Zaintzagatiko pentsioa jasoko duen pentsio sistema publiko propioa proposatu du LABek

Gaur Iruñean, proposamen hori Nafarroako zenbait eragile sozial eta politikori aurkeztu die, Amanda Verron politika publikoen azterketarako arduradunaren eta LABeko bozeramaile Imanol Karreraren eskutik.

2024-ko maiatzak 29

LAB sindikatuaren Haritik argitalpenaren ale berrian, pentsio sistema publiko eta propio baterako bere proposamena bildu du sindikatuak, hiru zutabe nagusi dituena: zaintzagatiko pentsioa, trantsizioa bideratzeko sistema osagarri publiko, unibertsal eta birbanatzailea eratzea eta Gizarte Segurantzaren arloko eskumen osoa keskuratzea.

Karrerak nabarmendu duenez, Nafarroa Garaian pentsiodunen %38,9k 1.134 euroko pentsioa (edo baxuagoa) jasotzen du. “Oraingo pentsio sistemak ez die oraingo pentsiodunei bizimodu duinik bermatzen”, ondorioztatu du Karrerak. “Eredua ahultzen ari da, eta pribatizatzen ‒batak bestea eragiten baitu‒, eta ezberdintasun sozialak sortzen ditu. Horregatik, nahitaezkoa da bertako pentsio sistema publikoa sortzea. Premiazkoa da. Baina baita egingarria ere, teknikoki eta legalki. Hartara, Maria Txibite lehendakariari eskatzen diogu ez dadila autokonplazentzian erori eta anbizioz joka dezala Nafarroako pentsiodun guztien bizitzak duintze aldera”.

LABeko eledunaren hitzetan, pentsio duina bermatzeko benetako alternatiba bakarra hemen lan egiten duenak lurraldean bete-betean kotizatzea eta aberastasuna sistema publiko indartsu eta sendo baten bidez banatzea da. “Eta hori soilik izanen da posible Nafarroan sistema propio baterantz aurrera egiten badugu”, gaineratu du.

Ildo horretan, LABen proposamenaren neurri nagusietako bat da zaintzagatiko konpentsazio pentsioa sortzea, nolabait alarguntasun pentsioa ordezkatuko lukeena, kotizatzeko eskubidea ukatua izan duten emakumeekin gizarteak duen zor patriarkala ordaintzeko. Bertze neurri bat litzateke Nafarroako langileen egoera sozioekonomikora egokitutako gutxieneko pentsio kopurua hemen zehaztu ahal izateko Gizarte Segurantzaren eskumenak eskuratzea, bertako oinarrizko legeria garatuz eta aurrekontu publikoen bidez finantzatuz. Eta hori guztia enpleguari lotutako sistema osagarri publiko, unibertsal eta birbanatzaile bat bultzatzeko, kapitalizazio eta espekulazio-irizpideetara lotua egonen ez dena eta egungo eredu osagarri pribatua ordezkatuko duena.

Pentsio sistema publiko eta propioa

Politika publikoen azterketarako arduradun Amanda Verronek esplikatu duenez, Haritik argitalpenean jasotako azterketa hori LAB sindikatuak Euskal Herrirako pentsio sistema publiko eta propioa eratzeko egindako ekarpena da. LABen Programa Sozioekonomikoan marraztutako norabidean kokatutako analisiak, hausnarketak eta proposamenak biltzen ditu txostenak.

Haritik txostenaren lehen zatian, Verronek aipatu duenez, lehen aldiz aurkeztu da pentsioen mapa nazionala, “gure lurraldean ezarritako bi pentsio sistemen izaera pribatizatzailea” azpimarratuz. Hego Euskal Herrian, 200.000 pentsiodunek baino gehiagok 1.080 eurotik beherako diru sarrerak dituztela nabarmendu du. Bada, horien artean, ia %70 emakumeak dira. Pentsiodun guztien artean, %10 soilik da pluripentsioduna. Hauetatik %80, ordea emakumeak dira, zaintza-lana ez aitortzearen ondorioz.

Bigarren kapitulua, berriz, zahartzarora iristean egungo pentsio eredu horiek langileengan duten eraginaren erradiografia da. Hego Euskal Herrian, generoagatiko soldata-arrakala %21 baino handiagoa den bitartean, pentsioetan genero-arrakala %38 baino handiagoa da. Horrek erran nahi du gizon pentsiodunek emakumeek baino 517 euro gehiago kobratzen dutela hilean, batez beste. “Indarrean dauden pentsio sistemek ez digute bizitza duin baterako bermerik eskaintzen. Erreformaz erreforma, pentsio-sistema publikoa ahulduz doa sistema pribatuaren mesedetan, langileen arteko desberdintasunak areagotuz, bereziki, genero-arrakala”.

Gehiago