Zerrenda bakarra galarazi dute erregimenaren aldeko indarrek eta Izquierda-Ezkerrak
PSNren lege proposamenaren alde egin dute bart UPN, PPN eta Izquierda-Ezkerrak. Administrazio publikoaren sarbideaz mintzo da lege proposamena eta besteak beste, hezkuntzan zerrenda bakarra ezarri ez dezaten eskatu dute. Euskaldunak zigortzea ekarriko du lege horrek EH Bildu, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren esanetan.
2017-ko abenduak 22
Zerrenda bakarraren aukera gorpuzten ari zela ikusita, parlamentutik bidea moztea erabaki zuen alderdi sozialistak. Horretarako dekretu bidez arautu ohi dena legez blindatzeko proposamena aurkeztu zuen azaroaren 27an. Oposizioko taldeek ez dute lege bat onartzeko adina parlamentari, baina PSN, UPN eta PPren aldera lerratu da Izquierda- Ezkerra, eta proposamena tramiterako onartu zuen parlamentuak. Atzo, 22:30etan aurrera atera zuten parlamentuko osoko bilkuran.
Izquierda-Ezkerrak zer esan du proposamen hori babesteko eta Gobernua babesten duten gainerako hiru indarrengandik urruntzeko? Bada, ez dutela UPNren eredua berreskuratu nahi eta ez dutela euren argudioekin bat egiten. Bi azterketa egin nahi dituzte, egun ezberdinetan, hautagai guztien “aukera berdintasuna” bermatze aldera. Hori da aldaketaren gobernuak 2016. urtean ezarritako formula. Izquierda-Ezkerrako Maria de Simonek hitz horiekin justifikatu zuen PSNren legeari emandako babesa, baina, parlamentuan bozkatuko duten testuan, ordea, ez da halakorik aipatzen. Alegia, zerrenda bakarra galarazteko izanen da baina ez du blindatuko bi azterketa eginen direnik bi egun desberdinetan.
“Gaztelaniazko plaza euskaldun baten esku? Ez da bidezkoa”
PSNren lege proposamenak artikulu bakarra du, eta dio: “Hautapen prozedura ezberdinak baliatuko dira espezialitate ezberdinetarako, eta Nafarroako Foru Komunitateko hizkuntza ofizial bakoitzerako. Hautapen prozedura bakoitzean gutxienez ere epaimahai bat izendatuko da ezagutza arlo edo espezialitate eta hizkuntza bereki bakoitzeko”. “Ez da bidezkoa gaztelaniazko plaza bat euskaldun batek hartzea”, esan zuen atzo Carlos Jimeno alderdi sozialistako parlamentariak lege proposamena defendatzerakoan.
Hartara, bi azterketa eta beste horrenbeste zerrenda antolatzeko betebeharra ezartzen du legeak, baina ez dio ezer azterketak egun eta ordu ezberdinetan egiteaz. Hortaz, UPN agintera itzuliko balitz, ez luke oztoporik izanen, 1991n bezala, hautagai euskaldunei D eredukoak ez diren lanpostuetarako sarbidea ixteko.
Gobernuak eskuak libre izanen ditu lan deialdiak eta kontratazio zerrendak nahieran antolatzeko elebakar eta elebidunen arteko bereizketa mantentzen duen bitartean.