Urriaren 8an antolatu ditu EGHAMek “Mariburuari ekin bazterretan” jardunaldiak Iruñean

Jardunaldiaren helburu nagusia LGTBI+ pertsonen premiei buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko gune bat sortzea da, aldarrikapen programa komuna eraikitzeko eta bidaideak izateko. Goizez eta arratsaldez hainbat hitzaldi eta tailerrak izanen dira Iruñeko Kondestable Jauregian.

2022-ko irailak 27

Sarasate musikari ospetsua omentzen duen estatuaren ondoan egindako agerraldian aurkeztu zuen EGHAMek urriaren 8an Iruñean eginen dituen jardunaldiak. Eta Sarasate omentzea erabaki dute bere garaian modu publikoan homosexuala izatea edota arau sozialen transgresioa egitea ez zela batere erreza kontutan hartuz. “Gorazarre eta omendalia egin nahi diogu cisheteroaraua hausten ausardia erakutsi zuen gizon honi, sexu/genero-disidentzia erakutsi baitzuen”.

Gaur egun ere, ezarritako arauak haustea zer zaila eta arriskutsua den ez dute ahazten EGHAMekoek, eta horregatik jardunaldi hauetan arreta handia jarri dute elkarzaintzan eta antolatzeko beharrean.

“Asko eta askotarikoak dira LGTBI+ taldeak zein transbibollomarikak. Talde edo kolektibo abakoitzak abiapuntu eta berariazko aldarrikapenak ditu. Guztiok bat egiten dugu kontu batean: gure bizitzak mugatu, gure genero adierazpenak, gure izateko manerak, gure maitatzeko moduak eta larruak jotzeko joerak mugatzen dituzten arauak suntsitu nahi ditugu, bai eta cisheteropatriarkatuak ezartzen dituen arau murriztaile eta errepresiboak ere”, adierazi zuten.

“Beharrezkoa da elkarguneak sortzea eta, horrela, LGTBI+ agenda propioa sortzea. Era berean, ikusi da pertsonek eta kolektiboek hainbat eragile bil ditzaketen antolaketa-ereduak behar dituztela, eta, ondorioz, ekintza bateratuen antolaketa arindu eta erraztu ahal izango dela. Lan horretarako, beharrezkoa da esku hartzeko eremuak identifikatzea, ekintza-estrategiak diseinatzeko, LGTBI+ pertsonen gizarte-pertzepzioan eragin negatiboa duten estereotipoak eta aurreiritziak gainditu ahal izateko”. Era berean, beharrezkoa ikusten dute diskriminazioen gainean jardutea eta sentsibilizazioa lantzea,gizarte anitzagoak sortzeko.

“Alde batetik, funtsezkoa da LGTBI+ kolektiboen lana babestea, funtsezkoak baitira berdintasunean, askatasunean eta LGTBI+ pertsonen aniztasunarekiko errespetuan aurrera egiteko. Bestalde, herritarrekin lan egin behar da LGTBI+ pertsonen eskubideei buruzko informazioa eta sentsibilizazioa emanez”, zehaztu zuten.

Jardunaldiak urriaren 8an izanen dira, goizez eta arratsaldez Iruñeko Kondestable Jauregian. Goizeko sarrera librea da, baina arratsaldeko taillerretan parte hartzeko izena eman behar da. Jardunaldiaren helburu nagusia LGTBI+ pertsonen premiei buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko gune bat sortzea da, aldarrikapen programa komuna eraikitzeko eta bidaideak izateko.

Bestetik, Nafarroarako lan-sare baten aukera aztertzeko lanean ari diren LGTBI+ kolektiboen arteko loturak ezartzea bilatuko dute. Gainera, kolektiboetako pertsonekin aldarrikapen bateratuak adostu nahi dute, lehentasunen agenda bat ezarriz. LGTBIfobia eta horren ondoriozko erasoak prebenitzeko ekintza bateratuak garatzea dute helburu EHGAMekoek.

Jardunaldietan parte hartuko dute Tutera, Zizur, Gasteiz edo Bilbotik etorritako kolektiboak, eta guztien artean gai ezberdinak landuko dira hitzaldien bidez. Arratsaldean, hainbat tailerrak izanen dira, eta afari batekin amaituko da eguna.

Gehiago