Zizur Nagusiko Udalak atezainen lanpostu baterako euskara puntuatu beharko duela ebatzi Nafarroako Administrazio Auzitegiak
Administrazioan Euskaraz Taldeak jakitera eman duenez, herritar batek jarritako helegite bati esker, orain arteko ebazpenen ildoa aldatu du Nafarroako Administrazio Auzitegiak, eta gaztelania bakarrik eskatzen zuen lanpostu batetarako euskara merezimendu gisa baloratu behar dela ebatzi egin du.
2022-ko uztailak 19
2021eko apirilean, Zizurko Udalak deialdi bat egin zuen atezainen bi zerrenda egiteko: bata lanpostu elebidunetarako, eta bestea gaztelania bakarrik eskatzen zen lanpostuetarako.
Bigarren horretan ez zen merezimendu gisa baloratzen euskaraz jakitea, Euskararen Ordenantzaren kontra, zehazki hau aipatzen duela: “Deialdi guztietan, euskaraz jakin beharrik ez dagoenetan, merezimendua izanen da euskaraz jakitea”.
Herritar batek kexa jarri, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak ebazpena eman zuen 2022ko apirilaren 25ean, Euskara merezimendu gisa baloratu behar zela zehaztuz, eta, Euskararen Ordenantzari jarraikiz, lanpostuak jendearekin harremana duenez, euskararen balorazioa % 10a izan behar duela erabaki du.
“Aipatzekoa da Zizurko Udalak justifikatu nahi zuela euskara ez baloratzea oposizioaren sistema hautatu zuelako, eta ez oposizio-lehiaketarena (oposizioak azterketa hutsa dira, eta oposizio-lehiaketak, berriz, azterketa eta merezimenduak), baina Euskararen Ordenantzak ez du halako salbuespenik aipatzen”, esan du AETk.
Orain arteko ebazpenen ildoa aldatu du Nafarroako Administrazio Auzitegiak, eta pozik agertu da honengatik AET. “Behingoz arauek diotena aplikatu du. Aurretik, horrelako auzietan iritzietan oinarrituta eman baititu ebazpenak: balorazio gehiegizkoa, proportziorik gabea, jusifikatu gabea… Aldaketa honengatik pozten gara. Espero dezagun ildo zuzen hau mantentzea, ebazpenak iritzi pertsonaletan ez baitira oinarritu behar, indarrean dauden arauetan baizik.”