Txibite lehendakariak Gamesako langileei hitz eman die bere esku dagoen guztia egingo duela lantegia ez ixteko
Nafarroako Gobernuko presidenteak Gamesa Agoitzeko langileen ordezkaritzarekin bildu zen atzo, eta deslokalizazioarekin ados ez egoteaz gain, enpresari emandako diru laguntzen baldintzak aztertzea eta plantaren itxiera saihesteko ahaleginak eginen dituztela iragarri zuen Lehendakariak. Gaur 20.00etan kontzentrazioa eginen dute Sarrigurengo Gamesaren bulegoen aurrean.
2020-ko uztailak 16
Siemens Gamesa Aogoitzeko Enpresa Batzordea Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentearekin eta Manu Ayerdi Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilariarekin bildu zen atzo, Agoizko lantegia ixtearen aurkako borrokan inplikatzea eskatzeko. Bileran, enpresa-batzordeak informazio-txosten bat eman zion presidenteari. Txosten horretan, konpainiaren deslokalizazio-politika zehazten da, eta Agoitzekoa ekoizpen-planta oso lehiakorra dela frogatzen duten argudioak ematen dira.
Lehendakariak, bere aldetik, batzordeari esan zion bat datorrela Siemens Gamesak prozedura honetan erakutsitako modu txarrei buruz egindako irakurketarekin, eta adierazi zuen Gobernuak plantan enplegua mantentzearen eta itxiera saihestearen aldeko apustu irmoa egiten duela, langileek emandako informazioen arabera.
Ildo horretan, Chivitek jakinarazi zuen datorren ostiralean bilera bat izango dutela dokumentazioa aztertzeko kontratatu duten aholkularitzarekin, eta asmoa enpresak emandako argudio guztiak eztabaidatzea eta egokitzat jotzen dituzten “apunteak” edo ekarpenak egitea dela.
Halaber, 2010 eta 2018 urteen artean jasotako diru-laguntza guztiak aztertzen ari direla azaldu zioten Batzordeari. Adierazi zutenez, horietako bik oso zenbateko garrantzitsuak dituzte, eta, beraz, laguntza horiek emateko baldintzak zehatz-mehatz aztertzen ari dira.
Batzordeko kideek gardentasuna eta elkarrizketa irekia eskatu zioten gerta litezkeen berrikuntza guztiei buruz. Ildo horretan, presidenteak aurreratu zuen aste honetan Alfonso Faubel Onshoreko CEOrekin izango direla harremanetan, eta datorren astean Teresa Ribera Energia, Ur, Ingurumen eta Klima Aldaketa ministroarekin eta Andreas Nauen Konpainiako kontseilari delegatuarekin bilduko direla. Sortzen diren informazio garrantzitsu guztien berri emango diote batzordeari, itxieraren aurkako borrokan elkarrekin aurre egiteko.
Azkenik, ordezkariek Presidenteari eskatu zioten itxiera saihesteko bide guztiak agor ditzala, eta honek erantzun zien “langileen eta zonaldearen aldetik, Nafarroako Gobernua amaieraraino sartuko dela lanean itxiera hori saihesteko”.
Mobilizazioak
Gaur elkarretaratze bat eginen dute langileek Sarrigurenen Gamesak dituen bulegoen aurrean, arratsaldeko 20.00etan. Bestetik, datorren astean Agoitzen hainbat ekimen eta mobilizazioak deitu dituzte.