Zentsura Burlatako jaietako txupinazoan Navarra Suma-ren alkate berriaren eskutik

Burlatako herri mugimenduko taldeek salatu dutenez, gaurko Txupinazoan azken asteetan Udaletxearen eskutik izandako zentsura kasu ezberdinak salatzeko, suziria piztu behar zituztenak uko egin diote jaurkitzeari eta jai parte hartzaile batzuk aldarrikatu dituzte. Hitz batzuk bota behar zituztenean, megafonia isilarazi dute Udaletxetik, beste zentsura ariketa berri bat eginez.

2019-ko abuztuak 14

Polemikarekin hasi dira Burlatako jaiak. Navarra Sumaren eskuetan dagoen Udaletxe berriari zentsuran aritzea leporatu diote herriko elkarte eta talde kulturalek. Kultura eta Besten Patronatuan uztailaren 15ean egindako batzordean, Burlatako Herri Erakundeek proposatu zuten “Burlatako Feministak” taldeak eta “Aldabea” Peñak (bere 40. urteurrena ospatzen duena) txupinazoa botatzea.  Batzorde horretan kultur taldeek eta alderdi politiko batzuek alkaltesari eskatu zioten herri erakunde guztien jarduerak programa ofizialean mantentzeko, inongo ekintzarik kendu gabe, azken urteetan egin zen moduan, baina alkatesak ez zuen onartu eta ez dituzte gehitu jarduera guzti horiek.

Alkate berriak ordutegi aldaketak proposatu zituen, batez ere jai gunerako, berriro “gaixoa ni” sartzea programazioan, nahiz eta bi hilabete lehenago batzordeak kentzeko erabakia hartu jende gutxi joaten zelako, eta bere proposamen izarra: berriro txupinazoa balkoitik botatzea, askoz hotsandikoagoa eta udalak herriari jaiak eskaintzen zizkiola erakusteko .

Proposamen guzti hauek bakarrik Navarra Sumak babestu zituen. Gainerako talde guztiek, eztabaida sakon bat izan eta gero, kontra bozkatu zuten eta alkatesak emaitza onartuko zuela azaldu zuen.

Programa ofizialaren aurkezpenera joan zirenean, prentsako argazkietan txupinazoa bota behar zituzten emakumeak eskuetan herri programa eusten agertzen zirelako, Kultura Patronatuko Facebook orritik alkatesak euren argazkia kentzea agindu zuen.

Azkenik, alkatesak erabaki zuen txupinazoa balkoitik botatzea, eta ez plazako eszenatokitik gainontzeko taldeek eskatu zuten bezala, segurtasun neurriak argudiatuz.

“Errespetu-falta honen aurrean, gutxiespenarena, alkatetzaren aldebakarreko aginduarenak, Patronatuko Batzordearen erabakiak errespetatzen ez dutenak, alegia; herriaren erabakiarekin errespetuz eta nola ez, gure programa eta gure argazkia udal Facebook-en jaso duen zentsura salatzeko, suziria balkoitik ez botatzea erabaki dugu”, azaldu dute prentsa ohar batean Burlatako taldeek. Eta horrela adierazten saiatu dira ere Txupinazoan, baina hitz egin behar zutenean megafonia itzali dute.

“Burlatako herri mugimenduak izugarrizko lana egiten du herriari bizia emateko”

Nahiz eta Txupinazoa Udaletxetik ez bota, jaiei hasiera emateko arduradunak plazara jaitsi dira “herriko jendearekin egoteko” eta momentu berezi hau aprobetxatu nahi izan dute, herri erakundeei ahotsa emateko. “Kolektiboek izugarrizko lana egiten dute Burlata herri bizia izateko, herri aberatsa kultural mailan, baztertzen ez duen herria eta aniztasuna kontutan hartzen duen herria izateko. Baina batez ere, borroka feminista aldarrikatu nahi dugu. Gure borrokak emakume guztiei ahotsa ematen digu nahiz eta askotan, gehiegietan, gure ahotsa isiltzen diguten. Momentu hauetan ezin ditugu gure auzokideak Jeanella eta Blanca ahaztu, bortizkeria matxistak hilda. Gure borroka anitza eta zuzena da, pertsona guztiak maila berean jartzen gaituena”, adierazi dute.

Gehiago