“Zama doinuz arindu IV” euskal presoen aldeko musika festibala urtarrilaren 13an ospatuko da

Juantxo Arakama (Glaukoma), Lil Martin (Selektah), Fermin Muguruza, Magu eta Arri (Deskontrol), Pantxoa Carrere, Koban, Akelarre, Huntza, Afu, Exprai marrazkilaria eta Itziar Ituño aktorea arituko dira Etxarri Aranatzeko “Zama doinuz arindu IV” jaialdian.

2018-ko azaroak 29

Laugarren urtez, datorren urtarrilaren 13an “Zama doinuz arindu IV” jaialdia Etxarri Aranazko Kultur Etxean ospatuko da, eta bi emanaldi izanen dira, ohikoa denez (arratsaldeko 17:00 eta 19:30). Etxarriko Sarek eta senide eta lagunek antolaturik, berriz ere Euskal Herriko abeslari ezagunek “urtetako gatazkak oraindik gainean dugun zama arintzeko aukera emanen digute”.

Helburua, euskal presoei apikatzen zaien salbuespenezko legedia salatu eta hortaz ematen diren hainbat eskubide urraketen “zama arintzea” izango da; eta aldi berean “urtetan luzatu den gatazkaren konponbidean urratsak ematearen aldeko mezua zabaltzea”.

Sarrerak 15 eurotan lortu daitezke aldez aurretik Etxarri Aranazko Udaletxeko kultura bulegoan (astelehenetik ostiralera 09:00-13:00), internetez  edo Etxarri Aranazko Xapatero eta Leku Ona tabernetan.

Gehiago