USCAL enpresaren kudeaketa txarra salatu dute langileek, eta enplegua bermatzeko neurriak eskatu dituzte
Lanpostuak mantentzearen aitzakipean, lan-baldintzak eta soldatak murriztu ditu enpresak, eta Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente batera eraman ditu langileak. Salatu dutenez, lanpostuen %60 baino gehiago suntsitu dira eta enpresak ez du kalte-ordainaren erantzukizuna bere gain hartu.
2020-ko ekainak 10
Joan den otsailaren 28an hartzekodunen konkurtsoan sartzea eskatu zuen enpresak, hainbat hilabetez ordainketetan irregulartasunak eta atzerapenak izan ostean. Uscaleko Enpresa Batzordean uste dugu bizi dugun egoera erabat jasanezina dela, eta hori salatzeko eta argitara ateratzeko unea iritsi da. 9 hilabete baino gehiago daramatzagu ziurgabetasun etengabean, gure soldata berandu kobratzen, eta kasu askotan kobratu gabe ere bai. Askotan eskatu dio Batzordeak enpresari egoera ekonomikoari buruzko informazioa, eta enpresak etengabe ukatu digu informazio hori, eta lasaitasun-mezuak helarazi dizkigu, gaur egun irentsi ezin diren mezuak.
Gure borondate on guztiak, gehi covid-19aren etorrerak, agonia luzatu eta areagotu besterik ez du egin denboran. Ez gatoz bat inola ere gure lanpostuekin egiten ari den merkantilismoarekin; alde batetik lanpostuak mantentzearen aitzakipean, lan-baldintzak izugarri murriztearen, soldata-jaitsieraren eta etorkizun zalantzagarriaren kontura, gure langabezia kontsumituz Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente batera eramanez, eta, bestetik, lanpostuen %60 baino gehiago suntsituz, kalte-ordainaren erantzukizuna bere gain hartu gabe, kalera bidaliz gutxienekoarekin eta diru publikoaz baliatuz.
Era berean, Nafarroako Gobernuak erakutsitako pasibotasuna salatu nahi dugu, arazoaren berri izan arren egoera honaino iristea ahalbideratu duelako.
Horregatik guztiagatik, enpresako zuzendaritzari eskatzen diogu berak eragindako egoeraren erantzukizuna onar dezala, bai eta Nafarroako Gobernuari ere prozesuan inplika dadila, Nafarroako industria-ehuna suntsitu ez dadin bermatzeko.