Zaintza lanak aitortu eta berrantolatzeko borrokan mugarri berriak jarri nahi ditu LABek
Zaintzaren eremuan lan egiten duten hainbat emakume langile Altsasun bildu ziren atzo, “Bizitza posible egiten dugu, somos esenciales” lelopean, sindikatuak antolatutako topaketen harira. Hain zuzen ere, zaintzarekin lotutako sektoreetako borrokak, erabat feminizatutako sektoreetakoak, lehen lerrora eraman zituen sindikatuak eta, bildutako guztien artean, lan horiek funtsezkotasunaren neurriko aldarrikapen sorta adostu zuten.
2022-ko martxoak 14
Garbiñe Aranburu LAB sindikatuaren idazkari nagusiak hitzartzea egin zuen topaketetan, langileen funtsezkotasuna eta borroka grina aitortuz: “LABeko emakumeak protagonista garrantzitsuak zarete borroka sindikal eta sozialean. Ezinbestekoak zarete; funtsezkoak”.
Jardunaldiei amaiera emateko, sindikatuak konpromiso irmoak hartu zituen, adostutako aldarriei lotuta: publifikazioa, zaintza sistema publiko komunitarioa eta feminismoa lan harremanetan gauzatzeko aldarriak, besteak beste.
Angela Davis ekintzaile feministaren hitzak gogoratu zituzten jardunaldietan: “Justizia sozialaren aldeko borrokaren bizkarrezurra izan dira beti emakumeak”.
LAB sindikatuaren hitzetan, arlo honetan lan egiten dutenak “funtsezkoak dira, bai. Bizitzeko behar diren ezinbesteko gauza horiek egiten dituztelako. Ikusi nahi ez diren horiek, ordaintzen ez diren horiek. Etxean egiten ez direnean miseriazko soldata eta baldintzen truke egiten diztuzten horiek. Funtsezkoak, sistemarentzat?”.
“Zainduko dugu, heziko dugu, bizitzaz gozatzeko eta bizitza goxatzeko lan egingo dugu. Baina ez gaudelako zaintzari kateatuak bizitzeko prest. Gauzak aldatzeko, Euskal Herri aske eta feminista eraikitzeko, zaintza eskubidea aitortzeko, zaintzaren negozioa desegiteko borrokatzen dugu. Borrokak egiten gaitu funtsezko!”, adierazi zuten.
“Langileak gara, emakumeak, borrokalariak. Funtsezkoak izan gara justizia sozialaren borrokan. Eta funtsezkoak izango gara justiziazkoa den zaintza lanak berrantolatzeko borrokan. Hori gure konpromisoa. Hori eskatzen dugun konpromisoa!”, erantsi zuten.