“Zama doinuz arindu” Elkartasun Jaialdia Etxarrin euskal preso eta iheslarien eskubideak defendatzeko
Oso ezagunak diren musikariek emanaldi akustiko eginen dute. Orain arte saldutako sarreren kopurua ikusita, bi emanaldi eginen dira.
2016-ko urtarrilak 2
Etxarriko Etxerat eta Sare Herritarra urtarrilaren 10ean Etxarriko Kultur Etxean burutuko den “Zama doinuz arindu” Elkartasun Jaialdiaren antolaketan buru belarri ari dira. Ruper Ordorika, Naroa Gaintza-22m2, Tapia eta Leturia, Maider Ansa-Tximeleta, Oreka Tx, Vendetta, Aitor Gorosabel-Xabi Bastida Su Ta Gar eta Esne Beltza taldeak eta musikariak izanen dira oholtzaren gainean. 18etan izanen da lehenengo emanaldia, eta sarrera guztiak saldu dituzte. Hori ikusita, bigarren emanaldi bat antolatu dute 20etatik aurrera.
Akustikoan arituko dira musikariak, eta emanaldiarekin batera ikusentzunezkoak botako dituzte sakabanaketaren errealitatea irudikatzeko eta salatzeko.
“Jaialdi honetatik ateratzen den etekina dispertsioak sorrarazten dituen gastuei aurre egiteko da”, jakinarazi dute.