Xorroxin Irratiak, 35 urte Baztan eta Malerrekako uhinetan

Oztopoz oztopo, irratiak aurrera jarraitzen du, eta egitasmo berriak jarri ditu martxan, Erran.eus agerkari digitala bezala, adibidez. Datorren larunbatean, irrati saio berezi batekin ospatuko dute urteurren hau, goizeko 11.00etatik aurrera.

2016-ko martxoak 16

1981eko martxoaren 19an Xorroxin Irratia uhin bidez emititzen hasi zen, Erratzuko eskola zaharretik. Larunbatean, 35 urte beteko ditu. “Herriak sorturiko irratiak herriaren sostenguari esker” jarraitzen duela ziurtatzen dute gaur egungo arduradunek.  35 urte hauetan, aunitz aldatu da jendartea, eta aunitz aldatu da irratigintza oro har, baita Xorroxin Irratia ere. Erratzun hasi zuen bere ibilbidea eta egoitza desberdinak ezagutu ondotik, Elizondon eta Lesakan finkatuta dituen estudioetatik hedatzen du bere seinalea.

Duela 35 urte, lagun batzuk hasi ziren irratiarekin eta geroztik urtez-urte aunitz garatu da irratia. Profesionalizazio prozesuaren ondotik, 10 langile izatera ailegatu zen bere garai hoberenean (ekonomiari dagokionean bederen). Gaur egun 7 langile ari dira soldatapean. Hauez gain, hamarnaka laguntzaile eta kolaboratzaile ditu.

35 urte hauetan Xorroxin Irratiak eskualdean entzuleendako erreferente izatea lortu du, eta 6.680 entzule ditu Xorroxin Irratiak.  

Baina arazoak ditu Xorroxin Irratiak, ekonomikoki ez dago bere onenean. Erakundeetatik jasotako dirulaguntzak eten edo nabarmen murriztu dira eta ondorioz, duela 4 urte langileek jasotzen zuten soldata berez murritza, %15 gehiago murriztu zen. Hau ez zen nahikoa izan irratiaren bideragarritasuna bermatzeko, hortaz, aurten 3. urtez jarraian Xorroxin Irratiko langileak enplegu erregulazio espedientepean daude.

Txanponaren beste aldea, herritarrak beti laguntzeko prest agertu direla. Zailtasun ekonomikoak gainditze aldera, iaz laguntzaile kanpaina bat abiatu zuen irratiak, astean euro bat baino guttiago izeneko kanpaina. Urtean 50 euro emateko prest agertu zen jende aunitz, nahiz eta oraindik gehiago behar dituen Xorroxin Irratiak eguneroko jarduna duintasunez garatzeko.

Gehiago