“Zama doinuz arindu” zuten Etxarrin

Aitor Gorosabel, Tapia eta Leturia, Naroa Gaintza, Ruper Ordorika... eta beste hainbat musikarik eta taldek bi emanaldi arrakastatsu eman zituzten igandean Etxarri Aranatzen. Sarrerak agortu zituen Sarek zein Etxeratek antolatutako ekimena zen, Bilbo eta Baionako manifestazioen biharamunean burutua. "Zama doinuz arindu" leloa erabili zuten.

2016-ko urtarrilak 12

Dispertsioaren kontakizuna bideo eszena laburren bidez irudikatu zen; Hendaiatik Parisera trenez bisitara doanaren kontakizuna. Modu batean edo bestean ikus entzule guztiak sentitu ziren tren horren barruan (tren geltokietan zarata, kea, geltokiaren panelak, argiak…) eta hala jakinarazi zen hasiera hasieratik. “Jaun andreok, bidaia hastera doa. Bidai honek zortzi geldialdi izanen ditu: Ruper Ordorika, Naroa Gaintza, Tapia eta Leturia, Maider Ansa (Tximeleta), Oreka TX, Su Ta Gar, Vendetta eta Esne Beltza. Eskerrik asko tren hau eta bidai hau aukeratzeagatik”.

Lujuzko gonbidatuek, eszenatokia mimo handiz atondua egoteak eta ikuskizunaren “atzetik” ikusten zen antolakuntza paregabeak arratsalde ahaztezin bat utzi zuten igandean Etxarri Aranatzen. Baina batez ere sentimendu asko: elkartasuna, maitasuna… bertan egon ziren guztiek tren batean geundenaren sentsazioa izan zuten. “Martxan dagoen tren bat, preso eta iheslariak etxeratuko dituena; trenaren bagoiak jendez betetzen jarraitzea da orain erronka. Orain arteko bagoiek bakarrik ezin izan badute ere, bagoi berriak lotzea izan behar da guztion ahalegina”.

Hunkigarria, ahaztezina…Dispertsioaren zama arintzeko ariketa itzela igandekoa. Eta hainbat gauzen artean, maitasunez, gustoz, ilusioz egiten diren gauzek bere emaitza ona ematen dutela demostratzeko ekimena. 

Etxarriko Etxerat eta Sareren izenean “gure eskerrik beroena jaialdi hau posible egin duzuen guztioi”: Ruper, Naroa, Tapia eta Leturia, Maider, Oreka TX, Aitor eta Xabi Su Ta Gar, Vendetta, Esne Beltza, Anabel Arraiza eta esku bat bota zuten guztiei.

Gehiago