Valle de Roncal desgaitasun zentroan egiten ari den kudeaketa kaotikoa salatu du LABek

Sindikatuak salatu duenez, COVID-19aren pandemiaren kudeaketa ez da egokia izan, eta kudeaketa horrek Sarrigurengo Las Hayas zentroan eragina izan duela ere azpimarratu dute.

2020-ko ekainak 15

SAR Residencial (Domus VI) enpresak kudeatzen dituen pertsona desgaituentzako Nafarroako arreta-zentro batzuetan azken hilabeteotan pairatzen ari garen egoeraren harira, LAB sindikatutik adierazi nahi dizuegu nola ari garen bizitzen gertatzen ari den guztia eta zertan datzan gure jarrera.

Alarma egoera ezarri zenetik hamaika aldaketa eman dira pertsona desgaituak zaintzen ditugun zentroetan. Eguneko zentroak ixtera behartu bazituzten ere, ehunka pertsona bizi diren eta lan egiten dugun egoitzetan izan dugun aukera bakarra zetorkigunari aurre egitea izan da.

Kudeatzeko era hau, aitzitik, COVID-19aren pandemiaren lehen hilabeteetan ez da egokiena izan. Jakin badakigu ez dela erraza suertatu ezustean harrapatu gaituen eta horren bortizki jo gaituen egoerari aurre egitea, hala ere, oro har, material logistikoaz eta humanoaz egin den erabilera oso kezkagarria iruditzen zaigu. Dena den, azpimarratu behar da ñabardurak badaudela.

Esan liteke Sarrigurengo Las Hayas zentroan orain arte egokiro, proportzionalki eta koordinazioz aurre egin zaiola, eta enpresa horrek kudeatzen dituen gainerako zentroei dagokienez, ia eredugarria izan dela, nahiz eta, jakina, gauza asko hobetu litezkeen. Hasieratik iritzi nagusia taldea osatu behar zela izan da, eta gaur egun esan dezakegu Las Hayasen egoerak eskatzen duen mailan jardun garela. Hori guztia salbuespeneko neurriak ezarri izanari esker izan da, protokoloek ezartzen zutena gaindituz, eta jakina, langileen inplikazioari esker.

Aitzitik, Iruñeko Valle del Rancaleko zentroan kudeaketa oso bestelakoa izan da. Ez dute aintzat hartzen ordezkaritza, ez informatzeko ez eta egin diren proposamenak jasotzeko ere. Egoerari aurre egiteko zentro horren zuzendaritzak egin duen kudeaketa tamalgarria izan da, eta hortaz oso egoera larriak eragin ditu. Erabiltzaile eta langile asko kutsatu dira, eta 6 erabiltzaileen heriotzek atsekabetzen gaituzte. Zentro honen jokaeran eman diren gabeziak horren handiak dira, Nafarroako Gobernuak esku hartu behar izan duela. Lehenengo eta behin, behin-behineko lekualdatze batzuk egin zituzten, positiboak ziren erabiltzaileez garbitu nahi baitzuten zentroa, baina nahaste-borrastea horren handia zenez, azkenean erabaki dute, behin betikoz, hainbat lekualdaketak eginen zituztela, erabiltzaileenak nahiz langileenak.

Ohar honen bidez salatu nahi dugu, zuzen-zuzenean eragingo zizkiguten erabakietan, langileon eta erabiltzaileon iritzia eta kezka ezer gutxi hartu dela kontuan, nahiz eta egoerak eragindako zentroetan diharduten langileez, senideez eta enpresaz osatuko litzatekeen batzordea sor dadila eskatu badugu ere. Lekualdatzeak jakinarazi baino lehen giroa estua bazen ere, honek langileen ezinegona areagotu izana besterik ez digu ekarri. Argi dago Nafarroako Gobernuaren nahiz enpresaren ustez, gu azkenak garela!

Las Hayas eguneko zentroaren gunea (antzinako Monjardin), egun, isolatuak dauden erabiltzaileak daude, egun gutxi batzuetan tabikatu eta gaitu zuten Valle del Roncaleko 10 erabiltzaileak behin-betikoz hara lekualdatu zitezen. Horrela, jakin genuen eguneko zentroa baldintza egokirik betetzen ez duen San Pedro erretiratuen zentroan kokatuko dituztela aldi batez, San Jose Zentroko lanak amaituko dituzten arte; dirudienez huraxe izango da behin-betiko kokalekua.

Informazio hori Nafarroako Gobernuak eman zigun ofizialki, eta soilik Valle del Roncal eta Las Hayas zentroei. Zentro bateko informazioa ez zetorren bat bestekoarekin, eta, gainera, egunetik egunera aldatzen zen. Nafarroako Gobernuak argi eta garbi adierazi zigun lekualdatze horiek egiteko baldintzak enpresaren esku zeudela, eta horrek ezinegon ikaragarria eragin zigun, enpresaren funtzionamendua eta langileekiko betidanik izan duen begirune eskasa ezagututa.

Azpimarratu behar da dena trakets kudeatzen ari dela. Are gehiago, benetako arazoa konpontzeko balio izan ez badu, handitzeko baizik. Valle del Roncal zentroan egoera oso-oso larria da oraindik. Oraindik positiboak daude eta kasuak agertzen ari dira. Nola liteke, ia 3 hilabetetan, egoera kontrolatzeko gai ez izatea?

Las Hayasen eguneko zentroa baldintza ezin txarragoak dituen leku batean kokatuko da, eta bertan ezingo dira garatu zerbitzuaren jarduerak. Ezinbestekoa deritzegu prebentzio eta segurtasun-neurri sakonagoak ezartzeari eta protokoloak fintzeari. Badakite nola egin, horratx Las Hayasen adibidea.

Kudeaketa txarraren fakturak gogor zigortzen gaitu. Oraindik aldaketak egiten ari dira, eta horrek, lana erraztu baino, zailtzen digu. Ez dugu promesa gehiagorik nahi, gero ezerezean geratuko dira eta! Errealitate eta lanpostu duinak nahi ditugu duintasunez artatzeko eta hezteko.

LAB sindikatuaren ustez premiaz birformulatu behar da desgaituen sektorearen eredua, bai pertsonei arreta emateko, bai lan-baldintzei erantzuteko, bai kudeatzeko. Sistema integrala egin behar da, publikoa, unibertsala eta, batez ere, duina eta kalitatezkoa. Amai dezagun gizarte-zerbitzuen kudeaketa enpresa pribatuen esku uztearekin!

Gehiago