Unibertsitate Publikoan euskararen egoera normalizatzeko plan berri bat garatuko duen errektoretzaordea eskatu du Euskara Taldeak
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskara Taldeak txosten bat egin du euskararen egoeraren inguruan. Ikertu dute NUPen ematen den euskararen eskaintza, ikasleen ezagutza maila, zeintzuk diren euskarazko ikasgaiak eta zenbat irakasle dauden kontratupean eta guzti horren inguruko hainbat ondorio atera dituzte.
2021-ko apirilak 30
Lehenik eta behin, ezinbertzekotzat jotzen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak euskara plan berri bat martxan jartzea. “Helburu zehatzak izanen dituena eta urteetan emandako euskararen bazterketarekin behingoz amaituko duena”, zehazten dute. Horrekin batera, beharrezkoa ikusten dute errektoradutzak jarrera aldaketa bat izatea “eta behingoagatik euskarari eta ikasle euskaldunoi merezi dugun trataera ematea, hau da, gure eskubideak bermatuko duen hizkuntza politika aurrera eramatea”. Proposamen bat ere helarazten diote NUPi: euskararen irakaskuntzan aurrerapausoak emanen dituen egitura administratibo berri bat sortzea, euskararen aldeko mugimenduak unibertsitate honetan dituen aldarriak kontuan hartuko dituena eta euskararen normalizaziorako pausu errealak emanen dituena. Horrek ekarri beharko luke errektoretzaorde bat izendatzea.
“Fakultate eta departamentuak jarrera aldaketa bat izan behar dute euskararekiko eta eskaintza handitu behar dute. Departamentu eta fakultate desberdinek aunitzetan oztopoak jartzen dituzte euskarazko eskaintza handitzerakoan, hori dela eta euskarazko eskaintzak ez du aurrera egiten”, salatu dute.
Ildo berean, unibertsitateko eremu desberdinetan (barne komunikazioa, zerbitzu desberdinak e.a.) ematen den hizkuntza eskubideen urraketarekin amaitu behar dela diote ikasleek. “Unibertsitateko komunitatearen beharrei zuzenduriko lanpostuetan euskarazko profila ezartzea ezinbestekoa da, bai eta itzulpengintza zerbitzua indartzea komunitateko kideei zuzenduriko mezuak elebidunak izan daitezen”, proposatzen dute.
Unibertsitateko kargu batzuek euskararekiko duten jarrera aldatzea eskatzen dute. “Balioan jarri behar dute gure hizkuntza, eta ezin dute ahaztu Nafarroako Unibertsitate Publikoko buru direla eta euskara bertako hizkuntza dela”, dio Euskara Taldeak.
Hau guztia lortzeko ikasleen antolakuntza eta unibertsitateko komunitate euskaldunaren laguntza eta babesa behar beharrezkoa dela uste dute. “Ezin dugu ahaztu ordea, gaur gu garela hizkuntza eskubide urraketa hau pairatzen dugunak, baino etorkizuneko belaunaldiek ere bizi dezaketela, beraz hori gerta ez dadin, nafar jendarteari eta euskalgintzako mugimenduari dagokio ere borroka honetan parte hartzea”.