Tuterako Udalak jarritako oztopoak direla eta, euskararen aldeko Deskontrol taldeko kontzertua bertan behera geratu da
Larunbatean Tuteran egingo den euskararen aldeko manifestazioan Deskontrol taldeak eskaini behar zuen kontzertuak ez du Tuterako Udalaren baimena jaso. Hordago ekimenak, eskuinak jarritako oztopoen gainetik euskararen aldeko eta zonifikazioaren aurkako manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du.
2022-ko urriak 20
Hordago! herri dinamikak antolatuta euskararen aldeko eta zonifikazio linguistikoaren aurkako manifestazioa eginen da Tuteran urriaren 22an, larunbatarekin. “Egin, eginen da. Oztopoak oztopo. Ez baitira gutxi izan Tuterako Udalak mobilizazio honi paratu dizkion trabak”, adierazi dute ohar baten bidez ekimen honetatik. Eta, horren ondorioz, adibidez, manifestazio bukaerarako Agerraldiak antolatuak zituen kontzertuak ezin izanen dira egin.
Cortesko adierazpenarekin abiatu zen Hordago!, 2021eko azaroan, euskarak Nafarroa Garaian pairatzen duen zonifikazioa gainditzearen aldeko jarrera bultzatzeko helburuarekin, Nafarroako zein tokitan bizi diren kontuan hartu gabe nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatuko duen giroa sustatzeko helburuarekin, euskara Nafarroa osoko hizkuntza dela aldarrikatzeko helburuarekin.
Cortesko adierazpenetik ia urtebetera eginen du Hordago!-k bere lehenbiziko mobilizazioa eremu “ez euskaldun” gisa izendatu duten horren hiririk handienean, Tuteran hain zuzen ere. Manifestazioa 17:30ean abiatuko da, Plaza Berritik, eta toki berean bukatuko.
Azken egunotan, ordea, nafar eskuinetik oztopo eta trabak besterik ez dira jartzen ari mobilizazio honi. Aste honetan bertan, Parlamenturaino eraman du gaia Navarra Sumako taldeak, mobilizazioaren helburuak kritikatuz. Eta Tuterako alkateak, Alejandro Toquero, “inposizioaz” hitz egin du manifestazioari aipamena eginez. Azken honek zuzentzen duen Udalak, gainera, manifestazioaren bukaeran Deskontrol taldeak eman behar zuen kontzertua egin ahal izateko beharrezkoak ziren baimenak ez ditu eman.