Zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzeko aldarria aterako du LABek kalera Maiatzaren Lehenean

Maiatzaren Lehenerako LAB sindikatuak Nafarroan 8 mobilizazio egingo ditu, “Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza lanak, enplegua, ondasuna banatu” leloarekin. Mobilizazio horien inguruan, espazio ludikoak prestatuko ditu, errebindikazio-eguna ere jai-eguna bilaka dadin.

2022-ko apirilak 20

Maiatzaren Lehen honetan LABek enplegua eta zaintzak banatzeko politiketan eta aberastasuna birbanatzeko politiketan egingo du azpimarra. LABek banaketa hirukoitzaren alde egin du. Horretarako, lan guztiak aitortu, banatu eta duindu behar direla aldarrikatu du sindikatuak. “Aberastasuna birbanatzeko politiken alde egiten dugu: soldatak hobetuz, zerbitzu publikoak hobetuz eta erreforma fiskala garatuz”, esan du Imanol Karrerak LABeko idazkariak.

“Egoera jasanezina da sozialki eta ekologikoki. Kapitalismoak planeta ustiatzen du eta pertsonak esplotatzen ditu. Langile-klasea desjabetzen ari da, zaintza-lanak ez ditu aintzat hartzen, lan-harremanak prekarizatzen ari da eta zerbitzu publikoak desegiten. Horrela, laneko errentak kapitalaren errentetara pasatzen ari dira, eta, hala, prekarizazioa bizitzaren esparru guztietara hedatzen ari da, bizitza etengabe garestitzen, eta ondorioz, langileak pobretzen”, aipatu du Karrerak. Testuinguru horretan ulertzen dute Ukrainako gerra. “Gatazka horrek oligarkiaren interes geopolitikoei erantzuten die. Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka bizi dugu, zuzen-zuzenean”, iritzi dio.

Langile klasea urteak daramala krisian azpimarratzeaz gain, bizitzaren garestitzen da orain. “Egoerak egiturazko neurriak eskatzen ditu, ez eznahikoak diren partxeak, Estatuetako Gobernuak eta Gobernu autonomikoak egiten ari diren moduan”, kritikatu du Karrerak. Gastu publikoa handitzen ari da egoera horri aurre egiteko, baina LABetik politika birbanatzaile egoki bat eskatzen dute zerbitzu publikoak behar bezala garatzeko. Ildo horretan, “iraingarria”  jo du Karrerak Iberdrola eta Petronorren gisako energia enpresak aberasten jarraitzea “herritarren kontura”. Onargarria ez dela dio Karrerak, eta “oligopolio energetikoak duen xantaiarako botereari eta gaitasunari mugak jartzea” exijitu du. “Energiaren publifikazioa defendatzen dugu, haren gaineko kontrol politiko eta sozial handiagoa.”

Beste eredu ekonomiko eta sozial bat aldarrikatuko dute Maiatzaren Lehen honetan LAB sindikatutik. “Trantsizio ekologista eta feministari heldu behar diogu. Pandemian osasuna eta ekonomia zaintzeaz hitz egiten ziguten bezala, orain antzeko paralelismoa egiten da, pertsonak eta ekonomia babesteaz ari direnean. Benetan pertsonak babestu nahi badira, langile klasea eta herri-sektoreak zaindu nahi badira. Bada ordua pertsonen beharrak eta bizitza erdigunean jartzeko”, esan du Karrerak, eta kapitalismoari alternatiba batekin erantzutea afera globala dela gogoratu eta gero, “burujabetza” aldarrikatu du “Madrilen posible ez diren aldaketan Nafarroan gauzatu ahal izateko”.

8 deialdi Nafarroan

Maiatzaren Lehenerako 8 mobilizazio deitu ditu LABek Nafarroan:
Iruñea. 12:00etan, Gaztelu plazatik. Txoko Gorria espazio ludikoa izanen da ondoren Monton Tabernan (Jarauta kalea) eta Piparrika plazan.
Azkoien. 12.00etan, BMko aparkalekutik.
Lizarra. 12.30ean, geltokitik.
Tafalla. 13.00etan, Nafarroako Plazatik.
Tutera. 12.30ean, Queiles pasealekutik.
Doneztebe. 12.00etan, Avia gasolindegitik.
Altsasu. 12.30ean, Foruen plazatik.
Leitza. 12:00etan, Herriko plazatik.

Gehiago