“Euskara prestigiatu, ezagutzan eragin, erabilera erosorako espazioak sortu, gorrotoa desaktibatu… Esparru desberdinetan eragingo duen estrategia integrala behar du euskarak”
Sorionekuak ekimenak biharko deialdia egin du Nafarroako hainbat herrietako zubietan euskararen aldeko aldarria zabaltzeko. Arratsaldean Iruñean deitutako mobilizazioa eta egitaraua, eguraldia dela eta, bertan behera utzi dute. Xabi Gartzia Sorionekuak ekimeneko kideari egin dio elkarrizketa Ahotsa.info-k.
2025-ko maiatzak 9

Larunbateko deialdia ate joka dago. ¿Nola aurreikusten duzue herritarren erantzuna, ze giro nabaritzen duzue euskaltzaleen artean?
Uste dugu Sorionekuak, euskaldun eta euskaltzaleen artean ilusioa piztu duen egitasmoa dela. Duela bi urte horrela izan zen eta aurten ere, oso harrera ona izan du Nafarroa osoko auzo eta herrietan. Eta giro hori larunbatean egongo diren deialdi guztietan nabari da: Nafarroako luze zabalean 20 deialdi baino gehiago egingo dira.
Larunbata goizean, euskararen alde Nafarroa osoko zubiak hartzeko egin duzue deia. ¿Zer lotu behar dute zubi horiek?
Ezberdinen arteko ulerkeran sakontzeko filosofia gisa erabili nahi izan dugu zubien sinboloa. Garai nahasi hauetan, aliantzen eta bide konpartituak eraikitzearen beharra jarrai nahi genuen erdigunean. Zubiak elkar ulerkerara, elkar ezagutzara… baina batez ere zubiak euskaratik eta euskarara. Uste dugulako euskara izango dela etorkizunera eramango gaituen zubia.
Kontziente gara zubiak eraikitzea ez dela egun batetik bestera egiten den zerbait, herritarren posizioa eta pentsaera aldatzeak bere denbora behar duela, baina ezinbestekoa iruditzen zaigu beste sektore batzuen posizioa mugiarazi eta euskarara erakartzeko. Dinamika honekin horretan ere eragin nahi dugu eta horretara goaz, euskararen aldeko bidea urratzera.
Arratsaldeko deialdian Iruñean euskaltzaleak “Ireki ateak Euskarari” lelopean batzeko asmoa zegoen, eta eguraldi kaxkarraren iragarpenagatik bertan behera utzi duzue…
Bihar arratsalderako ematen duten eguraldi kaxkarra ikusita, arratsaldeko egitaraua eta herri mobilizazioa bertan-behera uztera behartuak gaude. Ekaitzak ez zigun utziko behar bezainbeste egitarauaz, eta euskararendako, euskaraz eta euskaragatik sortu nahi genuen momentu goxoaz gozatzen. Eta Sorionekuak hori ere bada, poztasuna, zirrara, irribarrea. Dena den, 17:30etan, herri mobilizazioa gauzatu behar genuen orduan, sare sozial ahalik eta gehienetan, mobilizazioko azken irakurketa partekatzea eta zabaltzea eskatzen diogu jendeari. Goazen, kanpoan ekaitza egin bitartean, gure etxeko goxotasunetik euskara zabaldu, mundura erakutsi eta hemen gaudela aldarrikatzera.
“Ireki ateak Euskarari” dio zuen leloak. Gaur egun, ¿zeintzuk dira euskarak oraindik itxita dituen ate horiek?
Argi dago oraindik ere oztopo asko dituela euskarak aurrera egiteko: herrialdean oraindik ere dagoen euskararekiko gorrotoa, honek sortzen dituen uste faltsuak “inposatzen digute, hemen ez da sekula hitz egin, hori ez da nafarra….”, legeak eta euskararen kontrako eraso guztiak, bereziki azkenaldian ematen ari diren euskararen kontrako epaiak.
¿Zein da garatu behar den estrategia eta nola jokatu behar da euskarak merezi duen leku hori emateko?
Uste dugu euskarak aurrera egiteko eta merezi duen leku hori izateko, eremu eta espazio desberdinetatik eragin behar dugula. Bultzada herritar indartsu bat aktibatzea ezinbestekoa da, lege aldaketak bultzatuko dituena, baina ez hori bakarrik: euskara prestigiatu, ezagutzan eragin, erabilera erosorako espazioak sortu, gorrotoa desaktibatu…
Esparru desberdinetan eragingo duen estrategia integrala behar du euskarak.
¿Azken mezu bat Nafarroako herritarrei?
Dei egiten diegula larunbat honetan Nafarroako zubiak euskararen alde hartzeari, euskarari aterak irekitzera. Baina batez ere, euskararen aldeko olatu hori piztera animatzen ditugu, bakoitzak bere tokitik eta bere gaitasunetatik, egunero egunero, euskararen alde zubiak eraikitzera, denon lana beharrezkoa delako!
