“Zaila da ulertzea nola sentitu zaitezkeen etsaiez inguratuta zaudenean, eta inolako babesik ez duzunean”

Mikel Zabalza auzia eta torturaren inguruko 'Galdutako Objektuak' dokumentalean parte hartu dutenen adierazpen batzuk jaso ditugu gaur, egitasmoaren aurkezpenean.

2015-ko azaroak 12

Mikel Zabalzaren heriotza gogoratzearekin batera, torturari berari buruzko hausnarketa izan nahi du Objektu galduak izeneko dokumentalak. Hain zuzen, Zabalzaren familiak egun haietan jasotako erantzun mingarria jarri diote izenburu gisa dokumentalari. Zabalzaren amari erantzun hura eman zioten Intxaurrondoko kuartelean. Semea galdu bazuen, joateko galdutako objektuen bulegora. Erantzun horretatik abiatuko da ikus-entzunezkoa.

Zabalza auzia gertutik ezagutu duten adituak elkarrizketatu dituzte: Zabalzaren senideak, Iñigo Iruin abokatua, eta harekin batera atxilo hartu zituzten hainbat, Ion Arretxe – Intxaurrondoko kuartelari buruz idatzi du La sombra del Nogal liburua-, besteak beste. Horiekin batera, torturari buruz jardun dute, besteak beste, Paco Etxeberria forentsearekin eta Theo Van Boven nazioarteko kontalariarekin.

Lana aurrera eramateko, 15.000 euro bildu nahi dituzte datozen berrogei egunetan. Horri buruzko informazio guztia Verkami plataforman, proiektuaren webgunean eta www.mikelzabalza.eus atarian jarri dute irakurgai. Honela, 2016ko irailerako prest izango luketela aurreikusi dute.

Irutxuloko Hitzak dokumentalean parte hartu  duten pertsona batzuekin hitz egiteko aukera izan du gaur, Aieteko Bakearen Etxean egin duten aurkezpenean. Miguel Angel Llamas Pitu, Zabalzaren arrebak eta Iñigo Ganzarain errealizatzailea elkarrizketatu ditu.

Gehiago