egiten dugu.

Baina hau ez da kasu isolatua, Nafarroan putre-funts askoren presentzia dago. Hala nola, urteetan daramagu borrokan Blackstone filiala den Testa putre-funtsaren kontra. Testak 500 familia baino gehiago etxegabetu nahi ditu Iruñerrian eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin eta auzo kalteturiko bizilagunekin batera azkenengo urtean borroka hau bideratzen ari gara.

“Etxebizitza negozioa izaten jarraitzen duen bitartean ez da inoiz eskubide bermatu bat izanen”

Posible al da etxebizitza horiek funts putreei desjabetzea? Zer eskatzen diezue agintari publikoei?

Askotan esaten da eskaintza falta dela etxebizitzaren auziaren erroa. Baina, etxebizitzak egon badaude, horietariko asko eta asko, hutsik eta esku gutxitan metatuta. Etxebizitzaren arazoa ez da eskaintza falta, bazik eta sarbiderako ezintasuna.

Baieztapen honek gainera arriskuak dakartza. Alde batetik, politikari eta enpresariek baieztapen hori erabiltzen dutelako eraikuntza ziklo berriak martxan jartzeko eta horiek justifikatzeko, oinarrizko arazoa konponduko ez badu ere. Gainera espekulatzaile eta konstruktoren poltsikoak betetzen jarraituko ditu. Bestetik, etxejabeei eta rentistei pizgarriak eta konpentsazioak emateko ere erabiltzen dute, hau egin ezean eskaintza gero eta txikiagoa izango dela argudiatuz.

Etxebizitzak hutsik mantentzea etekina handitzeko espekulazioa da. Arestian esan bezala, hau da gure ustez jomugan egon behar dena eta nahita nahiez arazoaren errora joateko hori bera da debekatu behar dena. Etxebizitza oinarrizko eskubide bermatu bat izan behar duelako, osasuna eta hezkuntza diren neurri berean.

Norabide horretan doazte Greba Orokor honetan erdigunean egongo diren erroko eraldaketak.

  • Espekulazioarekin amaitu behar da. Honek etxebizitzaren negozioarekin amaitzea esan nahi du. Hau da, batzuek etxebizitzak metatzea baimentzen duten baldintzen deuseztatzea edo abolizioa.
  • Espekulatzaileak espropiatzea. Ezinbestekoa da krisi hau orain arte gure miseriatik etekin atera duen horiek ordaintzea. Horretarako ezinbestekoa da jabetza espekulatiboarekin amaitzea.

Hortaz, eskatu eta proposatzen duguna da bankuak, funts putreak eta etxejabe handiak desjabetzea, eta ez diru publikoarekin erreskatatzea.

“Proposatzen duguna da bankuak, funts putreak eta etxejabe handiak desjabetzea, eta ez diru publikoarekin erreskatatzea”

Deialdia hauteskundeen bezperan egiten da. Zer eragin izatea espero duzue mobilizazio sozial horrek hauteskunde-kanpainan eta etorkizuneko politika publikoetan?

Lehenik eta behin, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Saretik greba orokor honek izaera ideologiko eta elektoralista duela eta deialdia hau Hego Euskal Herrira ekartzeko beharra dugula argi dugu. Honek hain zuzen, hemengo instituzioen eta alderdien seinalamendua egin beharra dugula eta Euskal Herrian etxebizitzaren aldeko borroka indartzeko erabili beharra dugula adierazten du. Halaber, kutsu elektoralista duen edozein dinamikaz aldendu beharra dugu eta greba orokorraren edukia parametro horietatik kanpo kokatu.

Instituzioek orain arte egin duten bakarra arazoa areagotzea da. Hartutako neurriak ez dira nahikoak izan, hori begi bistakoa da. Orain arteko erreformek izan duten norabidea da larritzat jotzen duguna. Izan ere , modu batean edo bestean, horien helburua negozioa bermatzea izan da, eta espekulatzaile eta errentisten etekinak bermatzea. Hau da, espekulatzaile eta errentisten isilpeko erreskatea izan da (diru publikoa haiei transferituta, maizterrei emandako dirulaguntzen bidez). Logika irauli behar dela uste dugu.

Hortaz, greba honek eragina izan dezan eta arazoaren errora joko duen Euskal Herriko etxebizitzaren aldeko mugimendu bat gorpuzteko aukera eman dezan, hiru eraldaketa beharrezkoak ikusten ditugu:

  • Espekulatzaileak desjabetzea.
  • Espekulazioa debekatzea.
  • Etxebizitza gizarte-premien arabera antolatzea da.

Izan ere, gaur egun, etxebizitza-politikek espekulatzaileen eta etxebizitzaren negozioaren interesei erantzuten diete. Eta eskatzen duguna da langileriaren beharrak erdigunean jarriko dituen etxebizitza-politika bat.

Eraldaketa hauek epe luzerako helburuak dira, etxebizitzaren arazoari irtenbidea emango diotenak. Baina kontziente gara helburu horiek lortzeko urratsak eman behar direla. Etxebizitzaren aldeko grebak eta borrokak, gainerako borroka ekonomikoetan gertatzen den bezala, tarteko helburuak behar ditu, bidea egin ahal izateko.

Horregatik, epe laburreko helburu gisa, bi dira greba honetan mahaigainean jarriko diren neurri zehatzak:

  • Etxegabetze guztien etetea.
  • Alokairuen prezioak jaistea.

Alokairuen prezioen benetazko jaitsiera exijitzen dugu. Ez gaur egun prezioen igoeren aurrean planteatzen diren mugak (zonalde tentsionatuetan adibidez), egun dauden prezioak jada onartezinak direlako. Prezio horiek jaitsi egin behar dira, espekulatzaileentzat inolako konpentsaziorik gabe. Hauek bi erreforma konkretu dira, neurri txikian bada ere langileen bizi-baldintzak hobetzeko erabilgarriak direnak.

Nola gauzatu daitezke? Gure ustez tresna juridikoak egon badaude (adibidez, EAE eta Nafarroako Etxebizitza Legeak); falta dena borondate politikoa da. Proposatzen ditugun erreforma horiek, orain arte egindakoak ez bezala, logika irauliko lukete: etxebizitzaren krisia eragin dutenek ordaintzea, eta ez langileok.

Hala eta guztiz ere, argi dugu etxebizitza sindikatuetan antolatuak gaudenok antolakuntza eta borroka direla etxebizitza eskubide unibertsala lortzeko berme bakarra. Hortaz, deia luzatzen dugu ere, azaroaren 11ko greba eta gero etxebizitza sindikatuetara batzea.

“Gaur egun, etxebizitza-politikek espekulatzaileen eta etxebizitzaren negozioaren interesei erantzuten diete. Eta eskatzen duguna da langileriaren beharrak erdigunean jarriko dituen etxebizitza-politika bat”

Azken deia herritarrei greba orokorrari begira?

Azaroaren 11n greba orokorra deitu dugu Hego Euskal Herrian, gehiengo sindikalarekin eta beste etxebizitza sindikatuekin batera. Uste dugu greba honek gure herrian aukera lehio bat zabaldu dezakeela eta inoiz baino arrazoi gehiago ditugula kalera ateratzeko. Batetik, egoera inoiz baino okerragoa da. Hori begi bistakoa da, eta ondo dakigu Etxebizitza Sindikatuetan egunerokotasunean lanean gaudenok. Eta gainera azken urtetan agerian geratu da inoizko gobernu progresistenak duen borondate eza gaiari heltzeko: 2023ko etxebizitza legea triunfalismoz ospatu zuten baina agerian gelditu dena bere mugak dira eta orain Diputazio iraunkorrean onartu diren dekretuak ere ez dute balio izan.

Greba orokorra langileok klase moduan dugun tresnarik garrantzitsuenetarikoa da. Guk argi daukagu aldaketak behetik etorriko direla eta antolakuntzari esker. Aldaketak ez dira helduko orain arte errentisten eta espekulatzaileen etekinak blindatzea helburu izan duten alderdien eskutik. Gure eskubideak daude jokoan, horregatik etxebizitza eskubidea unibertsala izan arte, antolatzea besterik ez dugu.

Garai zailak datoz, eta testuinguru honetan, uste dugu greba orokorrak etxebizitza sindikatuen eta, oro har, herri mugimendu eta klase antolakundeen gaitasuna handitzeko tresna izan behar duela. Greba Euskal Herriko etxebizitzaren aldeko borrokaren mugarri eta bertoko etxebizitza mugimendua gorpuzteko bidea izan behar du.

Beraz, orain da momentua grebara batzeko, lantokiak husteko eta kaleak betetzeko.

“Garai zailak datoz, eta testuinguru honetan, uste dugu greba orokorrak etxebizitza sindikatuen eta, oro har, herri mugimendu eta klase antolakundeen gaitasuna handitzeko tresna izan behar duela”

Gehiago